Arrasaten jarraitzen du Mundukideren egoitzak, baina Zarugalde kaletik Iturriotzera pasa dira. Eta horrekin batera, fundazioaren ekimena ezagutarazteko mundukide.org webgune berria abiarazi dute, proiektuen inguruko informazio zabala, ingeleseko bertsioa eta Bizum bezalako dohaintza-bide berriak eskainiz.
Izan ere, garbi dute 2021ean inoiz baino elkartasun handiagoa beharko dutela. "Guztiondako urte gogorra izango dela jakitun, azpiegitura eta lan-taldea sendotzen jarraitzen du Mundukidek, izan ere, kontziente gara Afrikan eta Hego Amerikan egoera zaurgarrian bizi diren kolektiboengan pandemiak ze eragin duen. Horretarako, elkartasun deia geroago eta jende gehiagorengana iritsi behar da. Datozen urteetan elkartasuna pertsona gehiagori zabaltzeko beharra ikusten du Mundukidek eta horretarako 19 pertsonako lantalde profesionalaz gain 30 pertsonako boluntario taldeaz osatzen da".
Bidelagun askoren babesarekin, aurrera
Arlo ekonomikoan Garapenerako Lankidetzarako Euskal Agentzia, Espainiako AECID, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Nafarroako Gobernua, Arrasateko, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Aramaioko Udalak, Harreman, Hiruatx, Anelkar, Munduzabal eta Gernikatik Mundura Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta Mundukideren sorreratik babesa eta laguntza eskaintzen dioten Mondragon Taldeko kooperatibak eta pertsona partikular ugari izango dira Mundukideren misioa errealitate bihurtzeko bidelagunak.
Lankidetza programak berriz, Afrikar kontinenteko Mozambike eta Etiopia herrialdeetan oinarrituko dira, herrialde hauen gehiengoaren ekonomia nekazaritzan oinarritzen baita. Hego Amerikan, Brasil, Kolonbia eta Ekuadorren, nekazal ekoizpenerako kooperatiben prozesuak eta emaitzak hobetzea da helburua. Programa batzuk urte askotako bidea egin dute baina helburua programak hedatzea eta onuradun kopurua handitzen joatea da. Beste programa batzuk berriz, nahiko berriak direnez, helburua proiektua erabat sendotzea eta emaitzak ikustea da.