Artzain Eskolaren ikasturtea bukatzen denean hasten dira bisita gidatuak Gomiztegi baserrian. Iazko ikasturte bukaerak bat egin zuen alarma egoerarekin. Hala, bisita barik dihardute ordutik hona. Herritarrak haraino joan ezin zirenez, Gomiztegiko arduradunek erabaki zuten Interneten presente egon behar zutela. "Askotan esan izan digute bisitariek eta erosleek Interneten guri buruzko informazioa topatzea oso zaila zela. Gure webgunera heltzea oso zaila zela. Komentario horiekin eta pandemiaren etorrerarekin erabaki genuen gure webgunea berritzea", esan du Gomiztegi proiektuko kide Batis Otaegik.
Begiz erakargarria
Aspaldiko proiektua zen webgunea berritzearena. Aurrekoa 2006koa zen, eta zaharkituta zegoen. Hortaz, sareko presentzia indartu guran, Joseba Attard diseinatzaileari azaldu zizkioten euren nahiak: webgune argia, erabiltzeko erraza, begiz erakargarria dena eta baserriari buruzko informazio osoarekin. "Egia esan, oso gustura gaude emaitzarekin. Ondo ulertu zituen gure helburuak, eta argazkien bidez ondo islatu du zer den eta zer eskaintzen dugun Gomiztegin", azaldu du Otaegik. Behin Gomiztegi.eus atarian sartuta Hasiera, Gaztak, Formazioa, Artaldea, Bisitak eta Kontaktua atalak ditu, informazioa jasotzeko.
Formakuntzarekin aurrera
Egun, etenda dituzte eskolekin, erretiratuekin eta herritarrekin egiten zituzten bisita gidatuak. Gazta salmentarekin eta formakuntzarekin jarraitzen dute. Bi horietan, bete-betean eragin du pandemiak. "Ez genuen uste inoiz online eskolak emango genituenik, baina horretara ere egokitu gara. Artzain Eskolako ikasleak Gomiztegin daude, baina hainbat irakaslerekin telematikoki hartu dituzte eskolak", gogora ekarri du Otaegik. Martxoan bukatuko dute 24. ikasturtea, eta, ondo bidean, irailean hasiko dute 25.a.
Gazta salmenta
Webgune berrituak, gainera, Gomiztegiren atal nagusietako bat indartuko du: gazta salmenta. Orain arte Whatsapp bidez egiten zuten gazta salmenta, eta aurrerantzean ere bide beretik jarraituko dute. Hori bai, atari berrian, gazta bakoitzari buruzko informazioa eta prezioa sartu dituzte. Tartean, ardi latxarekin eta azal naturalarekin egindako Maisu Nikolas gazta. "Baserrian bertan gutxi saldu dugu. Hemendik kanpo ditugun salmenta puntuei esker salbatu dugu urtea. Eskerrik asko erosle guztiei", dio Otaegik.