Osakidetzak gaur abiatuko du nagusienak diren pertsonen txertaketa, eta azaldu dutenez, mailaka eta dosiak eta zitazioak txandakatuz egingo dute. Horretarako telefono bidezko deia jasotzen ari dira adinekoak, eta txertoa non eta noiz jasoko duten azaltzen zaie. Horri lotuta, hitzorduak goizez, arratsaldez eta asteburuetan ematen ari dira, guztien "irisgarritasuna errazteko".
Bailarako kasuan, Debagoieneko Ospitalean jarriko dira dosiak, baina adinekoen mugikortasuna gomendatzen ez den kasuetan, osasun langileak haien etxeetara gerturatuko dira txertoa jartzera.
Autoan txertatzeko aukera
Bestetik, Osakidetzak lurralde bakoitzeko puntu bat ezarri du adineko pertsonak ibilgailutik irten gabe txertatzeko. Halere, momentuz hiru dira aukera hori ematen duten zentroak (Donostia Ospitalea, Santiago Ospitalea eta Mungiako Osasun Zentroa). Azaldu dute jardunbide hori "eraginkorra" bada, aurrerago puntu berriak ezartzea aztertuko dutela.