Gaur-gaurkoz, araudiak dio egoiliarrek astean bi bisita soilik jaso ditzaketela, eta senide bera izan behar dela ikustera joaten zaiena. Kanpora irten daitezke bisita horietan, paseo terapeutikoak egiteko helburuarekin. Gorriz markatutako herrien kasuan, baina, egoiliarrak ezin dira egoitzatik irten.
Eskoriatzako Jose Arana egoitzako Dominga Otxoaizpurua da irteteko aukera aprobetxatu duenetako bat. "Eskerrak paseatzera irten gaitezkeen; oso gustuko dut eta onurak ekartzen dizkit", azaldu dio GOIENAri. Are gehiago, adierazi du azken hilabeteetan egoitzatik ezin irtetea "oso gogorra" egin zaiola. Orain, txertoa hartuta, "askoz lasaiago" aritzen da kalean. Egoitza berean bizi da Isabel Carrillo, eta uste du "alde izugarria" dagoela egoitza barruan egotetik kalera irtetera: "Txertoak ez dit albo-efekturik eragin eta lasaiago ari naiz, gainera".
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru aldundiek datorren astean argitaratuko dute bisiten malgutzea ekarriko duen Foru Arau berria; hain zuzen, besteak beste, astean hiru bisita jasotzea ahalbidetuko die egoiliarrei, martxoaren 1etik aurrera.
Adinekoen egoitzetan hildakoak omenduko dituzte
Gipuzkoako Foru Aldunditik adierazi dute Gipuzkoako adinekoen egoitzetan COVID-19arekin hil diren pertsonak omenduko dituztela gaur, goizean Zarautzen egingo den ekitaldian. Aldundiko eta egoitzetako ordezkariek hartuko dute parte.
Debagoienera etorrita, 60 dira, guztira, COVID-19arekin hil diren egoiliarrak: 26 Arrasateko Iturbiden, 24 Aretxabaletako GSR Debagoienan, zortzi Bergarako Mizpirualden, bat Eskoriatzako Jose Aranan eta bat Oñatiko San Martinen. Azken asteetan ez da egoiliarrik hil birusak jota. Ildo horretatik, aipatzekoa da kasu bakarra dagoela aktibo Arrasateko San Juan de Dios ospitalean.