Iaz bete zituen hogei urte Goiena telebistak. Ezin izan zuen nahi moduan ospatu, COVID-19ak galarazi zuelako. "Aukerak ere sortu zituen izurriteak eta larrialdi egoerak. Saioak beste modu batera antolatu behar izan genituen eta komunitatearen ekarpena inoiz baino aberatsagoa izan zen", dio Oihane Agirrek, Goiena telebistako zuzendariak. Etxetik plazara da horren adibidea, zeinetan herritarrek bidalitako ikus-entzunezkoak bihurtu ziren protagonista.
Goienaren kontsumoak, gora
COVID-19ak herritarren kontsumo ohiturak aldatu zituen. Bat-batean, sareko kontsumoa handitu egin zen, halabeharrez. Goiena.eus-ek igarri zuen, bereziki –%55eko igoera izan zuen 2020an, aurreko urtearekiko, Goiena.eus-en bisitari kopuruak–. Ondorioz, era berean, Goiena. eus-eko Telebista atalak ere gorakada izan zuen iaz.
Gaur egun, ohiko telebistako antenaren bidez –Lurreko Telebista Digitala–, kablez edo zuntz optikoz jasotzen diren edukien paketeen bidez, Euskaltelen bidez, Goiena.eus bidez eta Goienaren app-aren bidez ikus daiteke Goiena telebista. Nahieran ere kontsumitu daitezke saioak, zuzenekoaz gain. Aplikazioa, gainera, berrituta etorriko da aurki.
Saskia bete saio
Udaberrian, Galdegazte, Hala bazan, Harira, Harmailatik eta EKT –Euskal Kultura Transmisioari buruzkoa– eduki eta formatu berriekin datoz. Jokin Bereziartuaren eta eskualdeko ikastetxeetako elkarrizketatzaile gaztetxoen Galdegazte-k martxoaren 3an, eguaztena (21:30), estreinatuko du denboraldia, Mireia Gabilondo aktore bergararrarekin. Ostean etorriko dira Mariasun Pagoaga, Jon Olivares, Markel Irizar… Harira ere datorren astean itzuliko da. Juan Inazio Perez Iglesias Jakiundeko presidente izendatu berria izango da lehen gonbidatua. "Alkateekin egin zuen saioa udazkenean Eneko Azkaratek, eta oraingoan, beste erakunde batzuetako herri ordezkarien txanda izango da", aurreratu du Oihane Agirrek. Xabi Urzelaik astelehenetan aurkezten duen Harmailatik ere berritasunekin ari da COVID-19ari aurre egiten, "kirolariei emanez protagonismoa". Arantzazu Ezkibelek eta Oihana Elortzak aurkeztuta, Harkaitz Canori, Uxue Alberdiri, Maialen Lujanbiori, Gariri eta beste kulturgile batzuei egindako elkarrizketak jasotzen ditu, eguenetan, EKT saioak.
Ehuneko ehun emanez helduko dio Goiena telebistak udaberriari ere. "Gure komunitateari gurean gertatzen dena euskaraz kontatzen jarraitzeko", bukatu du Oihane Agirrek.
'Hala bazan' saioa
Hala bazan saioak hirugarren denboraldia du martxan. Goiena 2019ko udazkenean hasi zen, Arrasate Telebistaren artxiboko materiala erabiliz, aurreko mendeko 90eko hamarkadako nondik norakoak jasotzen dituen saioa ekoizten; ordu erdiko 40 atal inguru izango dira, denera, oraingo sortako dozena pasatxoak gehituta.
Aurreko asteetan santa-eskeei eta euskalgintzak antolatutako txiste jaialdiari eskainitakoak eman eta gero, datozen saioetan askotarikoak izango dira ikusgai. Ospakizunei eta Arrasateri dagokienez, adibidez, Maritxu Kajoiz gain, Besaideko Oroimen Eguna, Udalatx Eguna, unibertsitatean ospatutako San Pankrazioren omenezkoa eta Errozioa izango dira ikusgai, besteak beste; Bergarakoen artean, berriz, San Martzialgo erromeria, esate baterako, eta baita, beste gisa batekoen artean, Txibisto dantzalekuaren itxierarena ere. Bergara zein Arrasateko moda desfileak ere izango dira saiootan.
Gizarte gaiak
Momentuko gizarte eta politika gaiek ere izango dute tokia Hala bazan saioaren hirugarren sorta honetan; honela, drogekin eta hiesarekin lotutakoak ez dira faltako, ezta emakumeen borrokari buruzkoak ere. Horiekin batera, 1991n EAJko zenbait zinegotzik jeltzaleek PSErekin egindako akordioa bete ez eta Nekane Iglesias sozialista alkatetzarik gabe geratu zenekoa – Xabier Zubizarretaren mesedetan– jasoko du saioak.
Udalatx eguna, Hala bazan.
'EKT' Euskal Kulturgintzaren Transmisioa saioa
Huhezik eskaintzen duen Euskal Kulturgintzaren Transmisioko graduondoan jasotakoak eskainiko ditu EKT saioak.
Euskal kulturgintzaren inguruko hausnarketak jasoko dira elkarrizketa bidez, eta, bide batez, eztabaidarako proposamena egin. Euskal kulturgintza: nondik gatoz, nora goaz, nora jo beharko genuke? Kulturgintzaren bueltan dabiltzan hainbat sortzaile, soziologo, historialari... pasako dira graduondotik; eta Goienak horien hitzak jasoko ditu. Ordu erdiko elkarrizketak izango dira, eta tartean sartuko dira, Apunteak formatuan, gai baten inguruko hainbat iritzi.
'Galdegazte' saioa
Gazteendako eta gazteekin ekoizten duten saioa, aurten zazpigarren denboraldia izango duena. Debagoieneko ikastetxeetako 14 eta 17 urte arteko ikasleak dira saioaren produkzioaz arduratzen direnak: saioko gonbidatua adostu, bideoak ekoiztu, gidoia idatzi... Behin gidoia lotuta, saioaren grabazioaren txanda da, baita urduritasunen momentua ere. Dena dela, urtez urte, kazetari harrobi bikaina dagoela erakusten ari da saioa. Martxoaren 3an, 21:30ean eta 23:30ean izango da lehenengo saioa, eta gonbidatua, berriz, Mireia Gabilondo.
Debagoiena eraldatzen saioa
Goiena telebistan D2030 ekimenarekin elkarlanean ekoiztutako saioa eskainiko da, hilero. Debagoiena eraldatzen izeneko saioan, egungo gizartearen muinera egingo dute bidaia, eta gaur egungo arazo larri eta sendoenak eraldatzeko bidean jarriko dira. Horretarako, Debagoiena 2030 ekimenak definitutako XXI. mendeko erronka globaletan jarriko da fokua: ekonomia zirkularra, digitalizazioa, inklusioa, hezkuntza, lanaren etorkizuna, energia, mugikortasuna... D2030en helburua arazo horiei erantzun komunitarioa emango dien "eraldaketa mugimendua" sustatzea da, eta, horrenbestez, Debagoiena eraldatzen saioan, erronka horiek eta horiei aurre egiteko irtenbide posibleak gertutik ezagutzeko apustua egingo da.
'Harmailatik' saioa
Berrasmatu egin behar izan dute Harmailatik saioa. Martxoan, bertan behera utzi zuten kirol saioaren emanaldia, eta halaxe egon zen hainbat hilabetez, ikasturte berria hasi zuten arte. Orduan, baina, lehengo errezetak ez zuen balio: "Segituan konturatu ginen ligak berrekiten bazituzten ere COVID-19aren eragina handia izan zitekeela. Batetik, ziurgabetasun handia zegoen jokatu ahal izango zituzten partiduen gainean; pentsa, orain arte ez dute futbola hasi, eta, gainera, herri mailako lasterketa guztiak ere bertan behera utzi zituzten. Eta denboraldiaurreak erakutsi zigun egun batetik bestera partiduak bertan behera gera zitezkeela, asteburuko agendatik tira egiteak arrisku handiak zituela", adierazi du Xabier Urzelaik.
Horregatik, astero platora gonbidatuak ekartzeaz batera, tarte berriak sortu dituzte: "Protagonista izan ziren tartean, esaterako, garai bateko kontuak ekartzen ditugu; harrera polita izaten dabiltza elkarrizketok".
'Harira' saioa
Goiena telebistaren klasikoetako bat Harira. Agintaldiz agintaldi, kolore ezberdinetako alkateak eta zinegotziak elkarrizketatu izan ditu, aro ezberdinetan, Eneko Azkaratek. Baita beste erakunde batzuetako ordezkariak ere. Hain justu, udazkenean alkateekin erronda egin ostean, udalez gaindiko beste erakunde batzuetako arduradunak elkarrizketatuko ditu orain. Juan Inazio Perez Iglesias Jakiundeko presidente eta EHUko errektore ohia izango da lehen gonbidatua martitzenean, hilak 5, (21:30). Zientzialaria, Biologian doktorea eta Fisiologian katedraduna, gaurkotasuneko kontuez jarduten du hedabideetan; COVID-19az ere jardungo dute.