'Il domani' ez du biharko utzi Mikel Linazisorok

Xabier Urtzelai 2021ko ots. 19a, 19:00

Mikel Linazisoro 'Il Domani' bidea eskalatzen. Argazkia: EITB

2003an jarri zion Baltzolako 9a zailtasuneko bide horri izena Patxi Usobiaga eibartarrak. Ondoren, goi mailako zenbait eskalatzailek baino ez dute igo bide hori, eta Bergarakoak Gabonetan lortu zuen txikitatik zuen ametsa.

Txapelketak etenda, eta Japoniako Olinpiar Jokoen gainean galdera ikur galanta dagoen honetan, Mikel Linazisorok (Bergara, 2000) aparkatuta zituen beste amets batzuei heldu die: harkaitzean maila goreneko bideak eskalatzeari, hain zuzen. Eta hor, txikitatik zuen ametsa bete ahal izan zuen 2020a amaitzeko egun gutxi geratzen zirela: Baltzolako (Araba) Il domani (9a) bidea eskalatu zuen Gabonetan.

Patxi Usobiaga eibartarrak 2003an ireki zuen bide hori, eta, akaso, hortik jarri zion izena, ahaleginaren ahaleginez lortu ez eta zera esaten ziolako egunaren amaieran bere buruari, "biharko utziko dut"; alegia, Il domani. Linazisorok, baina, ez du biharko utzi: "Txikitatik izan dudan ametsa da bide hori igotzea. Euskal Herriko bide zailenetakoa izango da, eta Espainia osoan ere ez daude asko bide hori baino zailagoak direnak. Gainera, bide oso esanguratsu bilakatu da".

Esan bezala, Il domani Patxi Usobiagaren proiektua da. Eskalatzaile eibartarrak 2002an prestatu zuen bidea, eta hurrengo urtean (2003) lortu zuen igotzea. Ondoren, Iker Pou eta Iban Larrion puntako eskalatzaileek igo zuten, eta 2013an beste debagoiendar bat, Ander Lasagabaster arrasatearra, aukeratuen taldean sartu zen. Eta denek berretsi zuten Usobiagak bere egunean bideari ezarri zion 9a zailtasuneko gradua. Il domani-ri, baina, beste bultzada bat geratzen zitzaion nazioartean are eta entzutetsuago bilakatzeko: "Adam Ondra munduko eskalatzaile onena da, eta bide hori lehenengo saiakeran igotzea lortu zuen [2014]. Hori izugarri zaila da, eta Ondrak ere bat egin zuen 9a graduko zailtasuna zuela esanez. Bada, eskalada hark oihartzun handiagoa eman zion Baltzolako bide horri, eta nik begiz jota neukan, aspaldidanik. Hala, poztasun galanta hartu nuen ametsa gauzatu nuenean; gainera, kosta egin zitzaidan Il domani egitea, eta gora iritsi nintzenean poztasun galanta hartu nuen".

Harkaitza, ihesbide ona

Bergararrak azken urteotan txapelketetan jarri du fokua, baina pandemia tarteko nazioarteko txapelketak bertan behera geratu dira eta bergararrak harkaitzean bilatu du ihesbidea, eta baita aurkitu ere. Il domani igo aurretik beste proiektu batzuk gauzatu zituen Baltzolan; Obaba (9a), esaterako. Hala, igoera hauekin, dagoeneko harkaitzean zenbait bide esanguratsu egin ditu: Begi puntuan (9a, 2016an), 4x4 (8c+/9a, Atxarten, 2017an), eta Tas tas (8c+/9a, Baltzolan, 2020ko udan). Eta 2021era begira garbi dauka ez dituela hor egin beharreko lan guztiak amaitu: "Hurrengo erronka izango da 9a+ zailtasuneko bide bat egitea; alegia, zailtasun graduan koska txiki bat gora egitea. Hala, Euskal Herrian pare bat bide baino ez daude zailtasun hori dutenak, eta horietako bat Baltzolan bertan dago, Il domani-tik pare bat metrora. Iñi Ameriketan dauka izena eta erronka handia izango da, horretan ibiliko gara aurten lanean".

Non dago aldea?

Maila hain zorrotzeko bideak egiterakoan, gradu erdiko aldea non egon daitekeen azaldu du Bergarakoak: "Motibo askorengatik izan daiteke bide bat bestea baino apur bat gogorragoa. Bidea bera apur bat luzeagoa delako eta erresistentzia handiagoa eskatzen duelako, paso erabakigarriak zailtasun tekniko edo fisiko handiagoa duelako, halakoak izaten dira kontuan".

Munduko Kopara begira

2021ak, oraingoz, txapelketei begira ez du iazkoak baino itxura hobea, nahiz eta Linazisorok ez duen esperantzarik galdu. "Espainiako Kopako hitzorduak oraingo hilean bertan hasi behar genituen, eta horiek urte amaierara atzeratu dituzte, pentsatuz orduan egoera hobean egongo garela. Orain momentuan, Munduko Kopako probetan daukat jarrita esperantza. Akaso, Munduko Kopa egingo duten lurraldeetan COVID-19aren egoera hobea izango da, eta hitzordu horiek antolatzeko hemen baino baliabide gehiago izaten dituzte; horrenbestez, hor daukat esperantza".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak