Gizonen aldean, 2,5 euro gutxiago irabazten dituzte emakumeek lanordu bakoitzeko

Uxue Igarza Loiola 2021ko mar. 4a, 15:55

Gaindegia, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakala aztertu du. Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, batez beste, lanorduko, gizonek baino %11,7 gutxiago kobratzen dute emakumeek Euskal Herrian.

Behategiak egindako azterketaren arabera, emakumeen lanorduak, batez beste, 16,7 euroko kostua du Euskal Herrian, eta gizonenak, berriz, 19,2 eurokoa. "Kopuru horrek soldataz gaineko kotizazio guztiak biltzen ditu, eta industrian, eraikuntzan eta zerbitzuen sektorean kontratazio formalarekin jarduten diren andreen soldatak hartzen ditu aintzat", azaldu dute. Gainera, adierazi dutenez, genero arrakala "nabarmen" handitzen da 50 urtetik gorakoen artean.

Denboran atzera eginda, ikus daiteke 2009ko krisialdi ekonomikoaren eraginez , genero-arrakala areagotu egin zela hainbat urtetan. 2012an, adibidez, tartea 3,9 eurokoa izatera iritsi zen Hego Euskal Herrian.

Bestetik, kotizazio-oinarriari dagokionez, gizon eta emakumeen arteko desoreka  adierazgarriagoa dela azaldu dute ikertzaileek: "Besteak beste, horren arrazoien atzean daude lanaldi partzialen  feminizazioa –lanaldi partzialen hiru laurdenak emakumeen esku daude–, ezkutuko ekonomia eta lan merkatuan erroturiko beste aldagai batzuk". Zifretan, Hego Euskal Herrian, gizonen hileko batezbestekoa 2.457 eurokoa da (kotizazio gordina), eta emakumeena, 2.065 eurokoa (-%16,1).

Alderaketa gainerako herrialdeekin

Euskal Herriko lurraldeei dagokienez, Nafarroan, emakumeek, batez beste, 2,8 euro gutxiago jasotzen dituzte lanorduko, Ipar Euskal Herrian, 2,6 gutxiago eta Euskal Autonomia Erkidegoan 2,4. 

Suedia, Espainia, Kroazia edo Irlandaren parekoa (%11-12 ingurukoa) da Euskal Herriko soldata-arrakala, baina Europar Batasunarena handiagoa da: %15,2koa. Alde nabarmenenak Estonia, Austria, Alemania, Erresuma Batua eta Eslovakian daude, eta bestetik, txikienak Luxenburgon, Errumanian, Italian, Belgikan, Albanian eta Polonian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak