Ikasleek etxera itzultzeko baimena izango dute Aste Santuko oporretan

Maider Arregi 2021ko mar. 4a, 20:16

Ikasturtean beste erkidego edo herrialde batean bizi diren unibertsitate ikasleak beren ohiko bizitokira itzultzea baimentzea adostu du azken unean Espainiako Osasun Publikoaren Batzordeak. Hartutako beste neurrien artean daude erkidegoak perimetralki ixtea eta etxeratze aginduari eustea 22:00etatik 06:00etara bitartean Aste Santuko opor egunetan.

LABI  batzordea, aldiz, egubakoitzean, martxoaren 5ean, batuko da, 16:30ean. Euskal Autonomia Erkidegoan mugikortasuna baimendu ala ez erabakiko du. EAEko udalerrien itxiera perimetrala altxatzea eta lurralde bakoitzaren barruan mugikortasuna baimentzea izango dute aztergai. Horretaz gain, pertsonen bilerak gehienez ere lau lagunekoak izatetik seira pasatzea ere aztertuko dute bileran. Horren harira, Gotzone Sagarduik asteon azaldu du ospitaleetako ZIUek "tentsionatuta" jarraitzen dutela, eta helburua intzidentzia-tasaren jaitsiera dela: "100.000 biztanleko 60 kasuraino jaistea dugu helburu, eta oraindik ere urrun gaude". Oraingoz ez dute ezer aurreratu eta batzarraren ostean, hartutako neurriak iragarriko dituzte.

Martxoan eta apirilean "zuhurtzia"

Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun Sailburuak atzo aurreratu zuen Aste Santuko oporren bueltan, EAEko konfinamendu perimetrala mantendu egingo zela. "Martxoan eta apirilean mugikortasuna mugatzeko neurri murriztaileak mantentzea beharrezkoa izango da. Erabateko zuhurtzia behar da pandemiaren bilakaerak hobera egin dezan. Izan ere, azken egunotan moteldu egin da izurritearen egoera erakusten duten adierazleen beheranzko joera".

Nafarroako Gobernuak ere ildo bereko erabakia hartu gura du, eta Aste Santuan itxiera perimetralaren alde egin gura duela jakinarazi du: "Zuhurtzia beharrezkoa da atzera pausorik ez emateko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak