23 kasu berri baieztatu dituzte Debagoienean azken orduetan

Uxue Igarza Loiola 2021ko mar. 25a, 12:37

Bederatzi positibo atzeman dituzte Arrasaten, zortzi Bergaran, bost Oñatin eta bat Aretxabaletan, eta intzidentzia-tasek gora egin dute herri horietan. Nolanahi ere, ez da kolore aldaketarik izan eskualdeko mapan.

Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.

Gora egin dute positiboek bailaran, eta horrekin batera gora egin dute intzidentzia-tasek Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran eta Oñatin ere. Halere, atzo erregistratutako datuen arabera, Debagoieneko herri guztietako tasak dira 500etik beherakoak; atzo Antzuolak lortu baitzuen intzidentzia metatua jaistea (458,93).

Beheko mapan daude herri guztietako datuak:

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

687 positibo, Hego Euskal Herrian

9.973 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Euskal Autonomia Erkidegoan, eta %5,3k eman zuen emaitza positiboa; 529 pertsonak, alegia. Nafarroan berriz, 3.184 proba egin zituzten eta %4,9k eman du positibo. Hego Euskal Herrriko lurraldeei erreparatuta, 239 kasu baieztatu ziren Bizkaian, 158 Nafarroan, 151 Gipuzkoan, 136 Araban eta hiru bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Eta EAEko lurraldeetako intzidentzia-tasei dagokienez, 304,66ko tasa du Arabak (laranja), 235,15ekoa Bizkaiak (horia) eta 220,97koa Gipuzkoak (horia). Hala, erkidegoa urruti dago Osasun Sailak markatutako 60ko tasa-metatuaren helburutik.

Bestetik, oinarrizko birsorkuntzak gora egin du: 1,12ko datua erregistratu zen atzo EAEn. Gogoratu behar da tasa horrek kutsatutako pertsona batek batez beste kutsa ditzakeen pertsonei egiten diela erreferentzia. Hortaz, atzo, COVID-19dun pertsona batek 1,12 pertsona kutsatu zituen batez beste; hots, pandemiak hedatzen jarraitu zuen.

Ospitaleetan, berriz, EAEn 47 lagun ingresatu zituzten atzo, eta guztira 324 daude ospitaleratuta. Zenbateko orokorrean ez dago aldaketarik, baina aurreko egunean baino bi lagun gehiago daude ZIUn eta bi gutxiago plantan. Zehazki 83 dira ZIUn daudenak. Bestalde, bailarara etorrita, hiru pertsona daude ingresatuta Debagoieneko ospitalean. Eta Nafarroan, hamar lagun ingresatu zituzten atzo eta 95 daude guztira; horietatik hemeretzi daude ZIUn.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak