COVID-19ak hil dituen adindun lagunak omendu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak

Xabi Gorostidi 2021ko ots. 26a, 15:50

2020ko martxotik 322 adindun lagun hil dira Gipuzkoan pandemiaren eraginez, eta lore-eskaintza batekin omendu dituzte Aldundiko ordezkariek. Zarauzko adindunen egoitzan egin dute ekitaldia, zentro horretan zendu baitzen Gipuzkoako lehen adinduna. "Gipuzkoari asko eman dioten pertsonak joan zaizkigu" adierazi du diputatu nagusi Markel Olanok. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak omenaldia egin die gaur goizean Gipuzkoako egoitzetan COVID-19rekin hil diren adinekoei. Zarauzko adindunen egoitza alboan dagoen Arrosategi parkean egin dute ekitaldia, eta bertan izan dira diputatu nagusi Markel Olano, gizarte politiketako foru diputatu Maite Peña, Zarauzko alkate Xabier Txurruka eta Zarauzko Santa Ana adindunen egoitzako zuzendari Garbiñe Amotxategi, besteak beste. 

"Beren bizitza luze eta emankorretan Gipuzkoari asko eman dioten pertsonak joan zaizkigu. Haien oroitzapenak pandemiaren aurrean konpromiso kolektibo eta indibiduala mantentzera eraman behar gaitu " adierazi du Olanok ekitaldian zehar. Txertatze kanpaina aurrera doala ikusita "itxaropentsu" azaldu da Olano, eta egoitzetako langileen lana eskertu du: "Esker oneko mezua helarazi nahi diet Gipuzkoako gizarte-zerbitzu guztiei, egoitzetako langile guztiei eta zentroetan birusari eusten lagundu duten lurraldeko gizarte-erakundeei, egindako prebentzio-lan handiagatik eta 12 hilabete hauetan erakutsi duten giza konpromisoagatik".

"Gipuzkoako egoitzetan, 2020ko martxoaren 19an hauteman zen kasu positiboa COVID-19an, Tolosako Iurreamendi egoitzan; lehen hildakoa, berriz, Zarauzko Santa Ana zentroan bizi zen emakume bat izan zen. Egun horretatik gaur arte, otsailaren 26ra arte, 322 egoiliar hil dira Gipuzkoako egoitzetan" jakinarazi dute Aldunditik prentsa ohar bidez. 

Positiborik ez adindunen egoitzetan

Adindunei omenaldia egoera pandemikoa onean  egin dute, gaur ez baita kutsatze kasu aktiborik Gipuzkoako egoitzetan. Atzo bi kutstau zeuden aktibo, Donostiako eta Arrasateko Aita Menni egoitzetan bana, baina biak sendatu ostean, zifra hutsean dago gaur. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak