Etxeko lanak egiteko, trabak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko ots. 19a, 15:03

Aretxabaletako Kuartela Kultur Elkarteko musikari batzuk, eguaztenean, entsegu-lokalen eraikinaren aurrean.

Eusko Jaurlaritzak abenduaren 10ean argitaratu zuen 4/2020 Dekretuak bertan behera utzi zituen "musika eta ahots-izaerako edo dantza-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez-profesionalak, musikako graduko ikasketen edo baliokideen prestakuntza arautuari dagozkionak izan ezik". Urtarrilaren 11n, profesionalak ez diren dantza taldeek lanean hasteko bai-mena jaso zuten.

Dekretuak zirrikitu eta hutsune asko dituela diote, orokorrean, eskualdeko musikariek, eta entseatzea ezinbestekoa dutela aldarrikatzen jarraitzen dute. Badaude lokal pribatuak dituzten musika taldeak, baina gehienak udal eraikinetan daude. Entseguetarako baimena emateko ezer gutxi egin dezaketela diote, orokorrean, udal ordezkariek, baina egoera zein den ulertzerakoan malgutasuna ez da guztietan bera.

Aretxabaletan, lokalak itxita

Azaroa ezkero, kuarteleko eraikina itxita dago eta bertako musikariek ez dute entseatzeko aukerarik. Udalari proposamen bat egin ziotela kontatu dute Kuartela Kultura Elkarteko kideek: "Udalaren eta elkartearen arteko kontratu sinboliko bat sinatzea proposatu genuen; inorentzat inongo kosturik izango ez zukeen hitzarmena. Kuartela Kultura Elkarteko taldeak kontratatzeko proposamena erakutsi genion Udalari; kontratu horrek, legez, eraikina zabaltzea eta bertako kultur jardunari ekitea ahalbidetuko luke. Trukean, astero, edo bi astean behin, herritarrendako kultura ikus-kizunak eskaintzeko konpromisoa hartuko genuke guk".

Udaleko ordezkariei proposamena gustatu zitzaiela baina gauzatzeko aukerarik ez dutela azaldu du Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak: "Ez dago gure eskuetan entseguak baimentzea. Jaiki elkarteak badu aukera orain, baina Eusko Jaurlaritzak horrela baimendu duelako. Kontzertuen kontratu hori ere ezin dugu egin, ez dituelako dekretuak jasotzen dituen baldintzak betetzen; hau da, alta emanda egon behar dute musikariek".

Entseatzeko baimena eskatzeaz gainera, eraikineko azpiegitura arazoak konpontzeko beharra dutela ere badiote elkarteko kideek: "Eraikinak gabezia handiak ditu; besteak beste, elektrizitate arazoak ditugu". Horri erantzunez Caberok zera dio: "Egin ahal diren konponketak egin ditugu, baina ez dugu eskatutako guztia egiteko aukerarik orain". Euren aldarrikapenak kalera aterako ditu Kuartela Kultura Elkarteak bihar egingo duten manifestazioarekin. "18:00etan abiatuko gara, kuarteletik; erdiguneko kaleetan zehar ibiliko gara eta udaletxean bukatuko dugu. Herriko eta aldemeneko herrietako musikariak eta zaleak gonbidatu nahi ditugu", eta zera gaineratu dute Arrasateko DeposGaz elkartekoek: "Garrantzitsuak dira halako ekimenak arazoa gizarteratzeko; gure babesa irmoa da halakoekiko".

Herri batzuetan, bakarka

Oñatiko Eltzian ditu Zai Zoi Bele musikarien kolektiboak entsegu lokalak, eta Goikorock elkartean batzen dira Bergarako talde gehienak; elkarteek dute lokalen kudeaketaren ardura. Bakarka entseatzen dute, orokorrean, bietan, baina kontzerturen baten edo grabaketaren baten kontratua izanez gero, taldean entseatzeko baimena izan dezakete. "Arrasateko DeposGaz elkartearen lokaletan ezin dute entseatu, baina izaera profesionala duten musikariek eta taldeek baimen berezia eskatzeko bidea dute", azaldu dute Gazteria Sailetik, eta zera gaineratu dute elkartekoek: "Behar ditugu gure espazioak errekuperatu, askatasun eta hausnarketa guneak piztu eta denon artean eraiki, modu kolektiboan. Zaindu ditzagun herriak, kultura eta zaindu dezagun guztiok elkar. Guk egingo dugu, baina agintariei ere neurriak eta dinamikak aldatzeko eskatu nahi diegu eta erantzukizunez jokatzeko ere bai".

Hainbat talde, lanean

Egitasmo asko bertan behera gelditu diren arren, badira abian dauden hainbat ere. Bergarako Lemak taldeko Biken Larrañagak asteburuan diskoa grabatzen hasteko asmoa dutela dio: "Estudioarekin dugun kontratuak egunotan taldean entseatzeko aukera eman digu. Grabazioa bukatu bitartean izango dugu baimen berezi hori".

Kontzertuak lotzeko garairik oparoena ez den arren, eskualdeko musikari batzuk ari dira agendak osatzen; Bergarako Emon taldeak, esaterako, Itzulera kontzertua egingo du bihar Seminarixoan: "Ez dugu lokalik, eta hainbat toki handitan batu gara. Udalak kontzertuaren ziurtagiri bat egin digu entseatu ahal izateko, eta Zabalotegin entsegu bat egiteko aukera ere eman digu", azaldu du Emon taldeko Aritz Alustizak.

Bergarako Brigade Loco taldekoek ere datozen asteetarako bi kontzertu lotuta dituztela azaldu dute: " Otsailaren 27an Naiz-ek Hernanin antolatu duen kontzertuan izango gara, eta martxoaren 6an, Azken Sustraia taldearekin batera Atarrabiako Totem aretoan. Kontratu horiek entseatzeko aukera ematen digute".

Arrasateko Perlata taldekoek ere hainbat kontzertu egin dituztela azaldu dute, nahiz eta egoera zaila izan. "Kontzertu batzuk izan ditugu, neurri konkretu batzuekin, egoera berri honi pausoz-pauso aurre egiteko asmoz. Ez da erreza izaten ari, bertan behera gelditzen dira egitasmo asko, egoera latzean dago sektorea orokorrean eta trabekin egiten dugu topo alde guztietan. Hori bai, ez gara ez isilik ez izoztuta geldituko eta argi daukagu modu berriak bilatuko ditugula musika bizirik mantentzeko eta elkarlanean egingo dugula. Espero dugu laster bestelako kontzertuak antolatzen hastea, asmatuko dugu modua.  Egia esan batzuetan sentsazioa da egoera arrotz honek ere indarra eta poztasuna kentzen diola egunetik egunera musika eszenari, baina jende asko dago egun eta gau honen alde lanean".

Abesbatzek, egoera ezberdinak

Euskal Herrian 15.000 lagunetik gora mugitzen dira abesbatzetan, baina ez dago abesbatza profesionalik. "Abesbatzen Federazioak entsegu baimen batzuk lortu ditu, baina, zoritxarrez, ez koru guztientzako. Kontzertu edo bestelako emanaldietarako kontratua lortuz gero, entsegu baimen hori emateko gaitasuna ere badu Federazioak. Hasiera-hasieratik zorrotz zaindu dugu protokoloa. Ganbararen entsegu-tokia aldatu egin dugu, Eltziako Aula Magnan egiten dugu orain; oso zabala da eta ez dugu maskara sekula kentzen", azaldu du Aitor Biain zuzendariak.

Bergarako Musika Bandak 'La vida es un carnaval' kantuarekin bideoa grabatu zuten.

Bandak eta orkestrak ezin dira batu

Bergarako Musika Banda eta Orkestra Sinfonikoa ere geldi daude azaroa ezkero. "Bi talde ezberdin dira, baina egoera bera da, ez dugu aurrez aurreko entsegurik eta kontzertuak egiteko aukerarik, ez garelako talde profesionalak. Martxoan bat-batean eten genuen jarduna, ekainean hasita elkartzeko aukera izan dugu, baina azarotik hona ezin gara elkartu", azaldu du Enrike Txurrukak, Bergarako Bandako eta Bergarako Orkestra Sinfonikoko zuzendariak.

Taldeak motibatzeko, bideoak

Hala ere, Txurrukak gaineratu du bakoitzak bere etxetik bada ere bi taldeek lanean jarraitzen dutela: "Ezaugarri antzerakoak dituzten musika bandekin eta orkestrekin harremanetan nago, eta gogorra da entzutea hainbat talde bertan behera geratzeko arriskuan daudela. Horregatik, musikariak aktibo mantentzea da gure helburua, eta asmo horrekin etxeko-lanak bidaltzen dizkiet noizean behin. Bakoitzak bere zatia grabatu eta niri bidaltzen dit gero, eta horiekin guztiekin talde-bideo bat osatzen dut nik. Modu horretan, musikariek taldearekin duten konpromisoari eustea lortzen dugu, batetik, eta, bide batez, herritarrei lanean jarraitzen dugula erakusten diegu. Iazko martxotik hona sei bideo zabaldu ditugu sare sozialetan, eta herritarrek eskertu egin digute eskaintza hori, nahiz eta kontzertuetarako irrikaz daudela ere sarritan adierazten diguten".

Banden Federazio berria

Elkarlanerako bideak zabaltzeko eta informazioa partekatzeko asmoz, hainbat Whatsapp talde sortu dituzte azkenaldian euskal bandek eta orkestrek, baina, horrez gain, pauso bat gehiago eman berri dute, Euskal Herriko Banden Federazioa sortuta. "Paperak eguneratuta genituen hogei taldek eman dugu lehen pausoa elkartea eratzeko, eta ari dira poliki-poliki beste talde batzuk ere batzen. Arrasateko eta Eskoriatzako musika bandak musika eskolakoak dira, eta, beste izaera bat duten arren, taldera batzeko gogoa dute".

Aitor Biain Hots abesbatzaren emanaldi bat zuzentzen.

Aitor Biain (zuzendaria): "Pandemia garaian klabea izan da Abesbatzen Federazioaren lana"

Aitor Biain oñatiarra bost abesbatzatako zuzendaria da: Ganbara, Hots eta EHUko abesbatzetan, Ganbara Kantu Eskolan eta Bergarako Orfeoian.

Zelan daroazu egoera?

Egia esan, beste zuzendari batzuekin alderatuz zortea dut nik; guztiekin ez, baina koru batzuekin aurrez aurre entseatzeko aukera dudalako. Ganbara eta Hots abesbatzekin modu presentzialean jarduten dut eta Bergarako Orfeoiarekin, online. Ganbara eskolakoekin ere aurrez aurre entseatzen dugu, baina talde txikitan.

Zergatik ezberdintasun hori?

Euskal Herrian ez dago abesbatza profesionalik, eta, hori horrela, Euskal Herriko Abesbatzen Federazioak entsegu baimen batzuk lortu ditu, horien artean, aipatutako bi taldeentzako.

Eta nola moldatzen zara Bergarako Orfeoikoekin?

Bi saio egiten ditugu astero: neskekin bat eta mutilekin beste bat. Ez da aurrez aurrekoa bestekoa, muga teknikoak daudelako, baina ezer egin baino irtenbide hobea da. Aukera dugunean jendaurrean abesteko gogotsu gaude.

Atzean Federazio bat izatea lagungarria izan da, ezta?

Duda barik. Herrialde bakoitzeko bana dago, eta horien gainetik Euskal Herrikoa. Ikastaroak eta beste ekimen batzuk antolatuta abesbatzei bultzada ematea da helburua. Pandemian klabea izan da Federazioa; Osalanekin protokoloa egin du, entseatzeko baimenak lortu ditu...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak