Urte pandemikoa, agintean jarduteko "gogorra" eta ezohikoa

Xabi Gorostidi 2021ko mar. 13a, 09:00

Aurki beteko da urtebete alarma egoera ezarri eta orain arteko bizimodua hankaz gora jarri zela. Bailaran biztanle gehien dituzten lau herrietako alkateek bizitako zailtasunak azaldu dituzte, eta gehienek adierazi dute informazio falta izan dutela.

Egoera berrietara moldatzeko gaitasuna edukitzea eskatzen zaie politikariei, eta, alde horretatik, ikasgai handia izan da COVID-19a bailarako agintarientzat. Ez da urte atsegina izan agintean egoteko; bai, ordea, "zaila eta gogorra", eta Arrasateko, Bergarako, Oñatiko eta Aretxabaletako alkateen bizipen pertsonalak jaso ditu GOIENAk. Bitxikeria gisa, lau alkateetako inor ez da COVID-19arekin kutsatu, baina denei egokitu zaie etxean konfinatuta egotea, edo etxeko norbait konfinatzea.

Zailtasun ugari

Aurrez birusarekiko beldurra zabalduta zegoen arren, 2020ko martxoaren 15ean ezarri zen alarma egoera, eta horrek goitik behera aldatu zuen herritarren bizimodua. Ordutik hona, askotariko zailtasunei aurre egin behar izan diete herri agintariek, eta hauek gogoratzen ditu, bereziki, Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak: "Asko izan dira momentu zailak, eta asko izan dira momentu zailak pasatu behar izan dituztenak ere. Hala ere, gogoan ditut senideak galdu zituztenak eta konfinamendua dela-eta horiek agurtzeko aukerarik izan ez zuten horiek. Badakit oso une zailak bizitzea tokatu zaiela, eta alkate bezala inpotentzia sentitzen duzu halako egoera baten aurrean".

Maria Ubarretxena, bulegoko balkoian. 

Bergarako alkate Gorka Artolaren esanetan, lehen hilabeteetako "ezjakintasun egoeran erabakiak azkar hartu behar izatea" izan da pandemiari aurre egitearen alde gogorrena: "Zailena, akaso, pandemia hasi zenean erabakiak hartu behar izana, sekulako ezjakintasuna zegoenean. Guztion osasuna zegoen jokoan, eta informazio falta oso handiarekin hartu behar izan genituen erabakiak. Orain, ia urtebete pasa den honetan, atzera begiratu eta badugu sentsazioa hartutako lehen neurriak gehiegizkoak zirela. Baina testuinguru nahasi hartan zuhurtziaz jokatzea erabaki genuen, orduko egoerak hori eskatzen zuela ulertuta".

Oñatiko alkate Izaro Elorzarentzat, "dekretu zaparradara egokitzea" eta "informazio falta" izan dira zailtasun handienak: "Hasieran, oso azkar erantzun behar izan genuen: Zerbitzuak moldatu, langileak antolatu, herritarrei komunikatu... Dekretuen eguneroko zaparrada bizi izan genuen, eta moldatzeko gaitasun handia eskatu zigun instituzioei. Arreta berezia jarri genuen egoera zaurgarrietan zeudenengan, pandemiak are zaurgarriago bihurtu dituelako. Informazio falta handia eduki dugu udalok, bai hasieran eta baita ostean ere. Hala ere, zerbitzu txukuna ematen ahalegindu gara: azokak mantenduz, zaintza zerbitzuak jarriz eta kultur ekimenak ahal zen neurrian eginez".

Aretxabaletako alkate Unai Elkorok oso garbi du zein izan den unerik kritikoena: "Aretxabaleta eremu gorrira pasatu zenean eta GSR egoitzan agerraldia izan zen momentua dut oso gogoan. Gabon inguruan zen, tabernak itxita zeuden, eta jendea nahiko haserre zegoen; egoerarekin etsita, nolabait esateko. Horrez gain, hainbat komunikabidek GSRko egoeran jarri zuten arreta, eta esango nuke, modu batera edo bestera, bertako langileen profesionaltasuna zalantzan jarri zutela. Baina urte honetan ikusi dugu egoera pandemikoa oso aldakorra dela: gaur zu zara okerrena, eta bihar beste bat. Igartzen duzu egoerarekiko jendeak duen etsipena eta nazka gorantz doazela, eta ez da atsegina une horietan erabakiak hartzea".

Kalteak herriko ekonomian

Herriko ehun ekonomikoan kalteak leuntzeko egin dute lan udalek, eta honako gogoeta hauek egin dituzte gaiari buruz. " Pandemiak gure egunerokoa aldatu zuen egun batetik bestera, eta horrek eragin nabariak izan zituen, hasieran, komertzioetan eta ostalaritza negozioetan. Baina ez eurengan bakarrik; enpresa txiki askoren jarduna ere asko baldintzatu zuen, kooperatibetan ordu negatiboen pilaketa... Hala ere, egia da ostalaritzari beste edozein sektoreri baino neurri murriztaile gehiago aplikatu zaizkiola, eta oraindik ere aplikatzen ari zaizkiola. Arrasateko datu zehatzik ez daukagu, baina, Gipuzkoako ostalarien sektoreak aditzera eman duenez, euren negozio bolumenak %40 egin du behera. Hori dela eta, ahalegindu gara, ahal izan dugun heinean, behintzat, laguntza zuzenak ematen, eta zerga eta tasetan hobari bereziak aplikatzen", adierazi du Maria Ubarretxenak.

Hona Gorka Artolaren gogoeta: "Sektore eta pertsona askok sufritu dituzte pandemiaren eraginak. Komertzioek eta ostalariek, nola ez, baina baita lana galdu dutenek, ERTEan egon direnek, oraindik ERTEan jarraitzen dutenek... Akaso, komertzioek eta ostalaritzak ikusgarritasun handiagoa izan dute, baina ezin ditugu besteak ahaztu. Ahalegindu gara kalteak izan dituzten horiekin guztiekin harremana izaten. Laguntzak eman genituen itxialdiaren ostean aktibitatea berrartzeko, eta 160 establezimendu inguruk jaso zituzten. Beste deialdi bat jarri genuen ostalari, banatzaile eta landetxeentzako, eta bi bonu kanpaina ere jarri ditugu martxan: itxialdi ostekoa eta udazkenekoa. 800.000 euroko injekzio ekonomikoa ekarri du herrira. Hala ere, itxi egin behar izan duten aktibitateak izan dira herrian: bidaia agentziaren bat, ateak berriz ireki ez dituen tabernaren bat...".

Gorka Artola, Bergarako udaletxean. 

"Arduratuta bizi izan dugu komertzioen eta ostalaritzaren egoera, nola ez. Negozio horien atzean familia asko daude, bertatik finantzatzen direnak. Azken finean, adituek erabakitzen badute ostalaritza kutsatze foku bat izan daitekeela, eta ateak ixtea beharrezkoa dela, dirulaguntza batzuk eman behar zaizkie familia horiei, neurri horiek aplikatzen hasi orduko. Nire ustez, hori falta izan da. Gu eurekin batzartu gara, eta ahalegindu gara dirulaguntza horiek bideratzen. Komertzioekin ere bonuen kanpaina jarri dugu, eta ahalegindu gara eurei diru sarrera batzuk bermatzen. Ostalaritzara 72.000 euro bideratu ditugu eta bonuetara, aldiz, 150.000 euro", azaldu du Elorzak.

Itxiera perimetralaren ondorioak

Ostalaritzaren egoera are lazgarriagoa dela aitortu du Unai Elkorok: "Hasieran, industria arloan oso eragin handia izan zuen, baina, gerora, aktibitatea jarraitu dute eta kalteak ez dira komertzioetan eta ostalaritzan izandakoak bezain sakonak. Lehen konfinamenduak berdin eragin zien komertzioei eta ostalariei, baina udazkenetik hona ostalarien egoera asko okertu da. Konfinamendu perimetralak, adibidez, eragin positiboa izan du komertzioetan, lagun asko herrian bertan erostera bultzatu dituelako. Baina ostalarien kasua ezberdina da: ixtera behartu dituzte, eta konfinamendu perimetralak ez die lagundu. Ez hori bakarrik: orain ere zabalik daude, baina ordutegi murriztuarekin, eta, adibidez, 20:00etan itxi beharrak eta afaririk zerbitzatzeko aukerarik ez izateak sarrerak gutxitzea eragiten die. Galera handiak eduki dituzte, eta, nire ustez, ulergarriak dira egin dituzten mobilizazioak".

Unai Elkoro, Aretxabaletako udaletxeko bulegoan. 

Txaloak herritarrei

Pandemiari aurre egiteko agintarien neurriek eragin nabarmena izan dute. Baina neurriek soilik ez dute askorako balio, pertsonek ez badituzte horiek behar bezala betetzen, eta herritarren jokabidea txalotu dute alkateek. "Balioan jarri nahiko nuke hasiera-hasieratik herritarrek elkarri laguntzeko agertu duten jarrera hori. Maskara faltarekin, adibidez, herritar talde bat aritu zen maskarak egiten eta banatzen, maskara donazioak jaso genituen... Herriak borondatea erakutsi du elkarlanerako eta elkarri laguntzeko, eta hori azpimarratzeko modukoa dela uste dut. Pandemiaren alde positiboa, nolabait esateko. Egon dira jokabide txarrak, noski. Baina gutxiengoa dira, eta onarekin geratzen naiz", azaldu du Maria Ubarretxenak.

Jokaera desegokiak hauspotu

Hausnarketa hau egin du herritarren jokabideari buruz Gorka Artolak: "Saiakera moduko bat egon da herritarren jokaera desegokiengan arreta jartzeko. Gauza txarrek onek baino oihartzun handiagoa izan duten sentsazioa dut. Gutxi batzuen ardura falta orokortzea oso arriskutsua da, eta, nire ustez, orokorrean, herritarrek modu arduratsuan erantzun dute. Ez da horrenbesteko arretarik jarri, adibidez, pandemia hasieran zaintza kolektiborako egindako elkarlan boluntarioan; bide batez, guztiz txalogarria dena. Ardura kolektibizatzeko gai izan gara, eta datozen urteetan gaitasun hori edukitzea asko eskertuko dugu".

Kutsatzeek gora egiterakoan herritarrek izandako portaera nabarmendu du Izaro Elorzak: "Herritarren jokabideari buruz hitz egiterakoan, esker ona eta txaloak besterik ez dut. Beti dago zer hobetu, baina ezin dugu testuingurua ahaztu: urtebete daramagu askotariko neurriak betetzen, amaiera non dagoen ez dugu oraindik ikusten, neurri asko oraindik indarrean daude... Baina nekea egon arren, neurriak betetzen jarraitzen dugu eta aurrera goaz. Berriki ikusi dugu olatua datorrenean herriak nola erantzun duen. Egoera lasaia denean denok dugu erlaxatzera jotzeko joera, baina une larrietan herriak ondo jokatu du".

Izaro Elorza, Oñatiko udaletxe barruan.

Herritarren "zuhurtzia" goraipatu du Unai Elkorok: "Gehiengo zabal batek oso zuhur jokatu du. COVID-19ak ez ditu adin tarte guztiak berdin kolpatzen. Batzuengan ez du apenas eraginik, eta adin batetik gora eragin oso larriak ditu, eta horrek eragina du kolektibo horien jokabidean. Muturreko bi egoera horiek arduratzen naute, baina bi horien artean dagoen gehiengo zabal batek jokabide eredugarria izan duela uste dut".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak