Otsoaren populazioaren kontrolaren aldeko mozioak aurkeztu dituzte Gipuzkoako udalerri guztietan

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mar. 22a, 13:00

Gipuzkoako zenbait nekazarik ekitaldi ostean ateratako talde argazkia.

ENBA eta EHNE sindikatuek, elkarrekin, Gipuzkoako udaletxe guztietan Mendiko abeltzaintzaren eta otsoaren populazioaren kontrolaren aldeko mozioak aurkeztu dituzte. Horrekin batera, gaur, ekimenaren aurkezpen publikoa egin dute Donostian.

Gipuzkoako nekazal sindikatuek, EHNE eta ENBA, lurralde historikoko udaletxe guztietan aurkeztu dute Mendiko abelzaintzaren eta otsoaren populazioaren kontrolaren aldeko mozioa, otsoaren babesa gehitzeko izenean mendiko abelzaintzaren aurkako ekimenak ugaltzen ari direla ikusirik

"Otsoa ez dago arriskuan, tamalez, mendiko abeltzaintza bai"

Donostian egindako ekitaldian honako adierazpena egin gura izan dute EHNE eta ENBA sindikatuetako ordezkariek.

"2020ko martxoaren 13an argitaratutako Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua zen Iñaki Arriola sailburuak sinatutako arauaren bitartez otsoa Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoa aldatu eta otsoa (Canis lupus) "Interes Bereziko" espeziearen kategorian sartu zuen.

Geroztik, 2021eko otsailaren 4an Transitzio Ekologikoa eta Erronka Demografikorako ministeritzako Natura Ondarearen batzordeak, otsoa babes bereziko erregimenean dauden espezieen zerrendan sartzea erabaki zuen, otsoaren populazioaren %95a baino gehiago ordezkatzen duten elkargo autonomoen ordezkariek aurka bozkatu arren.

Erabakia behin betikoz hartuko balitz Euskadiko abelzaintza estentsiboarengan ondorioak larriak eta berehalakoak lirateke, otsoen populazioa areagotuko litzakeelako gure mugakide diren elkargo autonomoetan eta honenbestez, Euskadin otso populazioak sartu eta egonkortzeko arriskua areagotuko genuke, eta honek, ondorio larriak ditu, bai gure mendiko abeltzaintza estentsiborako bai ardi latxa bezalako arraza autoktonorako, babestu nahi diren mendiko larretokiak bezalako habitatak eta azkenik, gure gastronomia kulturararen zutabetariko bat den Idiazabal gaztarentzat.

Une honetan, azienda (ardiak, behiak, behorrak, pottokak,…) mendian kudeatzen dugun abeltzainok, kezkatuta eta beldurtuta gaude otsoaren zabalkundearen aurrean orain arte bizitu dugun maneju estentsiboaren amaiera suposa dezakeelako eta honenbestez, erabakiaren azken helburua hori ez bada ere, abelzaintza estentsiboarekin amaitu eta erabateko maneju intentsibora joan beharko dugulako.

Honen aurrean, hitz politaz haratago, Udaletxe guztien babesa lortu nahi dugu eta horretarako ezinbestekotzat jotzen dugu, alderdi politiko guztiak bat egitea, abeltzaintza estentsiboaren defentsan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak