Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.
Azken kasuekin Oñatik 800 positibo metatuen langa gainditu du; zehazki, 802 dira bertan erregistratu diren kasuak, martxotik hona. Horrek esan nahi du eskualde osoko kasuen %13,2 atzeman direla Oñatin (goiko gaztan agertzen dira datuak). Ehuneko handiena duena, ordea, Arrasate da (%44,8), eta atzetik du Bergara (21,7).
Bestetik, atzoko intzidentzia datuei erreparatuta, tasak gora egin duen bailarako herri bakarra Oñati izan da (1.342,87koa da azken datua) eta behera egin du Aramaion, Eskoriatzan eta Arrasaten. Gainerakoetan, berdin mantendu da. Datu guztiak daude mapan:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
%5etik beherako positibotasun-tasak
Atzoko egunez Hego Euskal Herrian egindako 11.311 PCR eta antigeno proben %4,7k eman zuen positibo Euskal Autonomia Erkidegoan eta %3,26k Nafarroan; hala, guztira, 510 kasu berri atzeman zituzten: 293 Bizkaian, 106 Gipuzkoan, 57 Nafarroan, 45 Araban eta bederatzi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Ospitaleetan, egoerak hobera egiten jarraitzen du, baina EAEn 60 lagun ingresatu dituzte azken orduetan (aurreko egunean baino 22 gehiago). Guztira 606 daude erietxeetan (herenegun baino 38 gutxiago eta duela hamar egun baino 105 gutxiago), eta horietatik 168 dira Zainketa Intentsiboetako Unitatean daudenak (herenegun baino bi gutxiago baina duela hamar egun baino bost gehiago). Nafarroan, aldiz, zazpi lagun ingresatu zituzten atzo eta 142 daude ospitaleetan; horietatik 24, ZIUn.