Aurreko asteburuekin alderatuta, kasu gutxiago atzeman dira Debagoienean azken hiru egunetan. Hurrengo taulan daude adierazita herri eta egun bakoitzean erregistratutako kasuak:
HERRIA | Egubakoitza | Zapatua | Domeka | GUZTIRA |
Arrasate | 4 | 7 | 3 | 14 |
Bergara | 2 | 2 | 6 | 10 |
Eskoriatza | 0 | 2 | 0 | 2 |
Antzuola | 0 | 1 | 0 | 1 |
Aretxabaleta | 0 | 1 | 0 | 1 |
Oñati | 0 | 0 | 1 | 1 |
Aramaio | 0 | 0 | 0 | 0 |
Elgeta | 0 | 0 | 0 | 0 |
Leintz Gatzaga | 0 | 0 | 0 | 0 |
GUZTIRA | 6 | 13 | 10 | 29 |
Oñati, gune horian
Positibo bakarra erregistratu du Oñatik asteburuan, eta horrenbestez, atzoko 244,16ko intzidentzia-tasak kolore horia eman dio –299tik behera kokatu baita–.
Eta Oñatirekin batera, Antzuolan, Aretxabaletan, Arrasaten ere behera egin dute intzidentzien zenbatekoek. Gainera, azpimarratzekoa da Antzuolak eguenetik hona izan duen beherakada (1.055,53tik 688,39ra) eta baita Aretxabaletarena ere; izan ere, oraindik kolore gorriz badago ere, 500era gerturatu da (522,60koa erregistratu du).
Bestetik, asko ez bada ere, gora egin dute intzidentziek Bergaran eta Eskoriatzan, eta berdin mantendu dira Aramaion, Elgetan eta Leintz Gatzagan.
Datu guztiak daude eguneratuta beheko mapan:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Positibotasunaren bilakaeran, aldaketarik ez
Atzo 5.348 antigeno eta PCR proba egin zituzten Euskal Autonomia Erkidegoan eta %4,6k eman zuen emaitza positiboa; 246 kasu atzeman zituzten, hain zuzen ere. Bestetik, nabarmentzekoa da, positibotasunak beheranzko abiada hartua bazuen ere, azken asteetan ez diola joerari eutsi; gelditu egin da. Nafarroan, berriz, %4,2koa izan zen positibotasuna; hots, 946 probatatik 40k eman zuten positibo.
Gainera, horri lotuta, EAEko oinarrizko birsorkuntza datuak gora egin du asteburuan: 1,02koa izan zen egubakoitz eta zapatuan eta 1,01era jaitsi zen atzo. Nolanahi ere, 1etik gora dago oraindik eta horrek esan nahi du atzo kutsatzeak ez zirela murriztu.
Lurraldeka, Hego Euskal Herrian, 186 positibo baieztatu dira azken orduetan Bizkaian, 66 Gipuzkoan, 41 Araban, 40 Nafarroan eta hiru bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Atzo, hamalau ospitaleratze
Hamalau izan ziren atzo EAEn ingresatu zituztenak, eta datua deigarria da, izan ere, 2020ko urriaren 4tik ez dira egun bakarrean hain pertsona gutxi ospitaleratu. Halere, azken datuaren arabera, guztira 333 lagun daude EAEko erietxeetan; horietatik 97, ZIUn. Aipatzekoa da, bestalde, ZIUetako ospitaleratzeek gora egin dutela asteburuan (bi gehiago daude) eta baita plantakoek ere (sei gehiago).
Nafarroan berriz, bost izan ziren ingresatu zituztenak eta orotara, 73 daude ospitaleratuta; horietatik hamasei, ZIUn.