Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordearen (Labi) batzorde teknikoak COVID-19ari aurre egiteko neurri murriztaileak arintzea erabaki du. Hala, bertan behera utzi dute udalerrien itxiera perimetrala. Horrek esan gura du, datorren asteartetik aurrera mugikortasuna librea izango da EAE barruan.
Lehendakari Iñigo Urkulluk LABIren bileraren osteko agerraldian azaldutakoaren arabera, "zuhurtziaz" jokatzeko unea da eta horregatik, gainerako prebentzio neurriek indarrean jarraituko dute. "Egoera hobera doa, baina, beheranzko joera moteldu egin da eta ZIUen okupazioak altua izaten jarraitzen du". Hala, "zalantzak" aitortu ditu etorkizun hurbileko neurriei begira "lau arrazoirengatik": birusaren aldera berriek sortzen duten arriskua, beheranzko joeraren mantsotzea, Europako inguruko herrialdeetako kasuen gorakada eta deseskalatzea azkarregi egitearen arriskuak. Hala, etxeratzeko aginduak bere horretan jarraituko du (22:00etatik 06:00ra), edukiera gehienezkoa eta elkartzeko muga gehienez 4 pertsonakoa izango da eta merkataritza eta kultur jarduerak bukatu beharko dira 21:00etarako.
Bestetik, ezabatu egingo da 500etik gorako intzidentzia-tasa metatuaren erreferentzia neurri murriztaileak zehazteko. Beraz, eskola kiroleko entrenamenduak herri guztietan egin ahalko dira. Lehiaketak antolatzea, berriz, aurrerantzean ere galarazita egongo da.