Pozik zaude Bergaran jotzeko aukerarekin?
Bai, oso pozik. Gainera, hainbat urtetan Bergarako Ertzak taldearekin jo izan dut eta niretzako etxean egotea bezala izango da Bergaran jotzea.
Pena emango du, baina, etxetik hain gertu egon eta aramaioarrek kontzertura joateko aukerarik ez izateak.
Pena ematen du, bai; ea aurrerago Aramaion kontzerturen bat eskaintzeko aukera dudan.
Diskoa ez dago kalean; hala ere, bertako abestiak eskainiko dituzu Seminarixoan?
Kuriosoa izango da. Diskoa ez da salgai egongo, baina primizian entzungo dituzte azken disko horretako abestiak.
Noizko egongo da kalean?
Asmoa da Aste Santu ondoren argitaratzea diskoa. Ea dena martxa onean doan eta horrela izan daitekeen. Maiatzean edo ekainean, berriz, bira hasi gurako genuke.
Zer jasotzen du Ilun eta abar diskoak?
Zazpi abesti izango ditu lan berriak. Guztiak nik sortutako abestiak dira. Edozelan ere, letrak idazteko laguntza izan dut: Arrasateko Institutuan ezagutu nuen Maria Oses lagunak egin dizkit letra batzuk, eta beste abesti bateko letra Xabi Igoa aramaioarrak idatzi dit. Musika nik neuk sortua da, baina nabarmendu behar da taldearen laguntzarekin gorpuztu direla abesti guztiak.
Diskoa esku artean izateko gogoz dagoenari nola azalduko zenioke zer jasotzen den bertan?
Egia esan, ez dakit zein den nire estiloa. Ideia ezberdinak hartzen ditut... baina esan daiteke diskoa intimoa izango dela: pop eta folk doinuak izango ditu.
Norekin grabatu duzu?
Autoekoiztutako lana dela esan dezaket; bi manager izan ditut ondoan. Grabazioa Donostiako Muir estudioetan egin nuen, udazkenean, Jon Bidaurrerekin. Oso gustura geratu naiz lortutako emaitzarekin.
Azken urte honetan bizi dugun egoerak nola eragin dizue kulturgintzan aritzen zaretenoi?
Egia da egoera nola dagoen ikusteak amorrua ematen duela. Baina nik aprobetxatu egin dut egoera eta momentua diskoa grabatzeko eta abesti berriak sortzeko. Bestalde, esan behar dut bizi dugun egoerak eskatzen duen formatua oso egokia dela niretzako. Hau da, areto batean jotzea, jendea jesarrita egotea. Nire musika motarekin oso ondo doan formatua dela esan dezaket. Nabarmendu nahiko nuke udan hogei bat kontzertu eskaini nituela aretoetan.
Eta nola daramazu ikusleak maskararen atzean ikustea? Harremana mantentzea zaila da?
Maskarak hoztu egin du musikariaren eta ikuslearen arteko harremana. Baina, egoera honen aurrean, momentu honetan komunikatzeko beste bide batzuk ikasi ditugu; begiekin komunikatzen, adibidez.