Osasun Sailak astelehen eta eguenero egiten duen bezala, udalerri gorrien zerrenda argitaratu du gaur, eta bertan ageri dira Aramaio –astelehenetik dago–, Bergara eta Oñati. Hiru udalerri horiek dira Debagoienean 500eko intzidentzia-tasa gainditzen duten herri bakarrak; izan ere, Antzuolak herenegun 550,71eko tasa erregistratu bazuen ere, atzo 413,03ra jaitsi zen. Zerrendan agertzeak esan nahi du Osasun Sailaren aginduz hiru udalerri horietan bertan behera geratu behar dela Eskola Kirola –aurretik Udalaren erabakiz neurri hori hartu ez bada behintzat–.
Bestetik, eta intzidentzia-tasekin jarraituz, azpimarratzekoa da Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuak 500eko langa gainditu duela azken orduetan; zehazki, 529,32ko datua erregistratu du. Horrekin batera, Debagoieneko ESI osatzen duten Oinarrizko Osasun Eremuen (Arrasate, Bergara, Oñati eta Leintz bailara) egoera ere okertu egin da: denak daude eremu gorrian, Leintz Bailara izan ezik. Horrek esan nahi du Antzuolak 500etik gorako intzidentzia izan balu, herri gorrien zerrendan agertuko litzatekeela gaur.
Gainerako herrietako intzidentziei dagokienez, gora egin dute Aramaion, Arrasaten, Bergaran eta Oñatin, berdin mantendu da Aretxabaletan, eta behera egin dute, esan bezala, Antzuolan, Eskoriatzan eta Elgetan. Gainera, Elgetan, azken bi asteetan kasu berririk erregistratu ez denez, 0,00koa da hamalau egunetako intzidentzia-tasa metatua.
Datu guztiak, mapan:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Herri bakoitzeko positibo metatuen errepasoa eginez gero, azken egunetan Osasun Sailak datuak doitu dituela adierazi behar da. Gauzak horrela, Jaurlaritzak emandako azken datuak kontuan izanda, 2.296 arrasatear, 1.184 bergarar, 710 oñatiar, 510 aretxabaletar, 266 eskoriatzar, 162 antzuolar, 133 aramaioar, 51 elgetar eta zortzi gatzagar kutsatu dira atzora arte.
Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.
Positibotasuna %5etik behera
Hego Euskal Herrian atzo egindako 16.689 PCR eta antigeno proben %4,9k eman zuen emaitza positiboa EAEn eta %3,4k Nafarroan; beste modu batera esanda 781 positibo atzeman zituzten: 386 Bizkaian, 187 Gipuzkoan, 100 Araban, 97 Nafarroan eta hamaika bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Bestalde, EAEko oinarrizko birsorkuntza tasak behera egiten jarraitzen du; 0,85ekoa izan zen herenegun eta 0,83koa atzo.
Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleei erreparatuta, beste egun batez behera egin du ospitaleratuta daudenen kopuruak (35 gutxiago dira), baina ZIUn daudenak bi gehiago dira. Guztira 679 lagun daude EAEko erietxeetan –horietatik 167 ZIUn– eta atzo ingresatutakoak 70 izan ziren. Nafarroan bestalde, bederatzi lagun ospitaleratu ostea, guztira 159 daude –25 ZIUn–.