Lydia Fernandez de Luco: "Goienagusik 188 bazkide ditu; %80, emakumezkoak"

Xabi Gorostidi 2021ko ots. 12a, 16:07

Fernandez de Luco, Monterron parkeko sarbidean.

Hamar urte bete dira Goienagusi elkartea sortu zutela, hori da bazkide aldetik une honetan duten argazkia. Bertako kideek jakin-min gosez jarraitzen dute, inoiz ez baita berandu horretarako.

Une honetan, martxan duzue bazkide berriak egiteko kanpaina, baina zenbat bazkide dituzue?

Aurten, 188 bazkide gara Goienagusin; %80 emakumezkoak eta %20 gizonezkoak. Eta partaideak bailarako herri guztietakoak dira: Arrasate, Bergara, Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz Gatzaga, Antzuola, Oñati... Ia-ia herri guztietan ditugu bazkideak. Erretiratutako lagunek osatzen duten kultur talde bat gara, non partaide guztiek interes orokor bat partekatzen dugun: gauza interesgarrien jakintzan sakontzea.

Zein baldintza bete behar dira une honetan martxan duzuen bazkide kanpainan izena emateko?

Bi baldintza bete behar dira: Debagoienean erroldatuta egotea eta 55 urtetik gorakoa izatea.

Nola doa aurtengo lehen egitaraua?

Oso ondo, egia esan. Tamalez, egitarau osoa hitzaldiz osatuta dago, testuinguru nahasi honetan ezin izan baitugu irteerarik antolatu. Jakintzan sakontzeaz gain, elkarrekin aisialdiaz gozatzea ere bada gure helburuetako bat, eta irteerak tresna paregabea dira bi helburu horiek betetzeko. Euskal Herri mailan egin izan ditugu irteerak, baina baita Debagoienetik irten gabe ere, gauza interesgarri asko baititugu etxetik urrun joan gabe.

Hitzaldiak ez diren bestelako saio batzuk ere egiten dituzue...

Hala da. Berriki, Iban del Campo zinegile arrasatearrarekin egin genuen bat. Bere pelikula bat proiektatu genuen, eta, ostean, galderaz beteriko solasaldia egin genuen zuzendariarekin. Maiatzean, adibidez, zuzeneko musika saio bat egingo digute Arrasate Musikalekoek. Bailarako beste elkarte batzuekin elkarlana egitea gustatzen zaigu, eta saio hori da horren erakusle. Bertako irakasle batzuek jazz emanaldi bat egingo dute, eta ostean, musika estilo horri buruzko xehetasunak emango dizkigute. Beste adibide bat, Bergaran: pinturako eskola magistral bat egingo digu Ricardo Azkargortak. Akuarela bat margotuko dugu zuzenean, teknika horren nondik norakoak modu praktikoan azaltzeko. Magia saio bat ere egingo dugu; arrakasta handia izan ohi du.

Urtean zehar 50 ekitalditik gora egiten dituzue. Imajinatzen dut agenda eta kontaktu zerrenda potoloa izango duzuela antolatzen aritzen zaretenok...

Egundoko lana da, dudarik gabe. Urtean zehar 55 ekitaldi inguru izaten dira: hogei, lehen hiruhilekoan; beste hogei, bigarrenean; eta hamabost, hirugarrenean. Askotarikoak dira, gainera. Aurtengo lehen hiruhilekoan, adibidez: zientzia eta teknologiari buruzko zazpi saio, osasunari buruzko lau, historiari eta arteari buruzko lau, euskara eta literaturari buruzko zortzi... Zuzendaritza batzordean sei lagun gaude, baina egitaraua lotzeko lanak, orokorrean, lehendakariaren eta lehendakariordearen artean banatzen ditugu.

Zeren arabera aukeratzen dituzue intereseko gaiak eta hizlariak?

Saio guztiak ebaluatu egiten ditugu, partaideen gustukoak izan diren edo ez jakiteko; lehen, paper bidez, eta orain, Google Drive bidez. Horrez gain, urtero errepikatzen diren klasikoak daude. Marina Lertxundi musikariak, adibidez, hamaika aldiz bisitatu gaitu. Goienagusi duela hamar urte eratu genuen, baina sortu aurreko urtean saiakera antzeko bat egin genuen, eta han ere izan zen. Jose Domingo filosofoa hamar aldiz etorri da, Urko Barros historialaria bederatzi aldiz...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak