Julen Zaitegi: "Gola ez da ezinbesteko partidu borobila egiteko"

Xabier Urtzelai 2021ko mar. 18a, 18:00

Julen Zaitegik (Arrasate, 1985) pasioz bizi du futbola. Bestela, ezin da ulertu eskuin belauna birritan apurtu ondoren –lotailu gurutzatua birritan eta meniskoa behin– futbolean jokatzen jarraitzea. Dagoeneko kategoriako beterano bilakatu da, eta beste patxada batekin bizi du dena, baita herrikideei, arrasatearrei, lau gol sartuta derbia irabazi izana ere (5-0). Aste normala egin du, nahiz eta zorion mezuez eta adar-jotzez betetakoa izan den. 

Ez dut gogoan Ohorezko Erregionalean, Debagoieneko derbi batean, jokalari batek lau gol sartu izana...

Ez, nik ere ez, egia esan.

Eta bosgarrena egiteko aukera izan zenuen, baina taldekide bati, Martin Azurmendiri, eman zenion penaltia jaurtitzeko aukera. Bost egitea zenbateko borobila izango zatekeen...

Bai, hori ere esan didate, aukera ederra galdu nuela bost gol sartzeko. Beno, ez nion aparteko garrantzirik eman; kontua ez da nik zenbat gol sartzen ditudan, baizik eta taldeak zer egiten duen. Sartu nituen lau golak ere taldekideei esker izan ziren, ondo defendatu genuelako, jokaldia ondo hasi genuelako, erdiraketa on bat egin zutelako... Denon meritua izan zen.

Aitor ezazu: eskuzabaltasuna izan zen ala Mondrari bosgarrena sartzeak bertigo apur bat eman zizun?

[Barre] Ez pentsa, lau sartzeak ere nahiko bertigo ematen du.

Lastima Ibarrako harmailak hutsik egotea, zuzendaritzetako ordezkariak baino ez zeuden han. Jendearen berotasunarekin derbiek beste kolore bat dute.

Bai, ez dago zalantzarik, giro oso polita egoten da derbietan. Baina, auskalo... Akaso, jendea egon izan balitz harmailetan, ez nituen lau gol sartuko.

Denboraldi amaieran futbola uzteko tentaldia bazenuen... kolpean uxatuko zenuen ideia, ala?

Ez diot biharkoari horrenbeste erreparatzen. Ez dakit datorren denboraldian zer egingo dudan, oraingoaz gozatzen ahalegintzen naiz. Azken urteotan urtez urte hartzen ditut halako erabakiak; ikusiko dugu...

Eta non dago sekretua? Izan ere, aurten 36 urte egin behar dituzu, eta, azken partiduak ikusita, bigarren gaztaroan zaudela dirudi.

Ondo sentitzen naiz, egia esan. Azken boladan egia da gehiago zaintzen nabilela. Etxean nutrizionista daukat eta horrek elikadurari dagokionez beti laguntzen du [Barre]. Nahiz eta ez naizen gauzak muturrera eramaten dituen horietakoa. Baina egia da iazko udaberriko itxialdian etxean ariketak egiten hasi nintzela, luzapenak... Eta ohitura horri eutsi egin diot, lehen baino gehiago zaintzen naiz, eta igartzen nabil aldea. Lastima lehenago hasi ez izana [Barre].

Ohitura on horiek gaztetan izan bazenitu, akaso, goragoko kategorietan erreferentziazko aurrelari bat izango genuke...

Ez dakit gehiago zaindu izan banintz ze ibilbide egingo nukeen futbolean, baina bai, beti geratuko zait zalantza hori.

Jokatu duzun partidu gogoangarriena izan da?

Ez pentsa, ez nintzen sentsazio horrekin geratu. Hau da, aurrelari batendako golak garrantzitsuak dira, baina baditut gogoan beste partidu batzuk askoz hobeto ibili naizena, eta, akaso, ez dut golik sartu. Baina ni moduko aurrelari bati eskatzen zaion hori egin izanaren sentsazioa izan dut beste partidu batzuetan. Golik ez sartu arren, halako partiduek izugarri asetzen zaituzte. Gola ez da ezinbesteko partidu borobila egiteko.

Gogoan dut Unbera joan izana zu Eibarrekin jokatzen ikustera. Ordutik hona, denbora luzea pasa da. Ze ibilbide egin duzu futbolean?

Realean hasi nintzen futbolean, eta kadete mailara arte jokatu nuen. Ondoren, Mondrara etorri nintzen, eta gazte mailan Eibarrera joan nintzen. Eibarrekin izan nuen Hirugarren Mailan debuta egiteko aukera, bi urtez jokatu nuen han, eta ondoren etorri ziren Cultural de Durango, Leioa, Amurrio, Lagun Onak... Azpeitian sei hilabete baino ez nituen egin, eta Mondrara etorri nintzen orduan.

Garbi zenuen Mondrara etorri behar zenuela?

Bai; arrasatearra naiz, anaia ere Mondrako klubean zebilen... Garbi neukan han jokatu behar nuela. Ez nuen zalantzarik izan.

Eta UDAra joateko erabakia hartu zenuen 29 urterekin.

Bai; ez nekien zenbat urte geratzen zitzaizkidan futbolean, baina uste nuen nire ezaugarriengatik UDAn zoriontsuago izan behar nuela. Bizitzera ere Aretxabaletara etorri nintzen, eta erabaki zaila izan zen, baina ez naiz damutzen.

Azken urtean Arrasatera itzuli zara bizitzera; kontrako bidea egitea pasa zaizu burutik?

[Barre] Ez, ez... Egia esan, oso gustura nago Aretxabaletan eta urte hauetan oso ondo portatu dira nirekin.

Jokalari beterano zarenean enpatia gehiago izaten da entrenatzailearekin?

Zalantza barik; hori ere ikasi egiten da. Entrenatzailearekin, taldekideekin, epailearekin, kontrarioarekin... Konturatzen zara futbolera ez zatozela jendearekin haserretzera. Hogeita bi lagun gara taldean, eta ez bazaude hamaikakoan galdetu zeure buruari zergatik den, eta saiatu zaitez hori aldatzeko lan egiten.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak