Koparen jabe dira dagoeneko

Xabier Urtzelai 2021ko mar. 26a, 21:00

Ezkerrean Andoni Zubizarreta, koparekin (1984), Urtubi besarkatzen. Erdian, Luis Mari Lopez Rekarte (1987) Romaredan, Realarekin talde argazkian. Eskuman Oihana Adai (2019) aretxabaletarrek Realari egindako harreran.

Ibarrean hiru lagunek irabazi dute Espainiako Kopa. Andoni Zubizarretak eta Luis Mari Lopez Rekartek Athleticen eta Realaren 80ko hamarkada oparoa bizi izan zuten; Oihana Aldai emakumezkoen Realak emandako poztasunaren testigu izan da.

Andoni Zubizarretak (Aretxabaleta, 1961) eta Luis Mari Lopez Rekartek (Arrasate, 1962) gauza asko dituzte komunean. UDAko harrobikoak dira biak, eta batera joan ziren Alavesera, 1978 inguruan Aretxabaletako taldeak Alavesekin hitzarmena sinatu zuenean. "Gatzagako mendatean ibiltzen ginen aurrera eta atzera, entrenamenduetara joateko Andoniren aitak edo nireak egiten zituen txofer lanak, beste garai batzuk ziren haiek. Ez dakit egun hartan Andoni gurekin zetorren ala ez, baina gogoan dut aita eta biok Gatzagan gora gindoazela Guardia Zibilen kontrol batekin egin genuela topo. Ez dut gertatutakoa ondo gogoratzen, ez dakit konturatu gabe aurrera egin genuen ala zer, baina kontua da tiroak bota zituztela airera... Broma gutxi zegoen garai hartan", dio Lopez Rekartek.

Zubizarretak ere ez ditu ahaztu garai hartako kontuak: "Aretxabaleta moduko klub bateko bi jokalarik ibilbide polita egin genuen sasoi berean, ez dira halako adibide asko egongo. Alavesen elkarrekin egon ginen, eta ondoren ni Athleticera joan nintzen eta Luis Mari Realera. Eta, urte batzuk geroago, Bartzelonan egin genuen ostera ere topo".

Clementeren urte oparoak

Andoni Zubizarreta izan zen Errege Kopa irabazi zuen lehen debagoiendarra (1984). Talde zuri-gorrian jokalari historiko bilakatu zen Iribarren postua hartu zuen 80ko hamarkada hasieran. "Haren eskutik ikasi nuen nik zer zen Athleticeko atezain izatea; niretako ametsa zen Iribarren pausoak jarraitzea, haren ondoan ahal nuen guztia ikasten saiatzen nintzen". Urte oso onak izan ziren Athleticendako. Clemente aulkian zela, Zubi-k bi liga irabazi zituen jarraian –1983an eta 1984an–, eta, hain zuzen, azken denboraldi hartan zuri-gorriek Liga eta Kopa irabaztearekin batera Superkopa ere irabazi zuten.

Mutur-joka amaitu zutenekoa

Hain zuzen, Athleticeko zaleek 1984an Bartzelonaren kontrako final hartan berdegunean 90 minutuan gertatu zena baino gehiago, ondorengo minutuetan gertatu zena dute gogoan, Maradonarekin, Schusterrekin eta konpainiarekin mutur-joka ibili zirenekoa. "Nik daukadan oroitzapena da bi partidu ezberdin izango balira bezala. Lehenengoan berdegunean gertatu zena dut gogoan (1-0), lan handia egin behar izan genuen partidu hura irabazteko, Bartzelonak goi mailako jokalariak zituelako, eta edozein momentutan egin zezaketen gola [Endikaren golarekin irabazi zuen Athleticek]. Eta ondoren, partidu osteko gertaera tristeak daude. Eta egia esan, hor ere ez nintzen askotaz konturatu. Urte hauetan Bilbon eta Bartzelonan egon naiz, eta bi aldeetan gustura ezabatuko zituzten partidu osteko hamar minutu haiek. Baina ezin da, eta hor geratuko da, historiarako. Dena dela, hurrengo egunean Bilboko ospakizunetan inor ez zen akordatzen bezperan Bernabeun gertatutakoaz", dio Zubi-k.

Hain zuzen, partidu ondorengo erretratu zaharrak errepasatuz gero, atezain aretxabaletarra hainbat argazkitan azaltzen da eskua altxatuta, lurrean dagoen Miguel Sola taldekidearen ondoan laguntza eske [Maradonak eman zion Solari kolpea aurpegian]. "Medikuei deika ibili ginen eta gogoan dut aldagelara joan nintzela Migueli laguntzera. Eta aldageletatik irten nintzenerako, jada zalaparta guztia pasata zegoen, ez nintzen askotaz enteratu".

Anekdota izan zen hura, eta betirako geratu dena da 1984ko urte borobila. "Denboraldi hura sekulakoa izan zen; ondoren ere urte onak bizi izan ditut, baina... Urte berean titulu haiek irabaztea Athleticekin...".

Hiru urtera, Reala txapeldun!

Luis Mari Rekarteren txanda hiru urtera iritsi zen, Realarekin: 1987an, txuri-urdinek jendez lepo zegoen La Romaredan Atletico Madril taldeari penaltietan Kopa irabazi zioten. "Zelako beroa egiten zuen egun hartan!", dio arrasatearrak. "Final hartaz akordatzen naizenean burura etortzen zaidan lehenengo gauza da zenbat eltxo zeuden futbol zelaian, izugarria zen. Egia da partidua hastearekin batera halako kontuak alde batera uzten dituzula eta partiduan kontzentratzen zarela, baina oraindik detaile hori daukat buruan". Reala aurreratu zen markagailuan, Lopez Ufartek sartutako gol eder bati esker (1-0), eta, Da Silvak berdindu ondoren, Txiki Begiristainek sartu zuen 2-1ekoa. 74. minutuan, baina, Rubiok partidua berdindu zuen, eta Arrasatekoa ondo gogoratzen da –eta baita Atleticoko zale asko ere– 88. minutuan Atletico Madrilgo jokalari bat lurrera bota zuenean Ramos Marcos epaileak ez zuela penaltia adierazi. "Ez dakit, ba, penaltia izan zen... Esango nuke Julio Prietorekin izan zela jokaldi hura, eta, seguruenik, orduan VAR delakoa egon izan balitz, penaltia adieraziko zuketen. Baina betikoa da, alde batetik ikusten duzu jokaldi bat eta falta dirudi; ondoren, beste kamera batek erakusten dizu jokaldi bera eta inondik inora ez da falta. Intentsitatez moztutako jokaldia izan zen, baina penaltia izan zela esatea, akaso, larregitxo izango da".

Hala, penaltien txandara joan ziren. Eta hor, Arconada izan zen protagonista: "Partidu amaiera izugarria izan zen; dena izan zuen, emozioa, tentsioa... Eta Arconadaren geldituaren ondoren sekulako poztasuna. Dena izan zuen partidu hark, partidu koperoa izan zen ehuneko ehun. Uste dut Zaragozako taberna guztietako garagardoa agortu zela [Barre], baina esango nuke Zaragozara ez genuela ezer prestatuta eraman, ospakizunak momentukoak izan ziren. Geroago, Bartzelonarekin eta Deporrekin ere tituluak irabazi nituen, baina Realarekin irabazi nuen Kopa hura... Lagunarte batek irabazitako Kopa izan zen, etxeko taldean jokatzen genuen, eta ondoren, gipuzkoarrekin ospatu ahal izan genuen herriz herri, gauza oso ederra izan zen. Futbolean lortutako nire lehenengo garaikurra izan zen, eta oso kuttuna da niretako, oso oroitzapen onak ditut".

Andoni Zubizarreta, Luis Mari Rekarte eta Oihana Aldai.

Los Carmenes ere mugarri

Debagoieneko hurrengo Kopa txapeldunaren berri izateko urteak pasa behar izan dira, Realeko jokalari ohi Oihana Aldaik hartu zien aurreko biei erreleboa. Duela bi urte Granadako Los Carmenesen Realak 1-2 irabazi zion Atletico Madrili Erregina Kopako finalean. "Maiatzean beteko dira bi urte, ondo gogoan daukat", dio Aldaik. "Gogora etortzen zaidan lehenengo gauza da zelaira gerturatzen genbiltzala zaleek egin ziguten harrera. Jende mordoa batu zen harmailetan, eta zelan animatzen zuten! Eta partidua amaitu zenean aita besarkatu ahal izan nuen, une hura dut gogoan".

Zalerik gabeko finala

Apirilaren 3an hiru debagoiendarrek etxean jarraituko dute partidua, lasai; ez dago besterik egiteko aukerarik. "Gainera, hurrengo egunean etxean jokatuko dugu partidua, eta, bestela ere, ez nuke izango askorako aukerarik", dio Sporting Gijon taldean jokatzen dabilen Aldaik. Eta, hain zuzen, hiru protagonistek nabarmendu dute euren finaletan harmailetan zenbat jende egon zen. Bai Bernabeun Athleticen 1984ko final hartan, La Romaredan 1987an eta los Carmenesen 2019an. "Nik garbi daukat zalerik gabe futbola ez dela futbola. Romaredako harmailetan ez zen pertsona bat gehiago sartzen, ez dut inoiz ahaztuko hango giroa, hango berotasuna. Eta, zoritxarrez, apirilaren 3ko finalean jokalariek ez dute giro horretaz gozatuko; final arraroa izango da, zalantzarik gabe", dio Lopez Rekartek.

Zubizarreta ere iritzi berekoa da: "Euskal zaleak Sevillara joan ahal izango balira gauza handia izango litzateke, harreman ona duten bi afiziok elkarrekin gozatu ahal izango luketelako partiduaz, baina, zoritxarrez, orain ez da posible".

Athleticek bi aukera izango ditu

Talde zuri-gorriak 15 egunen buruan bi aukera izango ditu Errege Kopa irabazteko, Realaren kontrako finala 2020ko urtekoari dagokiona da eta; aurtengoa Bartzelonaren kontra jokatuko du. Zubizarretak garbi dauka zaleendako ze final den interesgarriena. "Realaren kontrako finalak dena dauka. Kopako finala da, baina, aldi berean, euskal derbia ere izango da. Nik uste dut Athleticeko zaleak Realaren kontrako final horri daudela begira, hasteko, lehenengoa delako, eta, bestalde, azken urteotan Bartzelonaren kontra ere Athleticek jokatu dituelako beste final batzuk". Hain zuzen, aretxabaletarra Athleticeko eta Bartzelonako jokalari izan da lehenengo, eta bi klubetako kirol zuzendari izan da gero, eta halako finaletan gauza bitxia gertatzen zaiola aitortu dio GOIENAri. "Lasai zaudenean arrazionaltasunarekin jokatzen duzu, baina partiduan sartuta zaudenean bitxia da burmuinak zelan funtzionatzen duen. Gogoan dut Athleticek eta Bartzelonak Mestallan jokatu zuten finalean (2009) Gaizka Toquerok egindako gola ospatu nuela, eta handik minutu batzuetara beste horrenbeste egin nuela Tourek 1-1ekoa egin zuenean".

Ikusteko dago Koparen jabe diren debagoiendarren kopurua hazi egingo ote den hilaren 3an. Gorosabel deseatzen dago.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak