Miren Dobaran, Hizkuntza Politikarako Sailburuordea eta Aitor Urzelai, Spriren zuzendari nagusia buru izan ditu batzarrak eta 2020ko jarduna aztertu dute lehenengo. Pandemiaren eragina "nabarmena" izan da; hala ere, ez dute etenaldirik egin eta lanean jarraitu dutela adierazi dute.
2021ari begira, iaz gertatutako moteltzea atzean utzi eta ekimenari bultzada eman beharra azpimarratu dute batzarrean parte hartu dutenek. Eta ahalegin
berezia egin beharreko arloak zehaztu dituzte: enpresa berriak erakartzea, esperientziak partekatzea INDEUSeko enpresen artean eta eragile desberdinekin lankidetza bultzatzea.
Dagoeneko 25 dira Industriaren Euskal Plataforman parte hartzen diharduten enpresak eta erakundeak eta horien artean hainbat dira debagoiendarrak, besteak beste, Copreci, Elay, Goizper, Ikerlan eta Ulma Eraikuntzak.
Martxoan bilduko dira berriro 25 kide horiek.
Euskaraz lan egitea erabaki duten enpresei laguntza
Sprik, Energiaren Euskal Erakundeak, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek bultzatutako ekimena da IDEUS. Euskaraz lan egitea erabaki duten enpresa industrialei laguntzeko sortu zen, euskarazko produktu eta zerbitzuak lortzeko bideak landuz.
EAEko industria arloan euskararen presentzia areagotuz, euskal enpresen lehiakortasunaren euskarri izatea du helburu, eta hori lortzeko bideak ezarrita dituzte, besteak beste, honako hauek: euskararen kudeaketa aurreratuko enpresek dituzten beharrak eta zailtasunak identifikatzea; enpresen beharrei eta zailtasunei erantzuna emateko bideak aztertzea; eta euskarak presentziarik ez duen enpresa industrial handiak ekimenera erakartzea.