Ohiko bizitzaren eguneroko erritmoa aztoratu egin du COVID-19ak, aisialdian eragin nabarmena izanda. Udaberri sasoiko opor egunetan iazkoan baino aukera zabalagoa izango den arren, Euskal Autonomia Erkidegoko mugetatik ezin izango dira irten debagoiendarrak. Eusko Jaurlaritzak martxoaren 5ean iragarri zuen mugikortasunaren muga norberaren udalerritik eta mugakideetatik autonomia erkidego osora zabalduko zuela, eta herritar askok "ezustean" hartu zuten berria. Ostatuak eta jatetxeak erreserbak jasotzen hasi ziren orduan; zenbait kasuan, beteta dute dagoeneko datozen asteetarako eskaintza guztia.
Debagoiena, turisten gustukoa
Uda sasoia eta Aste Santuko egunak "denboraldi ona" izaten dira bailarako turismoaren alorrean. Herrika aztertuta, Oñatik hartu ohi ditu turista gehien bailaran, eta bertan izaten da okupazio maila altuena: "Batez ere, bertakoak izaten dira, eguneko txangoak egiteko. Kataluniatik eta Madril ingurutik ere etorri ohi dira. Turista gehienak familian edota bikotearekin etortzen dira eta horietatik asko lo egitera geratzen dira. Autokarabanen guneak ere arrakasta izaten du".
Mugatuta izan arren, aurten ere hala izatea espero dute bai-larako ostatuetako eta jatetxeetako arduradunek. Debagoieneko turismoak bizi duen egoeraren erradiografia egiteko asmoz, bizi duten egoeraren berri eman dute Oñatiko Soraluze hoteleko Xegun Altolagirrek, Bergarako Izal landetxeko German Letek eta Alazne Oyarzabalek, Leintz Gatzagako Gure Ametsa jatetxeko Josune Ibabek eta Arrasateko Arteaga Landetxea jatetxeko Maider Larrañagak.
German Lete eta Alazne Oyarzabal: "Eskertzekoa da landetxea Bergarako herritarrekin soilik bete izana pare bat asteburutan"
Pandemiaren aurretik, Europatik etorritako bisitariak eta bikoteak izan ohi ziren Bergarako San Juan auzoan dagoen Izal landetxeko ohiko bezeroak. Enpresetara etortzen den jendeari ostatu eman baino, turismora dute bideratua euren jarduna. San Jose zubia, Aste Santuko egunak eta Pazko astea guztiz beteta daudela azaldu dute bertako arduradun diren Alazne Oyarzabalek eta German Letek: "Mugikortasuna EAE osora zabalduko zela jakitean, bezeroen dei eta erreserba pila bat jasotzen hasi ginen. Esajeratua izan zen; denbora gutxian bete zen datozen asteetarako libre genuena. Une honetan, dena dago hartuta".
Gertukoa ezagutzeko aukera
Aurretik, baina, zabalik izan dute landetxea, eta, espero zutenaren aurka, hainbat asteburutan beteta izan dute, soilik herriko jendearekin: "Mugatuta egon ginenean, uste genuen herriko jendea bakarrik ez zela etorriko. Gure usteen kontra, baina, herritarrak zoriontzeko eta haiei eskerrak emateko modukoa da Bergarako jendeak emandako erantzuna; pare bat aste bukaeratan bergararrekin bakarrik bete dugu landetxea".
Orokorrean, opariak edota deskonektatzeko asmoz herrigune-tik aldendu diren bezeroak izan direla zehaztu dute: "Askok esaten ziguten: 'Guri ez zaigu axola herrian egotea'. Zenbaitetan, Nafarroaraino joaten gara landetxe batera, eta hemen Bergaran gauden arren, askotan ez dugu ingurua ezagutzen ere".
Maider Larrañaga: "Pazkoa Astea animatua izan ohi da gurean, bezeroaren profila aldatu egiten da".
Aste Santuko egunetan itxita izaten dute jatetxea Arrasateko Arteagan, eta aurten ere hala egingo dute. San Jose zubirako, baina, beteta dute jatetxea. Bertako arduradun Maider Larrañagak azaldu du inguruko herritarrek oso erantzun ona eman dutela mugikortasuna mugatuta egon den azken asteetan ere: "Egia esanda, ondo aritu gara lanean. Erritmo polita izan dugu. Ez dakit bestelako planik ez zegoelako izan den edo, baina jendea animatu egin da bazkaltzera etortzen".
Pazko astea ere, "animatua"
Ohiko bezeroez galdetuta, enpresetako langileak izaten dituztela gehien zehaztu du Larrañagak. Asteburuetan familia bazkariak eta ospakizunak izan ohi dira nagusi Arrasateko Garagartza auzoko jatetxean. Deskantsurako egun batzuk hartu ostean Pazko astean zabalik izaten dute jatetxea, eta, azaldu dutenez, "animatua" izaten da: "Bezeroaren profila aldatu egiten da egun horietan; haurrek ez dute eskolarik oraindik, eta familiak etortzen dira, baita bailaratik kanpoko bisitariak ere".
Iazko abuztua ere "ezohikoa" izan zen Arteaga jatetxean. Hiru astez itxi ohi dute urtero, baina, egoerak behartuta, aste bakarra ixtea erabaki zuten iaz: "Mugi-mendua egon zen abuztuan zehar ere jatetxean; erdiko aste bat lasaixegoa izan zen, baina, bestela, oso ondo lan egiteko aukera egon zen".
Josune Ibabe: "Kanpora joateko ohitura dute euskaldunek Aste Santuan; aurten hemen geratzea onura izango dela uste dut"
Gure Ametsa jatetxeko Josune Ibabe ez da horren itxaropentsu agertu. San Jose zubirako ia beteta dute jatetxea eta joan den asteburuan ere lekua gabe geratu ziren, baina gaur egungo edukiera muga kontuan hartu behar dela gogorarazi du: "Gaur egun guztiz betetzea lehengoaren heren bat izatea da".
Aste Santura begira, mugikortasuna erkidegora mugatzeak jatetxeei onura egingo diela uste du Ibabek: "Herritarrak gertuan soilik mugitzeak bezero gehiago ekarriko dituela uste dut, bertako jendea. Euskaldunek kanpora joateko ohitura handia dute opor egun hauetan eta hemengo jende oso gutxi izaten da ohiko egoeran Aste Santuko jai egunetan".
Bezeroen jarrera, "eredugarri"
Ospakizun handiekin egiten dute lan asko Gatzagako jatetxean: ezkontzak, jaunartzeak...Halakoak bereziki murriztu egin direla azaldu dute. Mahaiak lau lagunekoak izan beharrak ere bereziki kaltetu dituela azaldu du: "Neurriokin ezin da ongi lan egin, ez da errentagarria. Hala ere, guk zorrotz betetzen ditugu; behintzat, alde horretatik, lasai gaude".
Bezero asko betikoak direla azaldu du Ibabek, eta "oso eskertuta" agertu da emandako babesagatik: "Posible izan denean, denak etorri dira. Arauak barneratu dituzte, eta zorrotz bete. Asko adinez nagusiak dira, eta beldurra izan dute pandemian zehar ere".
Xegun Altolagirre: "Ez dator eguraldi oso ona, eta askok azken unera arte itxarongo dutela esan digute"
Oñatin dagoen Soraluze hoteleko arduraduna da Xegun Altolazabal. Guztira, 45 lagunendako lekua dute eta bihartik aurrera %80ra dute beteta hotela, zubi osorako: "Baditugu hainbat gela hutsik oraindik, baina jendea deika dabil aste osoan, galdezka. Eguraldia ez dator oso ona, eta askok aitortu digute azken unera arte zain daudela".Hala ere, "nahiko gustura" daudela zehaztu du: "Orain ar-teko basamortu honetatik irten eta argi pixka bat ikusten ari gara". EAEko barneko mugak zabaldu ziren arte bikoteren bat edo beste izan dutela zehaztu du, "baina gutxi".
Mendialdeak erakarrita
Dena den, lanera etortzen den jendeari esker erreserbak izan dituztela azaldu du: "Aste barruan gertuko enpresetara etortzen diren komertzialak edo langileak hartu ditugu, baina aisialdiari dagokionez orain hasi da". Aste Santuko jaiegunetarako guztiz beteta dute hotela, nahiz eta Pazko asterako oraindik ere baden lekuren bat: "Negua etxe inguruan pasa ostean irteteko lehen aukera izaten da Aste Santua, eta herritarrek oso gustura hartu ohi dute". Altolazabalek azaldu duenez, mendialdeak erakartzen ditu, gehienbat, herritarrak Oñatira: "ibilalditxoak egitea naturan zehar, mendi bueltak eta herria bera bisitatzea ere izaten dira planak".