Urtebete eta hiru olatu: pandemiaren aurka lehen lerrotik lan egiten

Xabi Gorostidi 2021ko mar. 20a, 10:21

Ospitaleko langileek egindako talde argazkia. (Argazkia: Imanol Soriano)

Ospitaleko langile guztiak ez dira medikuak, edo erizainak; arlo askotariko langileak daude bertan, eta denentzat izan da gogorra pandemiari erantzutea. Euren bizipenak eta iritziak jaso nahi izan ditu GOIENAk, COVID-19aren agerpenaren urteurrenean.

Pandemiak txalotzeko moduko pertsonak utzi baditu, zalantzarik gabe, horietako asko ospitaleetako ateen barrualdean lan egiten dutenak dira. Nork bere esparrutik ahalegin berezia egin du azken urte honetan zehar, eta zailtasunei aurre egiteko tresna eraginkorrena "taldean lan egiteko gaitasuna" dela aipatu dute denek.

Ospitaleko langile guztien arabera taldean lan egiteko gaitasuna izan da tresnarik eraginkorrena pandemiaren aurka

"Mundu mailako osasun erakundeetatik hasi eta anbulatorioetako lantaldeetara heldu arte, taldean lan egiteko gaitasuna izan da gakoa. Ezezaguna zen gaitz honi lotutako jakintza partekatuz eta aplikatuz joan gara, eta hori modu azkarrean eta eraginkorrean egitea ez da erreza", adierazi du Agustin Agirre zuzendari medikuak.

"Komunikabideak ikusten dituzunean, badirudi profesionalen artean gaixotasunari aurre egiteko iritzi asko daudela; baina ez da horrela. Oro har, osasun eta zientzia komunitatean adostasun maila handia izan da, erabatekoa, eta irizpideak bateratzeko ez da inongo arazorik izan".

Agur duinak eta esker mezuak

Debagoieneko Ospitalean hilzorian egon diren pazienteak ez dira bakarrik hil. "Uneoro eman diegu aukera euren senideak agurtzeko; muga batzuekin, baina beti izan dute aukera. Askok eskertu egin digute hori, beste leku batzuetan ez baita aukera hori egon. Bihotza uzkurtzeko moduko idatziak utzi dizkigute senide batzuek, gure lana eskertuz", adierazi du Miren Ezenarro erizainak. Hemendik aurrera euren lana gehiago baloratuko ote den galdetuta, zera dio: "Orain arte baloratu duenak, bai; orain arte egin ez duenak, ez".

Baliabideak eta hondakinak

Antolaketa arloan ere erronka handia eragin du pandemiak, eta, adibidez, uniformeak bizpahiru egun erabiltzetik egunero erabiltzera pasa dira. Protokoloen eraginez, hondakin kopurua une batzuetan hirukoiztera heldu dira: "2020ko otsailean 1.800 kilo hondakin izatetik, iazko apirilean 7.000 kilo izatera ere heldu ginen. Gaur egun 4.400 kilo inguru sortzen dira" azaldu du zerbitzu orokorretako arduradun Igone Erizek.

Protagonisten testigantzak

Julio Sandoval, etxez-etxeko medikua

"Gogorrena, gaixotasun berri bati aurre egitearen ezjakintasuna; jakintza partekatuz eta protokoloak adostuz, gainditu egin dugu. Protokoloak zorrotz bete ditugu, eta gure arloan ez da izan COVID-19 kasurik; etxeko pazienteek eskertu egin dituzte segurtasun neurriak".

Karmen Jimenez, harrera guneko langilea

"Gure kasuan, ahalegin handia egin dugu bisita presentzialak gutxitzen; soilik behar-beharrezko kasuetara mugatzeko. Era telematikoan lan egiteko ikasgai handia izan da. Baheketa uneak izan dira lan karga handiena ekarri digutenak, 24.000 zita inguru eman ditugu eta".

Miren Ezenarro, ospitalizazio guneko erizaina

"Lehen olatuan, martxo amaieran, egonkortu egin zen lan egiteko modua. Asko hitz egin da hirugarren olatuaz, baina, gure kasuan, bigarrena eta hirugarrena ez dira apenas bereizi. Gorabeherak izan ditugu, baina une lasaiak baliatu ditugu gerorako pilak kargatzeko".

Agustin Agirre, zuzendari medikua



"Gabon osteko olatuak sentsazio eskasa utzi zigun; batez ere, ez zirelako neurri egokiak hartu hori ez gertatzeko. Jakitun gara behar ekonomiko eta sozialak daudela Gabon sasoian, baina oreka ez zen ona izan eta neurriak ez ziren behar bezala bete".

Joserra Bardezi, aztarnaria

"Urriko agerraldia izan zen unerik gogorrena. Egunean 100 kasutik gora atzematen genituen, eta bizpahiru astez egon ginen astean ia 60 orduz lan egiten. Orokorrean, jendeak adeitsu hartu gaitu, baina askotan izan dugu gezurra esan diguten sentsazioa".

Ramon Sanchez, aztarnaria

"Bigarren olatua kolpean agertu zen eta luzeagoa izan zen; gainera, lehen olatuko nekea geneukan bizkar gainean. Tokatu izan zait dei bat egin eta entzutea: 'Ez ezazu nire izena esan!'. Ez da lan erraza, baina gure lanak fruituak eman ditu, eta ematen jarraituko du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak