Lau kasu baieztatu dira bailaran: hiru Arrasaten eta bat Oñatin

Uxue Igarza Loiola 2021ko mar. 23a, 12:40

Atzo egindako probek lau positibo berri hauteman dituzte Debagoienean, eta horrenbestez, datuei erreparatuta, dagoeneko 6.048 dira martxotik hona gaitza hartu duten herritarrak. Bestetik, intzidentziak berdintsu mantendu dira eskualdean, eta hala, ez da kolore aldaketarik izan mapan.

Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.

Intzidentzia-tasei erreparatuta, erregistratutako kutsatze kopuru txikiak eragin positiboa izan du bilakaeran. Tasak behera egin du Arrasaten (285,30) eta gainerako herrietan berdin matendu da.

Datu guztiak daude azpiko mapan:

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

553 positibo, Hego Euskal Herrian

11.878 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian eta horien %4,5ek eman zuen emaitza positiboa EAEn eta %5,2k Nafarroan. Beste modu batera esanda, 553 kasu berri baieztatu zituzten: 206 Bizkaian, 118 Nafarroan, 114 Gipuzkoan, 110 Araban eta bost bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.

Bestetik, EAEn, oinarrizko birsorkuntza –edo R0– datuak beste apur bat egin du gora: 1,06koa erregistratu zen atzo. Hala, beste egun batez pandemiak hedatzen jarraitu duela ondoriozta daiteke.

Ospitaleei dagokienez, EAEko ZIUetako presioa modu esanguratsuan arindu da azken orduetan: bederatzi lagun gutxiago daude. Halere, plantan ingresatutakoak herenegun baino hamabi gehiago dira, eta hortaz, guztira EAEn ospitaleratuta daudenen zenbatekoak gora egin du aurreko egunarekin alderatuta. Datuei dagokienez, atzo 48 ospitaleratze berri erregistratu ziren eta orotara 321 lagun daude ingresatuta; horietatik 81, ZIUn. Nafarroan berriz, bederatzi pertsona ingresatu zituzten eta guztira 92 daude erietxeetan; horietatik hamazazpi, ZIUn.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak