Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.
Aretxabaletak kolore gorria hartu du gaur, eta Oñatirekin batera, 5.000 biztanletik gorako herrien multzoan sartu da. Azpimarratzekoa da, baina, multzo hori ez dela handia, Gipuzkoan Debagoieneko bi herriak bakarrik daudelako 500etik gorako intzidentziarekin, eta EAEn, berriz, hiru: bailarako biak eta Derio. Horrela baieztatu du Osasun Sailak ere udalerrien zerrendan, eta hortaz, bihartik hasita, neurri mugatzaileak ezarri beharko dira Aretxabaletan ere, kirolaren eremuan.
Zehazki, Aretxabaletak 522,60ko tasa erregistratu zuen atzo, sei kasu berri batu ostean, eta Oñatiri dagokionez, zenbatekoak behera egin badu ere, oraindik 793,51eko datua du. Bestetik, Debagoieneko gainerako herriei begira, azken orduetan baieztatutako kasuek intzidentzia-tasak puztu dituzte Antzuolan, Arrasaten eta Eskoriatzan ere. Eta datuei erreparatuta, beste behin, Antzuolaren zenbatekoak ematen du arreta, 1.193,21ekoa baita.
Nolanahi ere, beheranzko joera hartu duen beste herri bat ere badago Oñatirekin batera: Aramaio. Otsailaren hasieran aste latzak igaro ostean, azken zazpi egunetan ez du kasu berririk erregistratu eta nabarmen egiten ari da behera zenbatekoa: atzokoa 67,57koa izan zen.
Eta bukatzeko, badaude bere horretan mantendu direnak ere. Alde batetik Bergara, eta bestetik, azken hamalau egunetako tasa metatua 0,00koa duten Elgeta (urtarrilaren 27tik kasurik erregistratu ez delako) eta Leintz Gatzaga (urtarrilaren 10etik kasurik erregistratu ez delako).
Herri guztietako datu eguneratuak daude mapa honetan:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
%3,5eko positibotasuna Hego Euskal Herrian
Atzo, egindako proben %3,5ek eman zuen emaitza positiboa Hego Euskal Herrian, eta 393 kasu berri atzeman ziren. Horietatik 216 izan ziren Bizkaian baieztatutakoak, 78 Gipuzkoakoak, 62 Nafarroakoak, 33 Arabakoak eta lau bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean hautemandakoak. Adierazleek, mantsoago bada ere, behera egiten jarraitzen dute, baina EAEko oinarrizko birsorkuntza datua ez da aldatu azken hiru egunetan: 0,88koa da.
Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleetan, behera egin du okupazioak (bai plantan eta bai ZIUn). Atzo 45 lagun ingresatu zituzten EAEn eta 386 daude guztira erietxeetan (aurreko egunean baino zazpi gutxiago) eta horietatik 124 daude ZIUn (herenegun baino bi gutxiago). Halere, oraindik "handia" da ospitaleetako tentsioa, Osasun Sailarentzat. Nafarroan aldiz, bost izan dira azken orduetan ingresatutakoak eta 77 daude guztira erietxeetan; hiertatik hamasei, ZIUn.