Lautik hiruk jokatuko dute liga

Xabier Urtzelai 2021ko ots. 12a, 18:00

Mondrako jokalari Josu Arizmendiarrieta, UDAko jokalari Gillen Mar, Bergarako jokalari Andoni Najera, eta Aloña Mendiko Markel Ugarte.

Otsailaren 20an berrekingo diote Ohorezko Erregional Mailari. Bistan dago liga berezia izango dela, eta Debagoieneko lau taldeetatik hiruk erabaki dute bertan parte hartzea. GOIENA talde guztietako ordezkariekin egon da, klubeko talde nagusiaren egoera zein den jakiteko.

Otsaila da, eta Debagoieneko futbol taldeak denboraldi-aurrean murgilduta daude. Berez, iraileko lehen astean idatzi beharreko lerroak dira hauek, baina hori da pandemiak ekarritako beste ondorioetako bat. Izan ere, Gipuzkoako Futbol Federazioak proposatuta, datorren asteburuan –otsailak 20 eta 21– berrekingo diote Ohorezko Erregional Mailari. Bistan dago liga berezia izango dela, eta Debagoieneko lau taldeetatik hiruk erabaki dute bertan parte hartzea. GOIENA talde guztietako ordezkariekin egon da, klubeko talde nagusiaren egoera zein den jakiteko.

Ezkerrean goian Ander Romero, eskuman Endika Ruiz. Behean, ezkerrean Agurtzane Elkoro, eta eskuman Iosu Elorza.

Ander Romero, Mondrako kirol zuzendaria: "Jokalariak orain ilusioz daude, eta horri eustea izango da gakoa"

Mondra futbol taldean hilabete hauetan entrenatzen jardun dute, baina helburu konkretu barik, Mondrako kirol zuzendari Ander Romerok aitortu duenez. "Ez da erraza liga txapelketa noiz hasi behar den jakin barik seriotasunez entrenatzea. Helburua zen jokalariak aktibo mantentzea, baina entrenamendu saioetara etortzea aukerazkoa izan da, ez dugu inor derrigortu. Izan ere, ligak noiz hasiko diren jakin barik, ezinezkoa da planifikazioa egitea. Orain, berriz, pare bat aste izango ditugu azeleragailua apur bat sakatzeko eta hurrengo jardunaldira ahalik eta ondoen iristeko".

Gipuzkoako Federazioaren proposamena jaso zutenean, Romerok onartu du jokalarien esku utzi zutela erabakia: "Egin genuen lehenengo gauza izan zen jokalariekin berba egin, eta eurek esan dute jokatzeko gogoz daudela. Egia da urri inguruan izan genuen positibo kasutik harago ez dugula aparteko ezustekorik izan". Izan ere, pandemiagatik liga bertan behera geratu eta gutxira, talde zurimoreko bi talde nagusiek egon behar izan zuten konfinatuta: "Aste barruan elkarren artean lagunarteko bat jokatu genuen, eta aste amaieran jokalarietako batek positibo eman zuenean konfinatu gintuzten denok". Halakoak ekiditea izango da hilaren 20an hasiko duten ligan lehentasun handiena, baina ez dago ezer aurreratzerik: "Segurtasun neurri guztiak mantendu eta ondo lehiatzen ahaleginduko gara, nahiz eta txapelketa bera nahiko baldintzatuta egon daitekeen taldeen positibo kopuruagatik. Klubean bi jokalarik esan dute arrazoi pertsonalengatik ez dutela aurtengo ligan parte hartzeko asmorik, eta erabaki errespetagarria da".

Endika Ruiz, Aloña Mendiko entrenatzailea: "Jarraian izandako bi konfinamenduek eragina izan dute, seguru"

Aloña Mendik ez dio liga txapelketari berrekingo, eta martitzenean eman zioten Federazioari erabakiaren berri. Erabaki hori hartu dute jokalariek. "Azken batean, eurak dira sutan jartzen direnak, berdegunean kutsatzeko arriskua dutenak, eta eurena izan da erabakia", aitortu du taldeko entrenatzaile Endika Ruizek. "Gainera, azken hilabeteotan klubeko talde nagusiak ez dira entrenatu, eta otsailaren 20rako ezinezkoa izango litzateke gutxieneko baldintzak beteko lituzkeen denboraldi-aurrea egitea. Azken batean, gazte mailako kategorietatik beherakoak ibili dira Azkoagainen entrenatzen, baina osasun ikuspuntutik. Ulertzen dugu senior mailako jokalariak kapaz direla euren kabuz kirola egiteko, eta horien entrenamenduak bertan behera utzi genituen".

Hala, Oñatiko futbol taldeak galdutzat eman du 2020-2021 denboraldia, eta Ruizek onartu du denboraldi hasieran izan zituzten konfinamenduek eragin zuzena izan dutela jokalariek hartutako erabakian. "Hilabete eta erdian jokalariak birritan egon ziren konfinatuta, eta horrek eragina izan du erabakia hartzerakoan, seguru. Liga hasi aurretik, Antzuolaren kontra lagunartekoa jokatu genuen, eta, taldean positibo bat izan genuelako, berdegunean egon ziren hamaika jokalari konfinatuta egon ziren. Eta, liga hastearekin batera, lehen jardunaldian Elgoibarren kontra jokatu eta euretako batek positibo eman zuelako denak konfinatu gintuzten. Bitxia izan zen, Elgoibarren kontra jokatu eta bost egunera jaso genuelako arakatzailearen deia. Kontua da bi konfinamendu haiekin konturatu ginela liga oso bat jokatzeak izan zitzakeen arrisku eta ondorioak, eta horregatik erabaki dugu ez duela merezi horrela ibiltzea".

Hala, Oñatiko taldekoek ez dute uste ligan parte hartzeko jasotako gonbidapenari ezezkoa emateak ondoriorik izango duenik: "Esandako moduan, gonbidapena izan delako, parte-hartzea boluntarioa da eta azkena geratzen denak ez du kategoria galduko. Ez dugu uste ez jokatzearren ondoriorik egongo denik".

Agurtzane Elkoro, UDAko presidentea: "Gure apustua beti izan da kirola egitearen aldekoa"

"Aretxabaletan batzartu egin ginen ligari berrekitearen bueltan ze erabaki hartu ikusteko, eta jokalariei eta entrenatzaileei kontsultatu genien, azken batean, eurak direlako jokatu behar dutenak; zuzendaritzako kideok, berez, ez gara nor guk bakarrik erabaki hori hartzeko. Eta, erabakiak izan ditzakeen ondorioak onartuta, jokalariek liga jokatzearen aldeko hautua egin dute".

Hala, otsailaren 20ra begira Agurtzane Elkoro presidenteak aurreikusten du jokalariak lehiatzeko moduan egongo direla: "UDAn hasieratik egin dugu kirola egitearen aldeko apustua, eta entrenamenduei berrekiteko baimena izan genuenetik Ibarrako ateak zabalik egon dira; hori bai, segurtasun neurriak kontuan hartuta. Talde guztiak ibili dira entrenatzen, seiko taldetan, eta abar, eta esango nuke otsailaren 20an jokalariak lehian hasteko moduan egongo direla, ondo".

Iosu Elorza: "Liga honek aukera emango du harrobia kontuan izateko"

Jaurlaritzak futbol zelaietako ateak ostera ere zabaltzeko aukera eman zuenetik, Bergarako jokalariak entrenatzen ibili dira. Hori horrela, mahoneroak fisikoki prest daude datorren astean liga hasteko. "Federazioaren proposamenaren berri izan genuenean, zuzendaritzan landu genuen gaia, eta jokalariekin eta entrenatzaileekin egin genuen berba. Eta erabaki dugu baietz, txapelketari berrekiteko konpromisoa hartuko dugula", adierazi du klubeko presidente Iosu Elorzak. Jokalariak hilabete eta erdi honetan normal ibili dira lanean: "Eta bagenuen beldur hori; alegia, ligarik jokatu behar ez zutela jakinda ea jokalariek ze gogo izango zuten entrenatzen jarraitzeko. Baina oso pozik gaude erakutsi duten jarrerarekin. Are gehiago, aste barruan jenderik ez pilatzeko, entrenamendu saio batzuk asteburuetara pasa genituen, eta jendearen erantzuna oso ona izan da".

Hala, Bergara ere liga jokatuko duten taldeen artean egongo da: "Formatu erakargarria dauka, eta zorte apur batekin Hirugarren Mailara igotzeko borrokan egon daitezkeen taldeen artean egon zaitezke. Eta, kontrara, inork kategoriarik galduko ez duela jakiteak lasaitasunez jokatzeko aukera emango die. Federazioak aukera eman digu harrobitik 8-10 jokalari lehenengo taldera igotzeko, positiboak badaude taldeak jokalari barik ez geratzeko, eta horrek, hain zuzen ere, gazteen artean minutuak banatzeko aukera ematen du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak