Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.
Bailaran erregistratutako kasu berriek atsedena eman diote Oñatiri, eta Arrasatek, Bergarak eta Aretxabaletak batu dituzte positibo gehienak. Hala, intzidentzia-tasetan aldaketak egon dira; gora egin du datuak positibo gehien jaso dituzten hiru herrietan, eta behera Aramaion, Eskoriatzan eta Oñatin. Gainerakoetan berdin mantendu dira.
Dena dela, atzo esandako moduan, Oñati eta Antzuola dira momentu honetan 500eko langa gainditzen dutenak –nahiz eta Arrasate eta Bergara gertu dauden–. Biharko zerrendari erreparatuta, Oñatik herri gorri izateko aukera guztiak izango ditu (kasu berririk erregistratu gabe ere, intzidentzia ez delako 500etik behera jaitsiko), eta Antzuolari dagokionez, Oinarrizko Osasun Eremuan jarri behar da arreta, batez ere: azken datuaren arabera 430,84koa da. Horrek 500eko langa gaindituz gero eta Antzuolak 500etik gorako intzidentziarekin jarraitzen badu, zerrendan agertuko da; izan ere, azken zazpi egunetan bi kasu baino gehiago erregistratu ditu; zehazki, hamaika.
Mapa honetan daude herriz herriko datu eguneratuak:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Lau heriotza, astebetean
Osasun Sailak hilaren 15etik 21era zendutakoen datuak eman ditu gaur. Guztira 68 pertsona hil dira EAEn azken astean COVID-19aren ondorioz, eta horietatik lau izan dira bailarakoak: hiru arrasatearr eta bergarar bat.
Pandemia hasi zenetik hona, 3.713 lagun hil dira Hego Euskal Herrian.
Hego Euskal Herrian, 468 positibo
Atzo 11.916 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian eta horien %4,2k eman zuen emaitza positiboa Euskal Autonomia Erkidegoan eta %2,65ek Nafarroan; 468 positibo berri baieztatu zituzten, alegia. Lurraldeei erreparatuta, 233 hauteman ziren Bizkaian, 103 Gipuzkoan, 65 Araban, 63 Nafarroan eta lau bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Bestetik, nabarmentzekoa da, beste egun batez, EAEn oinarrizko birsorkuntza datuak gora egin duela eta 0,9koa izan zela atzo.
Ospitaleetan berriz, egoerak hobera egiten jarraitzen du: azken orduetan 44 lagun ingresatu dituzten arren, guztira 465 dira COVIDaren eraginez erietxeetan daudenak (aurreko egunean baino 29 gutxiago) eta horietatik 132 daude Zainketa Intentsiboetako Unitatean (herenegun baino bi gutxiago). Nafarroan, bestalde, aurreko eguean baino bi pertsona gutxiago daude ingresatuta (117), baina ZIUn bat gehiago (21).