Sei izan dira azken orduetan hautemandako positibo berriak

Uxue Igarza Loiola 2021ko mar. 10a, 12:45

Hiru kasu berri atzeman dituzte Arrasaten eta bana Antzuolan, Aretxabaletan eta Eskoriatzan. Bestetik, Osasun Sailak aste honetan COVID-19aren ondorioz hildakoen berri eman du, eta Debagoienean hiru lagun hil dira: bi arrasatearrak ziren eta bat aretxabaletarra. Guztira, 153 debagoiendar hil dira pandemia hasi zenetik.

Iazko martxotik atzora arte, 5.901 positibo erregistratu dira bailaran: 2.470 Arrasaten, 1.268 Bergaran, 908 Oñatin, 574 Aretxabaletan, 294 Eskoriatzan, 192 Antzuolan, 136 Aramaion, 51 Elgetan eta zortzi Leintz Gatzagan.

Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.

Intzidentzia-tasei erreparatuta, herri gehienen egoerak hobera egin du, baina Eskoriatza izan da salbuespena: atzoko kasuak 560,57ra igo du tasa. Gainerakoei dagokienez, zenbatekoa jaitsi egin da Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran eta Oñatin eta bere horretan mantendu da Antzuolan, Aramaion, Elgetan eta Leintz Gatzagan.

Beheko mapan daude eguneratutako datuak:

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Hiru heriotza bailaran

Martxoaren 1etik 7ra bitartean 40 lagun zendu direla adierazi du gaur Osasun Sailak. Hala, azken datuen arabera, 4.873 pertsona hil dira Hego Euskal Herrian iazko martxotik hona. Bestetik, bailarara etorrita, bi arrasatear eta aretxabaletar baten heriotzak erregistratu dira. Guzitra, 153 dira bailaran gaitzaren ondorioz zendutakoak: 76 arrasatearrak, 37 bergararrak, hamazazpi aretxabaletarrak, hamalau oñatiarrak, sei eskoriatzarrak eta pertsona bakarra zendu da Antzuolan, Aramaion, eta Elgetan.

335 kasu EAEn

Bestetik, atzo 8.274 PCR eta antigeno proba egin zituzten Euskal Autonomia Erkidegoan eta %4k eman dute emaitza positiboa; hots, 335 kasu positibo atzeman dituzte. Lurraldeka, 173 baieztatu ziren Bizkaian, 107 Gipuzkoan, 49 Araban eta sei bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.

Ospitaleei erreparatuta, nabarmentzekoa da aurreko egunean baino hamabi lagun gutxiago zeudela atzo ZIUn. Guztira 359 pertsona daude erkidegoan ingresatuta, eta horietatik 101 dira ZIUn daudenak. Bestetik, atzo 31 ospitaleratze berri egon zirela jakinarazi du Osasun Sailak.

Nafarroako datuak, batzeke

Nafarroako Gobernuak behin betiko datuak emandakoan eguneratuko da albistea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak