Etxezuri eta Gatzagako Udala, Landaola sarien laugarren edizioko hautagaien artean

Imanol Beloki Unamuno 2021ko ots. 25a, 15:46
Ardiak txakurra atzean dutela.

Aurten ere, Gipuzkoako landa garapeneko proiektuei errekonozimendua emateko asmoz, Landaola Federazioak 4. Landaola Sariak antolatu ditu. Sarietarako izendatuen artean, honakoak izango dira bailarako hautagaiak: Erakunde pribatuen artean, Etxezuri; Latxa Energy proiektuarengatik, eta erakunde publikoen artean, Gatzagako Udala; Usokoitza abeltzain elkarteak larreak ustiatzeko helburuaz egindako lanarengatik. Sari banaketa martxoaren 5ean egingo da.

Landaola laugarren edizioko sararietarako hautagai guztiak honakoak dira:

Erakunde pribatuen izendatuak: Fede Pacha, Etxezuri E.Z., Iñaki Arregi, Abaroa eta Baztarrika baserriak, eta Bertan Merkatari Elkartea. Erakunde publikoen izendatuak, berriz, honakoak: Oiartzungo Udala, Gatzagako Udala, Zeraingo Udala eta Udal guztiak –Azokak irekita mantentzeko apustuagatik–.

Etxezuri eta 'Latxa energy' proiektua

Latxa Energy proiektuak berrikuntzaren aldeko apustua egiten du, beti ere lankidetzan, Latxa ardien ustiategien ingurumen portaera hobetuz, energia eraginkortasuna, energia sorkuntza eta ingurumen aztarna murriztuz, eta hobekuntzak emango dituen emaitzak lortzeko lan metodologia bultzatuz.

Etxezuri E.Z. bi artzain gaztek osatzen dute, eta Latxa Energy proiektuan baitan 2020an hainbat inbertsio gauzatu dituzte: Eguzki panelak jarri dituzte ukuiluan eta gaztandegiaren eremuan; egurra eta olioa erretzen dituen galdara bat gazta egiteko eta ura berotzeko; neurri horiekin, ustiapenaren eta gaztandegiaren energia kontsumoan %20a, eta ingurumen aztarna %5ean murriztea aurreikusten dute. 2021ean proiektuak jarraipena izango du, eta besteak beste, hasitako ebaluazioaren emaitzak jaso eta beste instalazioetan ezartzeko aukera aztertuko dute.

Gatzagako Udala

Usokoitza abeltzain elkartea 2014ean sortu zen, Leintz Gatzagako larreak ustiatzeko helburuarekin. Elkartea Leintz Gatzagako bederatzi bazkidek osatzen dute eta ardiak, behiak, zaldiak eta ahuntzak larreratzen dituzte. Hasieratik elkarlana sustatu izan da udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta herriko abeltzainen artean kudeaketa iraunkorra eta jasangarria burutzeko helburuarekin. Azken urteetan elkartearen dinamika gutxitzen joan da, eta, ondorioz, 2020 urtean ekintza plana adostu dute kudeaketa eta elkartea indartzeko asmoz. Gainera, larreen garbiketa eta oinarrizko azpiegiturak mantentzeko lanak egiten dituzte elkarlanean.

'Emakumeak Landa Eremuan' saria

Horrekin batera, iaz egindako berrikuntzarekin jarraituz, aurten ere Emakumeak Landa Eremuan saria banatuko da. Sari honen bidez, landa eremuan egindako lanagatik, emakume edo emakume elkarte bati errekonozimendua azalduko diote. Sari hau, egunean bertan emango da jakitera.

Urteetako ibilbideari saria

Gipuzkoako lurraldean, landa eremua sustatzen duten erakundeek zein pertsonek egindako urteetako ibilbidea sarituko da. Sari-banaketa egunean bertan emango da jakitera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak