Hamazazpi kasu berri baieztatu dira Debagoienean

Uxue Igarza Loiola 2021ko mar. 11a, 12:40

Sei positibo atzeman dituzte Arrasaten, bost Bergaran, lau Oñatin eta bana Antzuolan eta Aramaion. Gauzak horrela, dagoeneko 5.918 dira eskualdean COVID-19a hartu duten herritarrak. Horietatik %44,3 arrasatearrak dira, %21,7 bergararrak, %13,6 oñatiarrak eta %9,7 aretxabaletarrak.

Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.

Intzidentzia-tasei dagokienez, Antzuolan bakarrik egin du gora zenbatekoak; 871,96koa erregistratu zen atzo. Gainerakoetan, positibo berriak atzeman arren, behera egin dute tasek edo berdin mantendu dira. Bestetik, aipatzekoa da Aretxabaleta: azken orduetan tasak nabarmen behera egin badu ere, oraindik "herri gorria" da 593,22ko intzidentziarekin.

Nolanahi ere, neurri murriztaileei dagokienez, Osasun Sailak jada ez du aparteko agindurik ezartzen 500etik gorako intzidentzia duten udalerrietan. Horri lotuta, Leintz Eskola Kirolak ere, bere aldetik, jakinarazi du eskola-kirola ez dela etengo. "Jakitun gara zein egoeratan gauden eta horregatik, gure ikasleek kirola eta jarduera fisikoaren bitartez garatzen jarraitu daitezen, segurtasun neurri eta protokolo guztiak betetzen saiatzen gara", adierazi du.

Mapa honetan daude herri guztietako datuak:

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

R0 datuak gora, EAEn

Bestetik, azpimarragarria da oinarrizko birsorkuntza edo R0 datuaren bilakaera. Azken lau egunetan gora egiten ari da, eta atzo 0,98ko datua erregistratu zen EAEn.  Eta erkidegoaren batezbestekoa oraindik 1etik behera badago ere, Gipuzkoan 1,02koa da tasa, eta hortaz, lurraldean, pertsona batek batez beste beste lagun bat kutsatzen duela ondoriozta daiteke –hots, pandemia hedatzen ari dela–.

436 positibo Hego Euskal Herrian

Atzoko egunez egindako 10.403  probetatik %4,3k eman du positibo EAEn eta %3,6k Nafarroan; beste modu batera esanda, 436 positibo hauteman dituzte. Lurraldeka, 201 izan dira Bizkaian erregistratutakoak, 106 Gipuzkoakoak, 67 Nafarroakoak 58 Arabakoak eta lau bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandakoak.

Ospitaleetan, berriz, egoerak hobera egiten jarraitzen du. Atzo, Euskal Autonomia Erkidegoan, 31 lagun ingresatu zituzten arren, ospitaleratuta daudenen kopuruak behera egin du. 328 pertsona daude ospitaleratuta (aurreko egunean baino 31 gutxiago eta duela astebete baino 58 gutxiago) eta horietatik 100 daude ZIUn (herenegun baino bat gutxiago eta duela zazpi egun baino 24 gutxiago). Nafarroan, bestalde, bi pertsona ingresatu zituzten eta orotara 69 daude ospitaleratuta; horietatik hamazazpi, ZIUn.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak