Lehen lerrokoak ez diren eta zentro eta establezimendu sanitario eta soziosanitarioetan lan egiten duten langileek hartuko dute AstraZenecaren txertoa lehenengo. Hau da, hirugarren taldearen barruan, azpitalde bat osatu dute, eta bertan honako profesionalak daude, besteak beste: fisioterapeutak, terapeuta okupazionalak, farmazia-bulegoetako langileak, lege-medikuntzako langileak, etxez etxeko laguntza-zerbitzuak, adingabeen zentro eta eguneko zentroetako langileak eta espetxeetako langileak.
Bestetik, txertaketa kanpainako 6. taldea zein izango den ere zehaztu dute. Alde batetik, haur-hezkuntzako irakasleak eta langileak, hezkuntza-premia bereziak dituzten haurren irakasleak eta lehen eta bigarren hezkuntzako irakasleak egongo dira, eta bestetik, larrialdietako langileak (suhiltzaileak eta beste batzuk), Polizia Nazionala, Guardia Zibila, Polizia Autonomikoa, Udaltzaingoa eta Indar Armatuak.
Txertoak, astebururako
Europar Batasunean onartu den hirugarren txertoa asteburuan iritsiko da Espainiar Estatura, baina dagoeneko Ipar Euskal Herrian abiatu da txertaketa: 1.600 dosi jaso ditu Ipar Euskal Herriko ospitaleak, 65 urtetik beherako osasun langileak txertatzeko. Hego Euskal Herrian, ordea, 18 eta 55 urte arteko pertsonei jarriko zaizkie dosiak.
Orain arte egindako ikerketen arabera, ChAdOx1/ AZD1222 izena duen txerto honek %60ko eraginkortasuna du eta ez du izozterik behar gordeta egoteko. Bestetik, hartzaileek bi dosi hartu beharko dituzte.