25 positibo bailaran; horietatik hamabi, Oñatin

Uxue Igarza Loiola 2021ko ots. 10a, 12:55

Azken astean COVID-19aren ondorioz hildakoen berri eman du Osasun Sailak, eta 99 lagun zendu dira erkidegoan. Bailarara etorrita, bi lagun hil dira; biak bergararrak.

Atzo egindako proba diagnostikoek 25 kasu berri baieztatu zituzten Debagoienean: hamabi Oñatin, sei Arrasaten, hiru Bergaran, bi Eskoriatzan eta bana Aramaion eta Antzuolan. Azken egunetako datuak ikusita, Aramaiok beheranzko joera hartu du, baina orain Oñati da kasu gehien batzen ari den herria. Guztira, 5.286 dira orain arte eskualdean gaitza hartu dutenak.

Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.

Intzidentzia-tasek gora egiten jarraitzen duten bitartean, salbuespena izaten jarraitzen du Arrasatek, eta Aretxabaletako zenbatekoak ere behera egin du oraingoan. Bestetik, azken egunetan bezala, Elgetan eta Leintz Gatzagan ez da aldaketarik izan, eta oraingoan, Antzuolan ere ez. Dena den, tasei erreparatuta, Oñatiko bilakaerak ematen du arreta: ia 100 puntu igo da intzidentzia egun bakarrean (540,63tik 636,55era).

Herri guztietako tasak, beheko mapan:

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Bi heriotza, Bergaran

Otsailaren 1etik 7ra bitartean metatutako datuak aztertu ondoren, COVID dela-eta, EAEn, 99 hildako egon direla adierazi du Osasun Sailak. Eguaztenero bezala, asteko buletina argitaratu du Jaurlaritzak, eta bertan jakinarazten denez, heriotza bi Bergaran erregistratu dira. Hala, pandemia hasi zenetik hona, 36 pertsona zendu dira Bergaran.

Bailarako gainerako herriei dagokienez, azken datuen arabera, guztira 71 arrasatear, hamasei aretxabaletar, hamahiru oñatiar, sei eskoriatzar, antzuolar bat, aramaioar bat eta elgetar bat hil dira. Horrenbestez, Debagoiena osoan, 145 pertsona. Hego Euskal Herriari erreparatuta, aldiz, 4.646 dira martxotik hona hildakoak.

837 positibo, Hego Euskal Herrian

Atzoko egunez 16.479 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian eta %5,6k eman zuen emaitza positiboa erkidegoan eta %2,9k Nafarroan; 837 positibo hauteman ziren, alegia. Lurraldeka, 406 izan ziren Bizkaiko kasuak, 208 Gipuzkoakoak, 121 Arabakoak, 89 Nafarroakoak eta hamahiru bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandakoak. Bestetik, azpimarratzekoa da oinarrizko birsorkuntza tasak behera egiten jarraitzen duela EAEn eta azken datua 0,85ekoa izan dela.

Erkidegoko ospitaleetan, ingresatuta daudenen zenbatekoak behera egin du, baina atzo ospitaleratutakoak 99 izan ziren –azken bi asteetako zenbateko handiena da– eta ZIUn daudenak ere gehiago dira. Gauzak horrela, 547 lagun daude erkidegoko ospitaleetan (herenegun baino hamabost gutxiago) baina 165 daude Zainketa Intentsiboetako Unitatean (aurreko egunean baino zortzi gehiago). Nafarroan, berriz, sei lagun ingresatu zituzten eta guztira 162 daude ospitaletan; 28, ZIUn.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak