Dinamika honekin, agerian utzi nahi du AEKk, egun ere, euskaltegien ezinbesteko rola Euskal Herri euskalduna izatea nahi bada; eta, bide horretan, herritarren nahiz eragileen babesaz gain, administrazioen laguntza ere behar-beharrezkoa da.
Euskarari bultzada estrategikoa emateko beharra
"Euskal Herriko herritarren % 55 erdalduna da. Berdintasunean oinarritutako jendartea amets badugu, argi dago herritar helduen euskalduntzea beharrezkoa dugula, guztion eskubideak bermatzeko zubia delako. Beraz, euskaltegi sendoak behar ditugu; bide onetik goaz, urtero-urtero 45.000 herritarretik gora euskara ikasten ari baitira horietan, baita pandemiak eragindako ikasturte ezohiko honetan ere. Bultza ditzagun euskaltegiak! Bultza dezagun euskara!", adierazi dute AEKtik.
Hala eta guztiz ere, arlo horren finantzaketa ez da aski, aurrerapausoak eman dituzten arren. "Esate baterako, AEK Euskal Herri osoan aritzen da; herritarrei euskara ikasteko aukera ematen zaie edonon bizi direlarik ere; horregatik, gaur egun, hiru administrazioetatik (EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria) arloari bultzada estrategikoa eman behar zaiolakoan gaude".
Hurrengo hilotan, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! izeneko dinamika jarriko da abian, aurten ere euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko. "Duela 55 urte Rikardo Arregik bidalitako gutun hartan argi islatu zen helduen euskalduntzea ezinbestekoa zela, orduan, euskararen biziberritze osoa lortzeko. Gaur egun, bide oparo eta nekaezina eginda ere (ikerketek diotenez, jendarteak azken hamarkadetan irabazi dituen hiztun berrietatik heren bat euskaltegietatik atera da), bistan da euskaltegiok buru-belarri segitu behar dugula lanean".
Hiru ardatz izango ditu Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! dinamikak:
2021eko gutuna
Bultza euskaltegiak! dinamikaren barruan, gutun bat helaraziko zaie AEKtik Euskal Herriko administrazio nagusiei, datozen urteetan euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jasotzen dituena.
Mota guztietako eragileekiko lan-ildo amankomun bat ere jorratuko da, eta lan horretan ari dira. KORRIKAren aurreko edizioan, Albaolako/Bastidako ekimena egin zen, non hainbat eragilek Klika egin zuten; konpromiso bat hartuz, alegia. Orain, harreman horiek sustatzen segitu nahi dute, eragileek aurrerapauso gehiago emateko, akuilu-lana ere egin dezaten beren eremuan; gobernuek eta herritarrek jokatzen duten rolaz gain, eragileek ere paper garrantzitsua dutelako.
Ekitaldi xumeak
Herritarren bultzada gura da, aurten ere euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean egon dadin. Administrazioaren aldetik, urrats gehiago egin daitezen borrokatzen ari diren bitartean, jendartearen arnasa ere ezinbestekoa zaie. Hori dela eta, Euskal Herriko hainbat tokitan Bultza Euskaltegiak! ekitaldi xumeak antolatuko dituzte martxoaren 28an, unean uneko osasun-neurrietara zeharo egokituak; momentu honetan, 45 gune lotuta dituzte 12:00etan ekitaldiak aurrera eramateko, baina behin betiko zerrenda ez dute itxita oraindik. Gune gehiagotan egiteko aukerak aztertzen jarraitzen ari dira.
'Egizu zure ekarpena' kanpaina
Azkenik, gaurtik hasita eta martxoaren amaierara arte, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! Egizu zure ekarpena kanpaina ere abiatu dute. Korrika atzeratzeak zuloa eragin die aurrekontuan, eta banku bidezko finantzaketaren bitartez eman diote erantzuna, hasiera batean. Zorpetze horri ere aurre egin beharko diote, eta herritarren sostengua nahi dute Aurten bultzada txiki bat, eta hurrengo ikasturtean izango den KORRIKAk babes erraldoia jasoko duelakoan daude, benetan beharrezkoa dela ikusita. Ekarpenak webgune honetan egin daitezke, hainbat eratan. Ikusi HEMEN.