Lau positibo atzeman dira bailaran; laurak, Bergaran

Uxue Igarza Loiola 2021ko mar. 16a, 12:36

Datu bitxia utzi dute atzo bailaran egindako probek, izan ere, lau bakarrik izan dira hautemandako kasuak eta laurak izan dira Bergaran baieztatutakoak. Bestetik, EAEko oinarrizko birsorkuntza datuak gorakada nabarmena izan du (1,11), eta pandemiaren bilakaera okertu du.

Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.

Estreinekoz zero asko daude gaur Debagoieneko taulan, eta horrek eragin positiboa izan du intzidentzia-tasetan ere; intzidentziek behera egin dute Antzuolan, Aretxabaletan eta Oñatin, eta berdin mantendu dira gainerako herrietan.

Gainera, azpimarratzekoa da Aretxabaletak eta Antzuolak 500etik gorako tasa duten arren, asko gerturatu direla mugara: 504,82koa erregistratu zuen Antzuolak atzo eta 508,47koa Aretxabaletak.

Datu guztiak daude mapa honetan:

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

1,11eko birsorkuntza datua, EAEn

R0 edo oinarrizko birsorkuntza tasaren joera aldatu egin da azken bi asteetan; denbora luzez behera egiten ari bazen ere, martxoaren 3an puzten hasi zen. Hala, hilaren 11n, 1ekoa izatera iritsi zen, herenegun 1,01ekoa eta atzo 1,11koa. Gogoratu behar da datua 1etik beherakoa izatea komeni dela pandemia ez hedatzeko, izan ere, tasak adierazten du pertsona batek batez beste zenbat lagun kutsatzen dituen.

Lurraldeei erreparatuta, birsorkuntza datua 1,13koa izan da Araban eta 1,11koa Bizkaian eta Gipuzkoan.

462 positibo, Hego Euskal Herrian

Atzo 11.389 proba diagnostiko egin ziren eta %4,3k eman zuen emaitza positiboa EAEn eta %3,2k Nafarroan; 462 lagunek, hain zuzen ere. Zehatzago esanda, 187 kasu berri baieztatu zituzten Bizkaian, 116 Gipuzkoan, 89 Araban, 68 Nafarroan eta bi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.

Ospitaleetan, berriz, EAEn, 34 lagun ingresatu zituzten atzo, eta orotara 322 daude erietxeetan –aurreko egunean baino hamaika gutxiago–. Halere, ZIUetako ospitaleratzeek gora egin dute: herenegun baino pertsona bat gehiago dago unitatean –guztira, 98–. Nafarroan, aldiz, bost lagun ospitaleratu zituzten eta 71 daude guztira ingresatuta; horietatik hamalau , ZIUn –herenegun baino bi gutxiago–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak