Eskubidea, iraganean ez bezala, bermatuta dago gaur egun: generoak ez du zientziaren adarrak ikastea oztopatzen. 18 urteko emakume batek, teorian, askatasun osoa dauka zientzialari izan nahi badu horren aldeko hautua egiteko. Datuek, baina, errealitate gordinagoa erakusten dute: ZTIM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Matematika) alorreko unibertsitateko graduak ikasten dituzten lau pertsonatik bakarra baino ez da emakumezkoa. Donostiako Materialen Fisika Zentroan komunikazio arduraduna den Idoia Mujikak eman du datua, eta urrunago joan da: "Ikasketetan aurrera egin ahala, emakumeen kopurua jaitsi egiten da; doktoretzetan, esaterako".
Baina oinarrizko ZTIM ikasketa horien barruan ere nabari dira gradu batetik besterako genero desberdintasunak. Gehienbat, arlo teknikoa lantzen diren adarretan; ingeniaritzetan, adibidez: Eustat-en arabera, %75etik %95era bitartean gailentzen da gizonezko ikasleen presentzia. Kontrara, medikuntzan, biologian eta erizaintzan nabarmenagoa da emakumeen presentzia, hamar ikasletatik zazpi dira-eta, gutxienez, emakumezkoak. Azken karrera horietako datuak salbuespen gisa interpretatu behar dira, ordea.
Lanbide Heziketako erdi mailako eta goi mailako zikloetan ere antzeko datuak errepikatzen dira. Gauzak horrela, kimika ikasten dutenen genero kuota nahiko orekatua bada ere, elektrizitatea, elektronika eta informatikaren alorreko hogei ikasletatik bakarra izango litzateke emakumezkoa, batez beste.
"Liderrak" eta "agintzaileak"
Adituek emakumeengan gaztetatik gai zientifikoekiko interesa sustatzea garrantzitsutzat jotzen dute arrakala horiek amaitu eta kopuru aldetik ikasketetan kuota berdintsuak erdiesteko. Hori horrela, txikitatik barneratzen diren estereotipoak ditu jomugan Mujikak: "Neska askok, inkontzienteki, 6 urterekin erabakitzen dute ez direla zientzialari izango, gizarteak berak bultzatzen dituelako hori pentsatzera". Okerreko ideia sustatzen omen da oraindik, "idealizazioan" oinarritutakoa: "Zientzialariak pertsona apartak, inplikatuak, une oro lanerako prest dauden Einstein-ak direla saltzen du gizarteak, eta hori oso kaltegarria da umeentzat".
Gizartea "aurrera doa"
Hala ere, uste du azken hilabeteetan "aurrerapauso positiboak" eman direla zientziaren munduan berdintasuna lortzeko bidean: "2020ko Nobel sarietan hiru emakume zientzialari saritu zituen epaimahaiak; emakumeok zientzian gure tokia egiten ari garela erakusten du horrek". Aitatasun baja amatasun bajarekin berdindu izana ere goraipatu du Mujikak, "gizarteak lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko bereizketa barneratu eta gizonek beste profesional klase bat izan nahi duten seinale".
EMEZTIM proiektua
Arteman komunikazio agentziak zientzia gazteengana hurbiltzeko xedez sortu du, ISEA enpresarekin batera, EMEZTIM aplikazioa. Chatbot lengoaian oinarritutako heziketa modu berritzailea planteatzen duen ariketa da EMEZTIM, Kurtzebarri eta Arizmendi ikastoletako neska-mutilekin praktikan jarri dutena: "Generoak zientzian izan duen bilakaerari buruzko informazioa ematen diegu 10 eta 13 urte arteko ikasleei, kontzientziari eragin diezaioten", azaldu du Arantzazu Lagunillak, Artemaneko zuzendariak, eta ondokoa gaineratu: "Gipuzkoako emakume zientzialariekin harremanetan jartzen ditugu ondoren, norberaren lan esparrua bertatik bertara ezagutzeko. Formakuntzaren amaieran, ikasleak hasiera batean zeuzkaten aurreiritziak identifikatzeko gai direla frogatzen dugu, baita zientzia uste zutena baino zabalagoa eta erakargarriagoa izan daitekeela ere".
Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso du. Horren harira, Aldundiarentzat ZTIM adarrak sustatzea estrategikoa" dela aipatu du Lagunillak:"Pixkanaka genero arrakala murrizteko konpromisoa erakusten dute". Kooperatibek ere horren alde lan egiten dutela nabarmendu du.
Gaurko eguna, ekimenez betea
Ospatzeko baino gehiago, gazteengan kontzientziazioa sortzeko baliatuko dute eragileek Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna. Arrasateko Garaia Teknologia Parkeak eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoak gaurko antolatu dituzte DBHko, batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei begirako hiru ekimen: hitzaldi birtuala, argazki eslogan lehiaketa eta kafe tertulia.
Lehen ekimen horretako hizlarietako bat izango da Irune Agirre, Ikerlaneko ingeniaria. Egun hori heltzeko "gogotsu" dagoela aipatu du Agirrek, ikasleek galderak egiteko aukera ona izango dutelakoan: "Nerabe nintzenean ez nekien ezta zer zen ingeniari izatea; horrelako jardunaldiak ongietorriak dira, beraz", aipatu du.
Emakume zientzialariei ikusgarritasuna emateko ekintzak ez dira gaur amaituko, ordea, urte osoan egiten duten esfortzua praktikan jarriko baitute otsailaren 28ra bitartean emakumeakzientzian.eus webgunearen kudeatzaileek. Zientzia eta generoa lantzen duten hamaika erakundek osatzen dute proiektua; Elhuyar fundazioak, adibidez. Guztira, hamazazpi ekitalditik gora daude antolatuta, eta, beste urteetan ez bezala, aurten formatu berezia izango du, pandemiak eraginda.
"Arazoak ekiditea da gure lana"
EGUSKIÑE DEL VALLE INDUSTRIA INGENIARITZAKO IKASLEA
Industria Diseinu eta Produktu Garapenerako Ingeniaritza graduko laugarren mailan dihardu bilbotarrak, Mondragon Unibertsitatean.
"Kristalezko sabaia edonon ikus daiteke"
"Ikerlariok une oro daukagu lana buruan""
IRUNE AGIRRE IKERLAN ENPRESAKO IKERTZAILEA