Ikurrinak balkoietan jartzeko eta kantuan egiteko deiak Aberri Egunerako

Imanol Beloki Unamuno 2021ko api. 2a, 09:00

Euskal Herria Batera herri dinamikak Euskal Herri burujabea aldarrikatuko du domekan, Aberri Egunean. Herriko plazetan elkartu eta ​Gernikako arbola, Txoria txori eta Ikusi mendizaleak abestera gonbidatu dituzte herritarrak; EH Bilduk bat egin du deialdi horrekin. EAJk, ostera, Bilbon, Euskaldunan, ospatuko du eguna eta ekitaldia sare sozialen bidez zabaldu. Batzuek zein besteek balkoietan ikurrinak jartzera deitu dituzte herritarrak.

Iazko Aberri Eguna, leiho eta balkoietatik ospatu behar izan zuten herritarrek, pandemiaren ondorioz. Hala ere, "arrakastatsua" izan zen Euskal Herria Batera herri egitasmoaren ustez, eta, horregatik berriro batera ospatzeko deia egin du. "Erabaki politikoak herritarrengandik ahalik eta gertuen hartzeko, gure bizitzen eta gure ongizatearen alde egiteko. Komunitate nazional gisa, zainduko gaituen herri bat izan nahi dugulako", adierazi dute antolatzaileek.

Apirilaren 4an, 12:30ean, ikus-entzunezko seinale bat igorriko dute irratietan, tokiko telebistetan eta sarean, eta seinale hori edozein tokitatik ikusi edo entzuteko deia egin du Euskal Herria Baterak. Aurten, baina, herriko plazetan elkartzeko deia ere egin nahi du. "Herrietako plazetan elkartzeko deia egiten dugu, bai seinalea batera entzuteko, bai herriko musikariekin kantaldiak antolatzeko, betiere COVID-19a dela eta ezarritako osasun irizpideak zorrotz betez", zehaztu du Oihana Maritorena Euskal Herria Baterako sustatzaileak. Eta hiru kantu kantatzea proposatu dute, horiek Euskal Herria "batzen" dutelakoan: Gernikako arbolaTxoria txori eta Ikusi mendizaleak. "Herritarrei Euskal Herriarekin batzen dituen edozein kanta proposatu eta plazetan kantatzeko deia egiten diegu. Guztiok batuko gaituen egitasmo bat egitea baita helburua", gaineratu zuen Aberri Egunaren aurkezpenean, Maritorenak.

Gainera, Aberri Egunean leiho eta balkoiak ikurrinaz eta Nafarroako banderarekin apaintzeko deia ere egin du Euskal Herria Baterak. 

Debagoieneko ekitaldiak herriz-herri

Euskal Herria Baterak egindako deiari helduta Debagoieneko hainbat herritan antolatu dituzte ekitaldiak. Hona hemen:

Bergara

Argazki herrikoia aterako dute San Martin plazan, 12:30ean, eta zazpi etxafuego bota: "Zazpi probintzia, bakoitzeko bat". Horrez gain, balkoietan ikurrinak jartzera ere deitu dituzte herritarrak. "Alderdiek beraien ekitaldiak egingo dituzte, baina herri guztietan ikur politikoez aparteko deialdia egotea derrigorrezkoa ikusten dugu. Batera gehiago izango garelako. Gure herriaren nortasuna erakusteko bergararrok, domekan, 12:30ean, pausua emango dugu", adierazi dute antolatzaileek.

Oñati

Oñatin hainbat eragilek babestu dute Euskal Herria Baterak egindako deia. Mundu zabalean komunitarismoa ari dela indartzen globalizazioaren arriskuei aurre egiteko adierazi dute: "Nahi genuke Euskal Herria izatea halako komunitate bat, erabakimena eta eskubide politiko guztiak dituena, osatzen dugun kideoi duintasuna eta bermeak eskaini ahal izateko". Bateratasuna areagotuko duen herrigintza behar duela Euskal Herriak gaineratu dute, etorkizuneko proiektu politikoen oinarria izango den komunitatea trinkotzeko.

Hala, herritarrak animatu dituzte Foruen plazan zein Urbiako zelaietan, 12:30ean, kantuan egitera.

Arrasate 

Arrasaten eragile ezberdinek egin dute bat deialdiarekin, eta ekitaldian parte hartzeko gonbidapena egin gura izan dute antolatzaileek: "Apirilaren 4an, 12:30ean, Euskal Herri osoko plazetan batzeko deialdia egiten dugu, baita Arrasateko Herriko Plazan ere. Herrigintzan batera jardunda garatuko baitugu euskal lurraldeen eta herritarren arteko lankidetza, gero eta indartsuago izango den komunitatearen eraginez lor dezan Euskal Herriak erabakimen osoa. Gora Euskal Herri burujabea!".

Eskoriatza

Leintz Gatzagatik hasita, kotxe karabana egin ondoren, 12:15ean, Fernando Eskoriatza plazan batzeko dei egin dute antolatzaileek, hala, 12:30etako zuzeneko konexioarekin, garaiz bat egiteko. Euskal Herriko txoko guztiak batera konektatzeko asmoa dago elkarrekin abesteko. Honakoa izango da egitaraua:

  • 11:00: Kotxe karabana Leintz Gatzagatik.
  • 12:15: Harrera eta plazan elkartzea.
  • 12:25: Ekitaldiaren hasiera.
  • 12:30: Zuzeneko konexioa; elkarrekin abestuko dituzte hiru abesti.
  • 12:45: Kontzertua: Irati Etxebarrieta.

Elgeta

Elgetan ere elkarretaratzea egingo dute herriko plazan 12:30ean. Momentu horretan aipatutako hiru kantak abestuko dituzte. Herritarrei ikurrak eramateko deialdia luzatu die Euskal Herria Batera ekimenak.

Antzuola

Antzuolarrek ordu berean izango dute hitzordua herriko plazan, kanturako eta ikurrak erakusteko parada egongo delarik.

EH Bilduren babesa

Hainbat eragilek babestu dute Euskal Herria Baterak egindako deia, besteak beste, EH Bilduk eta koalizioa osatzen duten alderdiek. "Iaz, etxealdi betean, leiho nahiz balkoietatik ospatu genuen Aberri Eguna, Euskal Herria Batera ekimenaren deialdiari jarraituz. Aurten, ekimen berak balkoietatik plazetara irteteko egindako deialdiarekin bat egiten dugu. Apirilaren 4an, nazio gisa agertuko gara munduaren aurrean. 12:30ean, Euskal Herri osoan, une berean eta bat eginik, Euskal Herriaren burujabetza eta askatasuna aldarrikatuko ditugu, osasun neurri guztiak zainduta. Izan ere, bere burua gobernatuz herritarrak zainduko dituen herria izan nahi dugu", nabarmendu dute EH Bildutik.

EAJk Euskalduna Jauregian ospatuko du

EAJk Bilbon, Euskalduna Jauregian, egingo duen ekitaldi politikoarekin ospatuko du aurtengo Aberri Eguna. Jeltzaleek apirilaren 4an egingo duen Ohiko Aberri Batzarraren baitan egingo da Aberri Eguneko ekitaldi politikoa, eta saioa 09:30ean hasiko dute Euskalduna Jauregian. "Aberri Eguna ospatzeko borondateak eta gaur egungo pandemia egoeran gaudela ospakizun hori segurtasun osoz eta era arduratsuan egiteko beharrak eragin du aurtengo ospakizuna Aberri Batzarraren barruan egitea erabakitzea. Aberri Batzar hau da EAJren organo gorena, eta bere batzarkideak dira alderdikide jeltzale guztien ordezkari legitimoak; beraz, alderdikide guztiak ordezkatuko ditugu apirilaren 4an egingo dugun ekitaldian", azpimarratu dute EAJko ordezkariek. 

Indarrean dauden osasun arauak tarteko, militanteek ezingo dute Euskaldunako ekitaldira joan baina hori zuzenean jarraitu ahal izango dute EAJren webgunean eta sare sozialetan. Era berean, balkoietan ikurrina jartzeko deia egin dute beste urte batez.

Deba Bailarako Kontseilu Sozialistaren ekitaldiak

Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak Klase gorrotoa antolatu leloa duen egitaraua gertatu du apirilaren 4an hasi eta maiatzaren 1a bitarterako. Aberri Eguneko ekitaldiak Oñatin egingo dituzte; lehenengo Santa Ana aretoan elkartuko dira 11:30ean eta gero, 13:00etan, elkarretaratzea egingo dute Foruen plazan, Euskal Estatu Sozialista Eraiki lelopean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak