Kino Martinez: "Pandemiak kontsumo ohiturak aldatuko ditu"

Maialen Santos 2021ko ots. 19a, 20:08

Gipuzkoako Ostalarien elkarteko ordezkariak –tartean, Kino Martinez Idazkari Nagusia– Bergarako ostalariekin bildu ziren eguaztenean. Herri horretako ostalarien egoera izan zuten berbagai, besteak beste.

Martinezek azaldu du ostalaritza sektorearen "biziraupena" bermatzeko lanetan ari direla.

Zer eman zuen Bergarako ostalariekin egindako bilerak?

Elkarteko hiru lagun eta herri horretako 30 ostalari inguru elkartu ginen –71 establezimendu daude herrian–. Bi hizketagai nagusi izan genituen bileran: batetik, Gipuzkoako Elkartetik zein lan egiten ari garen azaldu genien, eta baita sektorea nola dagoen birpasatu ere. Horretaz gain, herriko gai konkretuei buruz jardun genuen: alde batetik, terrazen araudia berritu beharra dagoela uste dugu. Bestalde, Bergarako ostalariak elkartu eta talde bat osatzea ere planteatu genuen bileran, indarrak batzeko helburuarekin.

Nola dago terrazen araudia?

2009ko araudia da, eta zaharkitua dago. Sasoi honetan terrazak ezinbestekoak dira ostalaritzaren biziraupenerako, eta, mahaitik mahaira metro eta erdiko distantzia uztea derrigorrezkoa denez, Gipuzkoako herrietako udalek espazio handiagoa hartzen utzi diete ostalariei gehiago ordaindu beharrik gabe; era horretan, mahaiak kendu behar izan ez ditzaten. Bileran kontatu zigutenez, Bergaran kontrakoa gertatu da. Ostalariek mahai kopurua murriztu behar izan dute, ez dietelako tokia zabaltzen utzi. Alde horretatik, uste dugu Udalak eskuzabalagoa beharko lukeela izan.

Nola topatu zenituzten herriko ostalariak?

Orokorrean dugun sentsazioa da ostalaritza-jarduera %40 erori dela. Pandemiak gehien kaltetu duen sektorea da gurea. Eta nekea sumatzen dugu, aurreikuspenak zalantzazkoak dira, eta uste dugu egoera hau gehiegi luzatzen ari dela. Osasun krisiak gutxiago iraungo balu, kontsumo ohiturak ez lirateke aldatuko; baina gehiegi luzatu da, eta arrastoa utziko du horrek.

Zein ohitura aldatuko dira?

Aurrerantzean jendeak gehiago joko du terrazetara, eta horretan inbertitu behar dugu tabernariok. Gaueko aisialdiak gehiago beharko du errekuperatzeko, eta kaltetu horiek lagundu beharrean gaude. Gainera, etxera eramateko zerbitzua ere indarra hartzen ari da.

Zertan ari da orain elkartea?

Eusko Legebiltzarrean atzo proposatu zuten sektorearentzako erreskate plan bat luzatzea, eta horretan ari gara lanean, hain zuzen; laguntzak ostalariei iritsiko zaizkiela ziurtatu gura dugu, autonomoek eta enpresa txikiek itxaropena izan dezaten. Hori horrela, ostalaritzaren biziraupena bermatzea da gure helburua, gaur-gaurkoz.

Auzitegi Nagusiak berriki onartu du intzidentzia-tasa altua duten herrietako tabernen irekiera...

Bai, eta lorpen handia izan da hori. Baina ez da egin dugun bakarra. Pozik gaude, Asturiasen edota Katalunian, esaterako, ebazpena ez delako bera izan.

Nola ikusten dituzu ostalaritzari lotutako neurriak?

Inoiz baino hobeto bete behar dugu araudia. Eta kontua ez da nork bere tabernan eta bere bezeroek araudia betetzen dutela ziurtatzea, ondokoak betetzen duela ere ziurtatu beharra dago eta. Hala ezean, kutsatzeak igo egiten dira eta guri egozten digute errua; jomugan gaudelako.

Zeintzuk dira etorkizunerako aurreikuspenak?

Pandemiak orbainak utziko dizkigu, ostalaritzari kosta egingo zaio errekuperatzea. Baina EAEko ostalaritzak oinarri sendoak ditu; horri esker, itxaropena duen etorkizuna eraikiko dugu.

Zer eskatzen duzue?

Sentsibilitatea eskatzen diegu herrietako udalei, egoera dramatikoa bizi dugulako. Eta Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren bitartez lagun gaitzatela eskatzen diegu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak