Bultzada ekonomikoak batzeko kanpaina du martxan AEK-k

Xabi Gorostidi 2021ko mar. 18a, 12:43

AEK-ren Arrasateko egoitzako langileak, egoitza berria irekitzerakoan.

Bultza euskaltegiak, bultza euskara! izena du, eta Debagoieneko ekintza Arrasaten egingo dute. Korrika atzeratu zianak utzitako hutsunea estaltzea eta horren galera ekonomikoak arintzea ditu helburu kanpainak, baita euskaltegien rola aldarrikatzea ere. 

Pandemiarik ez balitz, datorren astean 22. Korrika Euskal Herriko bazterrak zeharkatzen ibiliko zen, baina, tamalez, 22. edizioa 2022. urtera atzeratzea erabaki zuen AEK-k. Korrikaren bitartez jasotzen du elkarteak bere jardunerako beharrezkoa duen finantzaketaren zati bat, eta aurtengoa atzeratu behar izanak kalte ekonomikoa eragin dio.

"Korrikaren 22. edizioa atzeratzea erabaki zaila izan zen guretzat. Korrikak gauza askotarako balio du: euskara kalera ateratzeko, gizarteak euskarekiko duen atxikimendua bistaratzeko eta euskaltegien aldeko aldarria egiteko... Baina horretaz guztiaz gain, gure jarduna finantzatzeko tresna ere bada, eta urtebete atzeratu izana igarri egingo dugu", adierazi du elkarteko koordinatzaile orokor Alizia Iribarrenek.

Hala, esan bezala, une ekonomiko delikatu hori arintzeko, diru bilketa kanpaina jarri dute martxan, Bultza euskaltegiak, bultza euskara! izenarekin. "Ez da Korrika ordezkatzera datorren ekitaldi bat, baizik eta Korrika atzeratzeak eragindako hutsunea estali nahi duen zerbait. Dirua batzeaz gain, euskaltegien garrantzia nabarmentzea gustatuko litzaiguke".

Debagoienean, Arrasaten

Hala, martxoaren 28rako, 65 udalerritan ekintzak antolatu dituzte; hain justu, 22. Korrika amaituko zen egunean. Debagoienari dagokionez, Arrasateko Herriko Plazan egingo dute, 12:00etan. AEKren mezua irakurri eta Euskal Herrian, Euskaraz kanta eta Bultza Euskaltegiak bertso-rapa abestuko dituzte, eta bertsoak eta grafitiak ere izango dira egitarauko osagai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak