Goizeko 9:00etan, Elgetan, puxika moreak puzten ari ziren feministak. Musikarekin eta umore onez, autoak apaindu dituzte eta beraien zapia hartuta, Uberara abiatu dira.
Uberan, Bergarakoek jaso dute elgetarren oihala, eta beraienarekin batera, Elorregira eraman dute. Bergararrak autoan, oinez nahiz bizikletan iritsi dira, eta oñatiarrak ere biribilguneko zubira gerturatu dira haien zapiarekin. Zubia apaindu dute pankarta eta puxikekin, eta zapi guztiak, eskutik eskura igaroz, arrasatearrei eman dizkiete.
Arrasateko feministak 12:00etan Biteri plazara iritsi dira eta bertan zapia aurkeztu dute: "Berriz gatoz martxan jartzera kolore morez jantzita dagoen bidea. Mila kolorez jantziko ditugu, bideak, kaleak, eskolak, gorputzak... Eta mila kolorez jantziko dugu beste behin Mundu Martxa". Ekitaldia dantzan eta kantuan bukatu dute Mundu Martxako Mugitzen garenak garelako abestiaren erritmoan.
Arrasatekoek Aretxabaletarako bidea hartu dute, baina aurretik Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio erreferenduma exijitzeko mobilizazioan parte hartu dute. 13:30ean iritsi dira mugarrira. Zain zeuden Aretxabaletako feministak eta gainerako herrietako zapi guztiak jaso dituzte Eskoriatzarantz joan aurretik.
14:30ean Eskoriatzako sarreran zauden bertako eta Leintz Gatzagako feministak. Dena den, eskoriatzarrek ofizialki 10:30ean jaso dute Marulandan gatzagarren oihala. Festa giroan eta "ateak zabalik" jaso dituzte aretxabaletarrak. Kartoiarekin ate handi bat irudikatu dute eta ondoko herriko emakumeei ireki diete.
Ekitaldi nagusia, Eskoriatzan
18:00ak inguruan iritsi da karabana, eta ekitaldi alai batekin eman zaio ongietorria. Dantza, bertsoak eta irrintziak izan dira nagusi, eta ohialek Irun eta Hendaia arteko zubirako bidea hartu dute. Bertan zintzilikatuko dira Euskal Herriko gainerako zapiekin batera, martxoaren 6an.