Errutinak ahazteko aukerak Aste Santuan, kulturaren eta aisialdiaren eskutik

Hasier Larrea 2021ko mar. 21a, 10:13

Pelax taldeko gitarra-jolea, Gatzebike egitasmoko Ixidor Salaberri, Oñati-Arrikrutz kobako bisita gidatua eta Pepa eta Kutxo pailazoak

Apiril hasierako jaiegunei zuku berezia atera izan diete bailarako herriek; aurten EAEko bisitarien etorrera espero dutenez, egongo da ibarrean zer egin eta zer ikusi.

Urrutira joatea debekatuta dagoen garai hauetan, tokiko kultura eta aisialdi egitarau zabala eskainiko dute zenbait herrik. Jaiegunak heltzeko egun batzuk gelditzen diren arren, ibarreko herrietako kultura eta turismo sailek mahai gainean jarri dituzte kartak, herritarrei gero eta barneratuago daukaten ezohiko egoera samurtzeko asmoz. Aurtengo Aste Santuko menua iazkoa baino koloretsuago dator, eta normalean kanpora joateko aprobetxatu ohi duenak izango ditu, ziurrenik, bere etxetik gertu gauza berriak ezagutzeko aitzakiak eta aukerak.

Bergara, kulturaz lepo

Elkarlan sendoa egin dute azken hilabeteetan Bergarako Udalak eta Kultura Mahaiak, udaberriko loreak zelaian antzera, mota desberdinetako ekintzak antolatuko baitituzte Seminarixoan apirilaren 1etik 11ra arte. Orotara, hiru kontzertu, lau ikus-entzunezko, bi antzerki eta bi tailer egongo dira bertan, adin eta gustu denentzako gozagarri.

Dupla musika taldeak irekiko du Bergarako Aste Santuko kultura eskaintza, apirileko lehen egunean. Hurrengo egunean, Oñatin eta Arrasaten aurkeztu duten Atzerrian lurra garratz antzezlana taularatuko du Artedrama konpainiak. Apirilaren 3an, Pelax laukote donostiarrak rock doinuz bustiko ditu Seminarixora gerturatzen direnen zentzumenak. Zineari egingo diote tokia apirilaren 4an, Tess eta ni filma emitituko baitute, euskaraz. Hori ez da egun horretan proiektatuko den pelikula bakarra izango, jarraian egongo baita Euskal Herrian jazotako gertaera beltz bati buruzko Non dago Mikel dokumentala ikusteko aukera, eta baita hurrengo egunean ere.

Seminarixoak atseden hartuko du egun batez, pilak kargatu eta apirilaren 7an zineklubak ekarriko duen Berri Txarrak taldea ardatz duen Dardarak dokumentala emititzeko. Biharamunean, Panta Rhei izeneko haur antzerkiak hartuko du Seminarixoan ostatu. Apirilaren 9an, 11n eta 12an, ostera, Nomadland filma egongo da ikus-gai. Domeka horretan ez da pelikula bakarra ikusteko au-kera egongo, Raya y el último dragón animaziozko filma jarriko baitute Nomadland-en aurretik. Aretoan joko duen azken musika taldea Ibil Bedi izango da; apirileko bigarren zapatu arratsaldean etorriko dira musikariak nafarrak Bergarara.

Emanaldi horietara joan nahi duenak www.seminarixoa.eus atarian erosi beharko ditu aurrez sarrerak, eta fisikoki eskuratu nahi dituenak ostegunero izango du Seminarixoko txarteldegia zabalik, 18:00etatik 20:00etara. Aipatutako ekintzak, bi pelikularen proiekzioa izan ezik, arratsaldeko seietatik zazpiak bitartean hasiko dira.

SEMINARIXOAN IA EGUNERO EGONGO DA ZER IKUSI

Gaztetxoentzako tailerrak

Seminarixoko oholtzan beharrean, patioan egingo dituzte Bergarako Aste Santuko egitarau bereziaren baitako tailerrak, herriko taldeek dinamizatuta. Alde batetik, gaztetxoei zuzendutako dantza ikastaroa egingo dute apirilaren 7an, 11:00etatik aurrera. Camden Town dantza akademiako kideak arduratuko dira saioari erritmoa emateaz, eta bertan parte hartu nahi duenak www.bergara.eus atarian eman beharko du izena.

Apuntatzeko prozedura berbera erabili beharko dute eskulan tailerrean parte hartu nahi duten 6 eta 16 urte arteko neska-mutilek. Ekimen hori Izeder Eskulanak taldeko kideek gidatuko dute, apirilaren 9an, 11:00etatik aurrera.

Laboratoriumen, artelanak

Martxotik maiatzera arte egongo da aukera Laboratorium museoan 30 emakume ahaztezin izeneko galeria bisitatzeko, Aste Santuko egun guztietan barne. Elena Ciordia artistak eginiko 30 akuarelaz dago osatuta erakusketa; zientzialariak, musi-kariak, margolariak, bertsolariak, politikariak, idazleak, argazkilariak, irakasleak eta kirolariak azaltzen dira artelanetan. Emakume euskaldun esanguratsuen eta gertuko historiaren berri jakin nahi dutenentzat jarduera aparta da, beraz, museoko egitaraua.

Oñatiren aberastasuna

Bisitarientzat herri interesgarria da Oñati, daukan ondare historikoagatik, eta Aste Santuak data aproposak dira bertako harribitxiak jakitera emateko. 2019ko udaberri hasieran, esaterako, Debagoieneko herririk bisitatuena izan zen. Interesaren jakitun, herriko Turismo Bulegoak Oñatiko altxorrak bisita gidatuak antolatu ditu apiril hasierako jaiegunetarako, aurten hilaren 2an den Ostiral Santuan izan ezik. Herriko historiaren eta kulturaren berri ematen duten eraikinak, hala-nola Sancti Spiritus unibertsitatea eta Mikel Goiaingeruaren parrokia, ikusteko aukera egongo da, bi txandatan, 13:00etan bata eta 17:00etan bestea. Turismo Bulegoak ere zerbitzua emango du goizez eta arratsaldez, eta erreserbak egiteko bertaratzerik ez duenak 943 78 34 53 telefonora deitu edo turismoa@onati.eus helbidean egin dezake eskaera.

Txokolateixia, zabalik

Oñatin turisten bisita asko jasotzen dituen beste txoko bat Orbea Txokolategiaren egoitza zaharra da. Eraikina txokolatearen interpretazio gunea da orain, eta Oñatik txokolatearekin izan duen eta gaur egun ere mantentzen duen lotura estua azaltzen du. 50 minutu inguruko bisita gidatuan, XVIII. eta XX. mendeen arteko gozogintzara bidaiatuko dute kuriosoek, ontzi zaharrak, ehogailuak, metateak, kakaoa ehotzeko moldeak eta halako piezak ikusita . Produktuen promozioa nola egiten zuten ikasi nahi duenak ere izango du bere jakin-mina asetzeko aukera, kartel, iragarki, grabatu eta argazkiek emango baitiote txokolatearen zabalkundearen berri. Bestalde, bitxikeriak ere ezagutu ahalko dituzte bisitariek; txokolateak zineman eta kirolean utzitako aztarnak, adibidez.

OÑATIKO ONDARE ABERATSA EZAGUTZEA HAUTU APROPOSA DA

Erreserbak egiteko bi modu daude: telefono bidez, 605 76 35 95 zenbakira deituta, eta posta elektronikoz, txokolateixia@hotmail.com helbidera idatzita. Interpretazio-gunea 11:00etatik 13:00etara egongo da zabalik, eta bisita gidatuak 17:00etan hasita egin ahalko dira.

Arantzazun, aukera ugari

Inoiz ez da berandu basilikaren historia edota Oteiza eta Txillida artisten ekarpena zein izan den egiaztatzeko. Horien inguruko bisita gidatuak jaiegunetako edozein egunetarako erreserbatu ahalko dira, Man-komunitateko telefonora –943 79 64 63– edota infoturismo@debagoiena.eus postara zuzenduta. Gune espiritualean euskarazko informazioa jaso nahi duenak 10:30eko hitzordura joan beharko du eta gaztelerazko informazioa jaso nahi duenak, berriz, 12:30ekora.

Basilika ikusi ostean parketxera joatea turista ugariren planetan sar daitekeen ekintza izan liteke. Aizkorri-Aratz parke naturalaren interpretazio-zentroa ezagutzeaz gain, mendi irteerak antolatzeko zerbitzua ere eskaintzen dute bertan. Parketxea 10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik, eta aurrez gehiago jakin nahi izanez gero bi telefonotara dei egin dezake bisitariak: 943 78 28 94ra edo 699 33 51 83. Posta elektronikoz ere jarri daiteke harremanetan, arantzazu@gipuzkoanatura.eus helbidearen bitartez.

Seigarren kontinentea

Horrela deitzen diote Oñati-Arrikrutz koban zehar egiten den bidaiari. Gipuzkoako kobazulo sistema zabalenetako bat da, Euskal Herriko paisaia karstikoaren erakusleiho paregabea eta ikerkuntza espeleologiko eta paleontologikoetan aitzindarietako bat. Bisitariak hiru ibilbideren artean egin dezake bere hautaketa: Galeria53, Espeleo-TxikietaEspeleoArrikrutz izenekoen artean, zehazki. Bertan, errinozero iletsuaren, leize hienaren, orein erraldoiaren, leize hartzaren eta leize lehoiaren aztarnak eta hezurdurak daude ikusgai. Erreserba egiteko beharrezkoa da 943 08 20 00ra edo arrikrutz@onati.eus-era jotzea.

Pottokak eta artzaintza

Naturarekin harremanetan jarraituz, Pottokaleku eta Gomiz-tegi baserria toki aproposak dira euskal ohiturak barneratzeko. Lehenengoan euskal pottoka behatzeko bisitak egiten dira eta bigarrenean artzaintzaren historiaren berri jakin eta esnekiak dastatu daitezke. Bietara joateko, aurrez erreserbak egitea komeni da: Pottokalekurako 670 27 44 61 telefonoa eta jelorzarza@hotmail.com helbidea daude eskuragai eta Gomiztegirako, info@gomiztegi.com, 943 25 10 08 eta 688 68 97 25.

Gatzagan, gatza eta piperra

Herrien arteko mugen irekierak mesede handia egin dio Gatzagako turismoaren sektoreari, azken bi asteburuetan igarri egin baitute turista kopuruen gorakada esanguratsua. Kanpotarren kuriositatea pizten dute, bereziki, Gatz Museoak, Dorletako santutegiak eta herriaren barrualdeak. Ondare historiko horien nondik norakoez jabetzeko aukera eskaintzen dute bisita gidatuek, leintzgatzaga.eus webgunean sartuta.

Horrez gain, Labidea dendako arduradunek Gatzebike egitasmoa daukate martxan: bizikleta elektrikoan herriaren inguruko ibilbideetan zehar pedalkada arinak emateko aukera. Izan ere, Leintz Gatzaga bidexkaz betetako paraje ederrean dago kokatuta, eta Gatzebike zerbitzuak ibilbide horietan murgiltzeko eskaintza malgua dauka: bi orduz, egun erdiz, egun osoz edota bi egunez ibili daitezke naturazaleak eta kirolzaleak bi erruberako ibilgailu elektrikoaren gainean.

 

GATZAGAN BARRENA IBILTZEKO MODU UGARI EGONGO DIRA

Ibilbide bat aipatzekotan, bertako bizilagunek asko gomendatzen dute Deba ibaiaren sorlekura daraman Hiruerreketako itzuli zirkularra egitea. 13,5 kilometroko ibilbide gorabeheratsua lau ordu inguruan egin daiteke oinez; bizikletan, beraz, denbora gutxiagoan.

Antzuolako ermitak

Eraikin historiko ugari zutik mantentzen dira oraindik Antzuolan; erlijio kutsukoak, esaterako. Horren froga dira Santa Ageda, San Blas eta Antiguako ermitak, besteak beste. Lehenengoan XVI. mendeko ateburu eta leihoak kontserbatzen dira, eta barruan basurde buruak daude egurrez landuta. Bigarrena Olotz izeneko lur eremuan dago kokatuta, eta otsailaren 3an joaten dira herritarrak bertara opil bereziekin. Antiguakoan Andramari gotikoa dago.

Intxortako frontea

Elgetan bisitatzeko txoko ugari dauden arren, turista gehienen interesa pizten duen jarduera 36ko gerrako frontea ezagutzeko bisita gidatua izan liteke. Egitarauan, interpretazio-gunera bisita eta bost kilometroko oinezko ibilbide tematikoa barnebiltzen dira; Intxorta mendiaren magalean sortutako frontearen hainbat xehetasun jakinarazten dira. Elgetamemoria.com webguneak horri eta herriko altxor gehiagori buruzko informazioa dakar.

Tellerixa bidea Aramaion

Familia giroan paisaia eta baserri idilikoak ikusteko lau kilometroko txango polita da Tellerixa erreka albotik igarotzen dena. Gurdibide zaharrek Errotabarri, Arriola eta Arraga auzoak batzen dituzte Ibarrarekin. Ibilaldi horren izena teilak egiteko lantegi txikietatik dator. Txokoren bati azpimarra jartzearren, Arriolako Erdikoa eta Bengoa baserriak, herriguneko Santa Cruz Apaizaren plaza, Bizente Goikoetxea plaza eta Santa Ana baseliza aipa daitezke.

Eskoriatzako aukerak

Ibarraundi museoa eta Zubiateko labea irekita egongo dira Pazko astean. Eskoriatza bisitatzen duenak bertako historia ezagutu ahalko du bi eraikin hauetan barneratuz. Zubiateko labea harribitxitzat jotzen dute herrian, kultur intereseko ondasuntzat sailkatua du Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoan gorde den zeramika labe bakarra da. Eskolore izeneko ibilbideak, bestalde, elizateetan barrena eramaten ditu oinezkoak.

Meatzerrekan barrena

Udalatxeko magalean, Bizkaira bidean dago kokatuta Arrasateko ondare historiko handia gordetzen duen baserritarren auzune hori. San Balerio ermita eta parkea, Urzulo iturburua, San Kristobal ermitaren aztarnak eta Montzongo koba daude bertan, auzoa eta herrigunea batzen dituen oinezkoentzako bide erosoen alboetan. Bertatik pasatzen da herriari bira ematen dion bidea, eta, hain zuzen, Mondragontourism atarian agertzen da.

Aretxabaletako kultura eskaintza

Aretxabaletako Udalak kudeatzen duen Arkupe kultur etxean hiru ekitaldi izango dira apiril hasierarako. Hilaren 7tik 30era arte irekiko du goizez eta arratsaldez bere pinturen galeria Iraide Garitaonandia artista bizkaitarrak. Bestetik, etxeko txikienen algarak piztuko dituzte Pepa eta Kutxo pailazoek, apirilaren 8ko ikuskizunean. Azkenik, Rosa Martinez ipuin kontalari eta txotxongilo antzerkilariak Erreka Mari emanaldia egingo du, hilaren 9an.

Kanpokoaren inbidiarik ez

Baliteke aurtengo Aste Santuan nahi baino muga gehiago izatea mugikortasunaren aldetik, bai-na bistakoa da bailaran gelditzen denak aspertzeko aitzakiarik ez duela izango. Betiko parajeak hor egoteaz gainera, eskaintza kultural aberatsa antolatu du-te-eta tokiko eragileek, beste behin ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak