Aldundiak 1,5 milioi euro bideratuko ditu landa-bideak hobetzeko

Maider Arregi 2021ko ots. 19a, 15:25

Gipuzkoako Foru Aldundiak landa-bideak hobetzeko 1.500.000 euro bideratuko ditu aurten. Deialdia datozen egunetan argitaratuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta udalek zein udalerria baino lurralde eremu txikiagoko toki erakundeek egin ahal izango dituzte eskabideak.

Aldundiaren LandaGipuzkoa proiektuaren baitan kokatzen da ekimen hori, eta helburutzat du lurralde oreka sustatzea, foru erakundeak Gipuzkoa desberdintasunik txikieneko Europako lurralde bilakatzeko egindako apustuaren barruan.

Laguntza horien helburua da landa-eremuetako biztanleen bizi kalitatea hobetzea eta lehen sektorearen garapena bultzatzea, irisgarritasuna eta garraioa orohar hobetuz, eta nekazaritza-azalerak hobeto ustiatzea ahalbidetuz. Besteak beste, honako lan hauek egingo dira: landa-bide berriak eraikitzea, lehen asfaltatzea edo hormigoiztatzea; landa-bideak konpontzea, egokitzea eta hobetzea nekazaritza-ustiategietarako; eta horietarako sarbideak seinaleztatzea. Eskaerak 20 egun balioduneko epean aurkeztu ahal izango dira, deialdia GAOn argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita.

3.360 kilometro bide

Iaz, pandemiak eragindako aparteko gastuak zirela-eta, landa-bideen deialdia bertan behera utzi behar izan zuen Aldundiak krisiak lehen sektorearen jarduera ekonomikoan eragindako beharrei erantzuteko. Aitzitik, 2019an, udalek eta toki erakunde txikiek guztira, 3.229.313 euroko inbertsioa egin zuten, eta Gipuzkoako Aldundiak 1,6 milioi euro bideratu zituen deialdi horretara. 2019an, 65 udalerri eta toki erakundetako 72 proiekturi eman zitzaien laguntza, eta landa-bideen 67 kilometro berritu edo asfaltatu ziren. 

Guztira, gaur egun, erabilera publikoko landa-bideen 3.360 kilometro inguru ditu lurraldeak. LandaGipuzkoa proiektuaren  xedea da oinarrizko azpiegiturak –bideak, edateko ur publikoa eta saneamendua– mantentzea eta hobetzea, arrakala digitala murriztea banda zabal ultra-azkarra hedatuz, jarduera erakartzea, gizarte zerbitzuak optimizatzea, despopulazioa saihestea, etab.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak