Hamazazpi positibo bailaran; horietatik hamar, kolore laranja hartu duen Arrasaten

Uxue Igarza Loiola 2021ko mar. 24a, 12:46

Atzo egindako probek hamar kasu berri baieztatu dituzte Arrasaten, lau Oñatin eta hiru Bergaran. Eta asteko buletinean egindako aldaketak kontuan hartuta, 6.063 dira iazko martxotik hona Debagoienean gaitza hartu dutenak. Bestetik, azken zazpi egunetan ez da heriotzarik erregistratu eskualdean.

Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.

Osasun Sailak doikuntzak egin ditu datuetan, eta gaur argitaratu duen asteko buletinaren arabera, guztira 2.541 arrasatear, 1.317 bergarar, 924 oñatiar, 586 aretxabaletar, 297 eskoriatzar, 201 antzuolar, 138 aramaioar, 51 elgetar eta zortzi gatzagar kutsatu dira orain arte.

Arrasate, horitik laranjara

Atzemandako azken hamar kasuek Arrasateko intzidentzia-tasa metatua puztu dute, eta 300eko langa gainditu du (317,00); horrenbestez, gure horitik laranjara igaro da. Eremu laranjan dagoen beste bailarako udalerria Bergara da, eta mugatik gertu badago ere,  apur bat urrundu da 332,54ko tasa erregistratu ostean. Halaber, gora egin du intzidentziak Oñatin ere (139,52), nahiz eta eremu horian dagoen.

Bestetik, Eskoriatzan, Aretxabaletan eta Antzuolan behera egin dute zenbatekoek. Hurrengo mapan daude datu guztiak eguneratuta:

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Hemezortzi heriotza azken astean

Martxoaren 15etik 21era erregistratutako heriotzen datuak jakinarazi ditu gaur Osasun Sailak asteko buletin epidemiologikoan. Guztira hemezortzi lagun hil dira azken zazpi egunetan EAEn (aurreko astean baino hamaika gutxiago). Debagoienera etorrita, eskualdean ez da heriotzarik erregistratu azken astean.

Datuak aztertuta, guztira 5.089 pertsona hil dira COVID-19aren ondorioz Hego Euskal Herrian, eta horietatik 157 dira eskualdean zendutakoak. Herriz herriko datuak goiko mapan daude jasota.

681 positibo, Hego Euskal Herrian

14.905 proba egin ostean, 681 kasu berri baieztatu zituzten atzo Hego Euskal Herrian: 256 Bizkaian, 171 Nafarroan, 150 Gipuzkoan, 99 Araban eta bost bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Positibotasun-tasari dagokionez, %4,3koa izan zen EAEn eta %5,5ekoa Nafarroan. Eta oinarrizko birsorkuntza datua, aldiz, mantendu egin da EAEn: 1,06koa erregistratu zen, aurreko egunean bezala.

Ospitaleei erreparatuta, egoerak ez du hobera egin Euskal Autonomia Erkidegoan. 47 lagun ingresatu zituzten atzo eta guztira 324 pertsona daude ospitaleratuta EAEn (aurreko egunean baino hiru gehiago). ZIUei dagokienez, ez da aldaketarik izan azken orduetan: ingresatuta daudenak 81 izaten jarraitzen dute. Nafarroan, sei ingresatu zituzten eta guztira 91 pertsona daude ospitaleetan; horietatik hemezortzi, ZIUn.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak