Zubi-harresien gainetik, guztien ongizatearen bila

Hasier Larrea 2021ko ots. 19a, 13:48

Bergarako Martxanterak, joan den zapatuan, EMMren etorrera prestatzen.

Emakumeen Mundu Martxak bosgarren ekintza internazionalista garatzen dihardu, eta Euskal Herriko talde feministek euren ekarpena egingo dute bihar: herrietako zapiak batu, Irun eta Hendaia artean martxoaren 6an egingo den ekintzara begira.

"Sistemaren arrazismoan eta pertsona bakoitzak gai horretan duen erantzukizunean" oinarrituko da Emakumeen Mundu Martxaren (EMM) aurtengo ekintza. 2000. urtean sortu zen mugimendua bost urtetik behin batzen da, gizartean dauden arrakalak ikusarazi eta deuseztatzeko ekimen entzutetsuak egiteko; hori horrela, aurtengoa hiru "egitura arrazistatan" zentratuko da, Emakume Mundu Martxako kide Luciana Alfarok aipatu duenez: migrazioetan, mugetan eta transnazionaletan. "Azal zuriko feminista pribilegiatuak interpelatu nahi ditugu oraingoan, barneratutako egitura arrazistez jabetu eta sisteman pitzadurak sortzen hasteko unea dela jakinarazteko", adierazi du. Jatorriz Perukoa den arren, Bergaran bizi da orain; ondorioz, pertsona "arrazializatua" sentitzen da hemen, eta argi dauka gizarteak arrazismoaren gaineko "hausnarketa sakona" egin behar duela.

AURREIRITZIETAN BAINO GEHIAGO, NORBERAK SISTEMA ALDATZEKO ARDURAN JARRI DUTE ARRETA

Pertsona bakoitzak duen erantzukizun horiek sinbolizatzeko, zapiak ehundu dituzte egunotan herri bakoitzeko talde feministek. Oihal horiek herrietako mugetan pasako dituzte eskurik esku bihar, egunean zehar, eta esan gabe doa ibarreko feministen artean sareak ehuntzeko ere balioko duela zapatuko ekimenak. Debagoienean, Uberan hasiko dira zapiak batzen, eta ondoren pasako dira Elorregitik, Mugarritik, Almenetik eta Marulandatik, eta arratsaldeko seietan Eskoriatzan ekitaldi nagusia egingo dute. Bertan, ibarreko herrietako oihalak emango dizkiete Tolosatik etorriko diren Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako kideei, haiek eraman ditzaten martxoaren 6an Irun eta Hendaia artean egingo den ekitaldi nazionalera.

Lanketarako, dosierra

EMMk formakuntza feministan sakontzeko material didaktiko ugari jarri du aztergai bere webgunean, aurtengo leloarekin zerikusia duten gaiak txosten batean batuta. "Egiteko serioa da, apiriletik aurrera patxadaz landuko duguna", esan dute EMMren ekimena antolatzen diharduten Olaia Muruak eta Jasone Giraldok. Ibarreko emakume ororekin landuko dutela ere nabarmendu dute: "Jatorri askotariko pertsonekin ari gara lanean; oso esperientzia aberatsa ari gara bizitzen, kulturartekotasuna sustatuz eta bakoitzaren balioak errespetatuz". Dosierra bera laburtzeko infografiak ere badaude sarean. Horiei erabilera ikusgarria eman nahi dietela azaldu du Alfarok: "Gure asmoa kolektibo feministei muralak marrazteko erraztasunak ematea da, Euskal Herriko herri gehienetako kaleetan infografia horiek irudikatzeko".

Erlazio "ona" ibarrean

Alfaro, Murua eta Giraldo bat datoz Debagoienean artikulatuta dauden talde feministen eta emakume etorkinen artean "harreman osasuntsuak" sortu direla baieztatzeko orduan. Perutarrak dio jendea "prest" dagoela bailara mailan "feminismotik eraikitzen jarraitzeko"; Muruak eta Giraldok, aldiz, migratzaileen egoera ezagutzeak "bertakook dauzkagun zenbait pribilegioz ohartzeko" balio izan diela aitortu dute.

Pandemiak ez ditu gelditu

Hala ere, egungo egoerak etorkin askoren herritartze prozesuan atzerapausoa ekarri duela esan du Alfarok, "askok lana galdu dutelako". Pandemiak pandemia, emakume guztien aldeko eskubideen aldarriek aurrera jarraitzen dute; biharko indar erakustaldia izango da horren lekuko.

EMMren ekintzen hitzorduak:

Antolatzaileek adierazi dute ibilbidea oinez, bizikletan, autoz edo autobusez egin daitekeela. Jantzi moreren bat eta lepoko zapiren bat eramatea ere gomendatu dute. Debagoienean honako ordutegi hau izango dute herriz herriko ekintzek:

• 09:00etan Bergarako frontoian: Hortik Elorregira joango dira bergararrak; 09:30ean elgetarren zapia jasoko dute autoz Uberan.

• 10:30ean Elorregin: Elgeta, Bergara eta Oñatiko zapiak jasoko dituzte biribilgune horretan, eta Arrasaterantz abiatuko dira jarraian bidegorritik.

• 10:30ean Marulandan: Leintz Gatzagako ordezkaritzak Eskoriatzakoari pasako dio zapia.

• 12:00etan Biterin: Arrasateko zapiaren aurkezpen ekitaldia egingo dute bertan.• 12:30ean Mugarrira: aurkezpenaren ostean Aretxabaletarako bidea hartuko dute parte hartzaileek.

• 12:30ean Arizmendiarrieta plazan: Sahara Libreren bilkura.

• 13:30ean Mugarrin: aurreko herrietan batutako zapi guztiak pasako dizkiete aretxabaletarrei.

• 18:00etan Eskoriatzan, ekitaldi nagusia: bailarako zapiak karabanan joandako Euskal Herriko EMMko kideek jasoko dituzte. Tea, pastak, musika eta bideo proiekzioa egongo dira

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak