Hamabi izan dira azken orduetan Debagoienean hautemandako positiboak

Uxue Igarza Loiola 2021ko mar. 2a, 12:46

Launa kasu atzeman dituzte Antzuolan eta Bergaran, hiru Oñatin eta bat Aretxabaletan. Gauzak horrela, gora egin dute Bergara eta Antzuolako intzidentzia-tasek –batez ere Antzuolakoak– baina gainerako herrietan berdin mantendu dira edo behera egin dute.

Eskualdean 5.784 debagoiendarrek hartu dute koronabirusa pandemia hasi zenetik; hamabik, atzo. Eta herriei erreparatuta, Antzuolaren egoera azpimarratu behar da, izan ere, azken astean hamalau kasu erregistratu dira eta azken bi egunetan baieztatu dira hamabi. Gora egiten ari da, hortaz, Antzuolako intzidentzia-tasa metatua ere, eta atzo 1.000ren langa gainditu zuen; zehazki, 1.101,42koa izan zen zenbatekoa.

Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.

Intzidentziekin jarraituz, Antzuolarekin batera, gutxi bada ere, gora egin du Bergarako intzidentziak, baina bailarako gainerako herrietan, aldiz, egoera ez da okertu. Behera egin dute zifrek Arrasaten –urtarrilaren 30etik egunero kasuak erregistratu diren arren atzo ez zelako positiborik atzeman–  eta Oñatin ere dezente jaitsi da, baina oraindik ere ez du kolore gorria atzean utzi; azken zenbatekoa 880,71ekoa izan da.

Herri guztietako datu eguneratuak daude mapa honetan:

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

418 positibo, Hego Euskal Herrian

Atzo 10.268 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian eta 418 kasu baieztatu zituzten; hots, %4,3k eman du emaitza positiboa EAEn eta %3,4k Nafarroan. Lurraldeka, 190 kasu erregistratu ziren Bizkaian, 110 Gipuzkoan, 61 Araban, 52 Nafarroan eta lau bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.

EAEn egoerak hobera egin du kasuei dagokienez, eta erkidegoa horiz dago; hiru lurraldeak 300etik beherako intzidentzia baitute. Halere, oinarrizko birsorkuntza datuak goranzko joera hartu du berriz (0,88), nahiz eta ez duen 1eko muga gainditu.

Erietxeetan, 36 lagun ingresatu zituzten atzo eta 389 daude guztira ospitaleratuta –aurreko egunean baino 30 gutxiago–, baina 121 daude Zainketa Intentsiboetako Unitatean –herenegun baino bat gehiago–. Egoera aztertuta, ondoriozta daiteke ospitaleetako tentsioa baretzen ari dela, baina ez ZIUetakoa. Azken bi asteak kontuan hartuta, plantan ingresatutakoak duela hamalau egun baino 153 gutxiago dira, baina ZIUn daudenak 38 gutxiago.

Nafarroako ospitaleetan, berriz, lau lagun ingresatu zituzten eta guztira 79 daude ospitaleratuta –aurreko egunean baino sei gutxiago–; horietatik 20 daude ZIUn –herenegun baino bat gehiago–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak