50 urte dira trena galdu zela

Julen Iriondo 2021ko ots. 27a, 15:00

1971ko otsailaren 28a. Gero ere zerbitzuren bat eman zen arren, data hura har daiteke Maltzaga-Zumarraga burdinbidearen amaieratzat, trenaren bukaeratzat bergaran; horrela du gogoan goiko estazioko buru izandako Carlos Gonzalezek.

Maltzaga eta Zumarraga artekoa edo Debako Trena ere deitu zutena 1889an inauguratu zuten. Berariaz eratu zen enpresa bat azpiegitura sortu eta hornitzeko, eta zerbitzua emateko ardura ere enpresa hark berak zuen –1906an beste konpainia batzuekin bat egin eta Ferrocarriles Vascongados sortu zuten, egungo Eusko Trenbideak enpresa publikoaren aurrekaria–. Ferrocarriles Vascongados sortuta eta Bilbo eta Donostia arteko linea martxan, ibilbide nagusi haren adar bilakatu zen, Osintxutik sartu eta Deskargatik irten, Bergara eta Antzuola zeharkatzen zituena, Maltzagatik Zumarragarakoa; 22,7 kilometroko ibilbidea, denera, trenbide estuan. Ez nolanahiko ibilbidea, gainera, Debagoienean egiten zituen azken kilometroetan mendatea gainditu behar izaten zuen-eta, malda gogorrekin eta 60 metrorainoko erradioa zuten bihurguneekin.

22,7 KILOMETROKO IBILBIDEA ZUEN TRENAK, ETA DESKARGA MENDATEA GAINDITZEN ZUEN

Osintxukoaz gain, beste bi geltoki zituen Debako Trenak udalerrian, Mekolaldekoa eta goiko estazioa; bidaiari bergararrei beste lau ibilbiderekin lotura egiteko aukera ematen zien, gainera: aipatutako Biz-kaiko eta Gipuzkoako hiriburuen artekoarekin, Maltzagan; Vasco-Navarro zeritzonarekin, Mekolalden; eta Norteko Ferrokarrilarekin eta Urolako Trenarekin, Zumarragan.

Carlos Gonzalez, geltokiko buru

Carlos Gonzalezi nondarra den galdetuz gero, bere erantzuna: "Toki horietakoa guztietakoa!". Toki horiek guztiak zeintzuk diren? Bada, bera lanean jar-dundakoak; beti trenarekin lotuta: Elgoibar, Maltzaga, Durango, Lemoa... Makinatxo bat leku, egia esanda.

Hor, tartean, Bergaran bizi izan zen sei urte eta erdiz Gonzalez, familiarekin; goiko estazioan bertan bizi ere, hango burua zen eta: "Geltoki-buruoi doan uzten ziguten etxebizitza". Eta han harrapatu zuen Debako Trenaren amaierak, 1971n. Gogoan du nola, igande batez, otsailaren 28an, azken aldiz eman zion han tren bati abiatzeko baimena; eta nola "Bergarako bizilagun ugari" joan ziren azken tren hari agur egitera: "Denek egon nahi izan zuten bertan". 11:37an abiatu zen tren hura Zumarragatik, eta 12:12an irten zen Bergaratik, Maltzagarantz; orduan bukatu zen Carlos Gonzalezen Bergarako egonaldia.

IRUNEN JAIO ETA HAINBAT LEKUTAN BIZI IZAN DA CARLOS GONZALEZ, BETI TRENARI LOTUTA

Gonzalezek Elgoibarren egin zituen bere azken lan urteak, trenarekin lotutako lau hamarkadako ibilbidearen ostean –gel-tokiko buru bai, baina trenbideak egiten, txartelak saltzen... ere ibilitakoa da, 18 urte zituenetik–, eta 1993an erretiroa hartu zuen; orduan bai, orduan hartu zuen huraxe, Elgoibar, bizitoki egonkor, gaur arte. 1932an Irunen jaioa, leku askotan bizi izan zen, beraz, lanerako adina izan zuenetik denetan trenak eramanda; sortzetik izan zuen burdinbidearekiko lotura, aitak ere hari lotuta egiten baitzuen lan.

Poliki-poliki, hiltzen

Carlos Gonzalezek oso iltzatuta du 1971ko otsailaren 28 hura. Egia da, dena dela, Debako Trena poliki-poliki joan zela hiltzen, eta data haren aurretik zein ostean badirela kontuan hartu beharreko beste batzuk, esanguratsuak; bai, baita ondoren ere, hurrengo urteetan ere ibili baitzen tren bakarren bat ibilbide hartan.

Azpeitian egoitza duen Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendaria da Juanjo Olaizola, ikertzaile eta historialaria; bereak dira azalpenak: "Trafikoa beherantz zihoala-eta Ferrocarriles Vascongados konpainiak Mekolalde eta Zumarraga arte-ko zerbitzua bertan behera utzi zuen 1967ko irailaren 11n; emakidagatiko betebeharra betetzeko egunean behin ibiltzen zen tren misto bat zen salbuespena. Baina hau mantentzea ere ez zen errentagarri, eta konpainiak zerbitzua aldi baterako etetea eskatu zion Herrilanetarako Ministerioari 1969ko urtarrilaren 31n".

Ia bi urte pasa ziren Ministerioak baimena ematerako –1970eko abenduaren 7an–, eta apur bat gehiago gauzatzerako, 1971ko otsailaren 28 hartan. "Maltzaga eta Mekolalde arteko zerbitzua mantendu egin zen; hori bai, eguneko bidaiarientzako tren batekin eta merkantzietarako beste batekin soilik. 1972ko ekainean, galerak hazi eta hazi ari zirela-eta, Ferrocarriles Vascongados konpainiak ustiapen orori utzi zion, eta FEVE Estatuko enpresa publikoak hartu zituen bere gain. Maltzaga eta Mekolalde arteko zerbitzu denak, behin behinean, bertan behera utzi zituen FEVEk, 1974ko apirilaren 1ean. Eta 1975eko mar-txoaren 1ean behin betiko itxi zuten Maltzaga eta Zumarraga arteko linea".

'La Voz de España'-k jasotakoa

Garai hartako La Voz de España egunkariak honelaxe jaso zuen Mekolalde eta Zumarraga arteko zerbitzuaren "aldi baterako etetea" 1971ko martxoaren 2ko zenbakian, Gipuzkoako herrietako berriei eskainitako orrialdean, Santos Alustiza berriemailearen hitzetan: "Galerak dituzten trenbide estuko ferrokarrilekiko neurri murriztaileak errukirik gabe ari dira gauzatzen, eta urte gutxian bi dira gure herrian kendu dituzten burdinbideak, erabiltzaileei kaltea eraginez, uda sasoian, batez ere, tren horiek ehunka bidaiari eramaten zituzten-eta gertuko hondartzetara eta Arabako mendi zein urtegietara. Mekolalde eta Zumarraga lotzen dituen trenarekin hartu dituzte muturreko neurri hauek; aurreko domekan kendu zuten zerbitzua, euri-jasa izugarri batekin, hodeiek malkotan agurtu nahi izan balute bezala, bagoiak Zumarragan ateratako eta azken geltokirainoko azken txartel hura gorde nahi zuten bidaiariz beterik zirela, modu horretan biharko egunean efemeride hura gogoratu nahiko zuketen bidaiariz beterik. Gure herrirako bidean, zenbait geltokitan, trenean zetozen langileei hamarretakoa-rekin egin zieten harrera baserritarrek, gertuko herrietako azoketara joateko hainbeste aldiz erabili izan zuten garraiobidea kendu izanagatik sortutako sentimenduekin era maitekor horretan bat eginez. Goiko estazioko buru Carlos Gonzalezek, uniformea bikain zeramala, hunkituta eta apur bat triste ere bai itxuraz, azken aldiz agindu zuen trenaren abiatzea. Ehunka bidaiari jaitsiak ziren bagoietatik, argazki makinekin hartzeko tren haren erabiltzaile askorendako malenkoniatsua zen gertaera hura".

Itxieraren arrazoiak

Bidaiari eta merkantzia –"oihalkiak eta burdinazko tresnak, ikatza eta txatarra, bereziki"–kopuruaren jaitsiera handia izan zen itxieraren arrazoia, Carlos Gonzalezen esanetan "errepide bidezko komunikazioa hobetu izanagatik".

BIDAIARIEN ETA MERKANTZIEN KOPURUA JAITSI IZANA IZAN ZEN IXTEKO ARRAZOIA

Eta, honela, aurreko mendeko 70eko hamarkada hartan trenik gabe geratu zen hainbat urtez burdinbidez inguraturik ez eze zeharkaturik ere egondako herria, Bergara. Izan ere, 1967arekin amaitu zen Vasco-Navarro trenaren ibilbidea, eta urte batzuk geroago Debako Trenarena: "Hiru burdinbidetako zazpi geltoki izan zituen Bergarak: Osintxukoa, Mekolaldekoa, goiko geltokia, behekoa, Labegaraie-takoa, Elorregikoa eta Aizpurutxokoa, Urolako trenarena; azken hau ere Bergarako lurretan zegoen". Hainbeste edukitakoa, eta dena galdu; askotariko eginbeharretarako, lanerako –erreportajerako Carlos Gonzalezekin Elgoibarren elkartuta, dio hainbat lagun joaten zirela, adibidez, hara, Sigmara– eta aisialdirako erabilia, trenik ez ordutik aurrera.

Itxiera ostean, Carlos Gonzalez saiatu zen Maltzaga eta Eskoriatza artean trena berrezartzeko gestioak egiten: "Hainbat alkaterekin bilerak ere egin genituen, baina ez zuten emaitzarik eman". La Bergaresaren autobus zerbitzua martxan ze-goen ordurako, eta bezero asko kendu zizkion trenari: "Hark hondatu zuen dena".

Trenaren trazatua, bide berde

2013an onartu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusiek, behin betiko izaeraz, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana. Haren arabera, 2021a epemuga jarrita, bide berde bilakatu behar du bere garaian Maltzaga eta Zumarraga arteko trenak egiten zuen bidea. Egin beharreko lanak bi laurtekotan banatzen zituen planak, eta bigarren laurtekoan egitekoak ziren Maltzaga eta Soraluze artekoak eta Bergaratik Zumarraga artekoak –Soraluze eta Bergara artekoa, badago–. Kontua da bigarren laurtekoaren amaieran lanok egin gabe daudela oraindik.

Dena dela, eta Debagoieneko zatiari dagokionez, Bergara-Zumarraga zatiko Antzuolako Galarditik Deskargarainokoa da egiteko falta dena, eta Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriak ziurtzat jo du "aurten" egingo dela, eta horretarako hitzarmen bat iragarri du etorkizun hurbilerako.

Horren aurretik, hori bai, lehenengo lana izango da Jauregiko tunela konpontzea, 2019ko abenduan izandako lur-jausi baten ondorioz itxita baitago. Egunotan hasiko da Gipuzkoako Foru Aldundia tunela konpontzen.

Estazioko egokitzapena, geldi

Bestalde, Bergarako aurreko Udal Gobernuak bazuen asmoa goiko estazioa aisialdirako egokitzeko. 2019an, berri eman zuen lanon lehen fasearen proiektua idazten ari zela AT2 enpresa.

Lanik ez zen, ordea, hasi, eta orain, berriena da gaur egungo Udal Gobernuak ez duela, oraingoz, asmo haiekin jarraitzeko intentziorik. "Ez dago lehentasunen artean", adierazi du egungo Udal Gobernuak. Dena dela, egungo agintariek atea zabalik uzten dute etorkizun baterako, kontuan izanda, gainera, prozesua martxan jarri zela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak