Jon Murgiondo: "Asmoa da energia ekoizpena eta kontsumoa bateratzea"

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mar. 5a, 14:01

Jon Murgiondo.

Gaur banatu ditu Landaola Federazioak laugarren edizioko sariak. Sarietarako izendatuen artean, honakoak ziren bailarako hautagaiak: Etxezuri; Latxa Energy proiektuarengatik, eta Gatzagako Udala; Usokoitza abeltzain elkarteak larreak ustiatzeko helburuaz egindako lanarengatik. Hala ere, ez batak eta ez besteak ez dute saririk jaso. Honakoak izan dira irabazleak: Erakunde pribatuen artean Bertan Merkatari Elkartea, erakunde publikoen arloan Oiartzungo Udala, Emakumeak Landa Eremuan saria Baztarrika baserria eta urteetako ibilbideari saria Joxe Landa.

Sarietarako izendatuen artean, hautagaietako bat da Aretxabaletako Etxezuri, Latxa Energy proiektuagatik. Jon Murgiondo da proiektuaren kideetako bat.

Latxa Energy proiektua zertan oinarritzen da?

Artzain eta baserritar guztiok gaude arduratuta gure energia kontsumoekin, fakturekin… Geroz eta dependentzia handiagoa dugu energia konpainia handiekiko… Arazo hori ikusita sortu genuen Latxa Energy proiektua, talde eragile batekin.

Elkarlanean gauzatutako proiektu berritzailea garatzen zeintzuk aritu zarete?

Otxandioko Kerixara gaztandegia proiektuaren buru dugu, eta eurekin batera, Noemi Salazar kontsultorea, Neiker, Azti, Latxa Esnea, Artzai Gazta, Goiener Taldea eta gu, Etxezuri, gara Latxa Energy proiektuaren kide. Proiektu pilotu moduan hasi ginen, beste baserri edo gaztandegi batzuei balio izan diezaien gure proiektu edo ikerketa honek.

Proiektua aurrera eramateko zein inbertsio egin dituzue?

Europako eta Eusko Jaurlaritzako dirulaguntzekin lagunduta dago proiektua. Gure kasuan, baserriko kontsumo ohiturak aztertu zituzten Goienerkoek, zein makineria eta zein kontsumo ditugun ikusita. Horren arabera, eguzki-plakak jarri genituen; helburua efizientzia energetikoa lortzea da. Hala, gure kontsumo ohiturak aldatu egin behar izan ditugu, ahalik eta autonomoenak izateko. Horrekin batera, Etxezurin galdara bat jarri dugu, biomasarekin eta olioarekin, gazta eta ura berotzeko, LED argiteria, eta abar.

Balio handia du Landaola sarietarako hautagai izateak?

Lehenengo aldiz egon gara hautagai gisa, eta aitortza beti etortzen da ondo. Gizarte osoak du energiarekiko kezka, eta aitortza honek indarra ematen digu.

Aurrera begira, zer?

Gaur-gaurkoz, 320 ardi inguru ditugu, eta urtean 5.000 kilo gazta inguru egingo ditugu, gutxi gorabehera. Horrekin batera, aurrera begira, Latxa Energy proiektuarekin jarraitu nahiko genuke, hobekuntzan eta berrikuntzan lanean jarraituz, gure ogibideari dagozkion alor ezberdinetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak