Azpikontratatutako anbulantziako langilea da Oualid Saidi bergararra, eta Osakidetzako osasun langileekin alderatuta "diskriminazioa" sufritzen dutela uste du.
Zergatik ari zarete protestan?
Txertoa jarri diezagutela eskatzeko egin ditugu protestak; izan ere, azpikontratatuta gaudenek orain arte ez dugu jakin txertoa helduko ote zitzaigun, ez eta noiz iritsiko zitzaigun txanda.
Osakidetzako langileekin ez da hala gertatu?
Anbulantzietan lan egiten duten Osakidetzako langileak txertoa hartuta daude dagoeneko, eta oraindik hartu ez dutenek badute horretarako hitzordua, behintzat. Baina Osakidetzako langileak gutxiengoa dira; esango nuke %90 baino gehiago azpikontratatukoak direla. Beti izan gara ilarako azkenak.
Diskriminatuta sentitzen zarete, hortaz...
Betidanik egon da diskriminazioa, koronabirusa iritsi zenean ere lehenbizi Osakidetzako langileei iritsi zitzaien materiala, eta gero, beste guztiei. Txertoarekin berdin gertatu da; beti gara ahaztuak. Esan daiteke pandemiak areagotu egin duela alde hori. Hala eta guztiz ere, esan beharra daukat orain ez zaigula ezer falta; materialez ondo baino hobeto hornituta gaude.
Non egiten duzu lan?
Ambulancias Gipuzkoa enpresan; Gipuzkoan dagoen enpresa bakarra da. Nik, zehazki, anbulantzia ez-asistentzialean lan egiten dut; eta bakarrik joaten naiz. Denetarik egiten dut: pazienteak mugitu, aulki gurpildunetan zein esku-ohetan eraman, ospitalera eraman medikuarekin hitzordua dutenean, errehabilitaziora eraman, ebakuntza batera eraman, kimioterapia edo erradioterapia hartzera... Larrialdiak ere artatzen ditugu, baina, normalean, ez dira oso larriak izaten. Hala ere, batzuetan, horiek ere tokatzen zaizkigu.
Debagoienean aritzen zara?
Askotan, bai. Bergarakoa naiz, eta Debagoieneko Ospitalean, Arrasaten, aritzen naiz, gehienetan. Gasteizera ere joaten naiz; hemengo ospitalearekin lotura zuzena du Txagorritxu Ospitaleak.
Koronabirusa dutenak edo izan dezaketenak artatzen dituzu?
Kutsatuta dauden edo horren susmoa duten herritarrak artatzeko espezializatutako anbulantziak daude. Baina ni ere aritzen naiz, batzuetan. Esaterako, Aretxabaletako GSR Debagoiena egoitzako nagusiak kutsatu eta ospitalera joan behar izan dutenean aritu naiz euren joan-etorrietan laguntzen. Hain zuzen, egoitzatik ospitalera eraman izan ditut, eta gero, alta jaso dutenean, ospitaletik egoitzara itzuli. Bestetik, Arantzazuko hotelean isolatuta dauden gaixoekin ere gu aritzen gara.
Txertoa premiazkoa duzue, beraz...
Zalantzarik gabe. Izan ere, birusarekin kontaktuan gaude, nolabait esateko. Eta gainera, esan beharra daukat txertoa ez dugula eskatzen soilik gu ez kutsatzeko; anbulantzian eramaten ditugun herritarren segurtasunagatik ere bai.
Nola dago txertoaren afera?
Lankide batzuek dagoeneko hartu dute txertoaren lehen dosia. Baina gainontzekoek egun hauetan zehar hartuko dugu. Gure kasuan, enpresan baditugu mediku eta erizainak, eta haiek jarriko digute, Urnietan dugun egoitzan. Lehen lerroan aritzen diren lankideek, koronabirus kasuak artatzen dituztenek ere, duela gutxira arte ez zekiten txertoa noiz hartuko zuten.
Gaurko greba bertan behera geratu da, azkenean...
Bai, badirudielako txertaketa aurrera doala, pixkanaka bada ere. Gasteizen, Lakuan egin zen protestan, adibidez, izan nintzen.