Bergara eta Oñati eremu gorrian sartu dira

Uxue Igarza Loiola 2021ko ots. 9a, 12:55

Atzo egindako probek 27 positibo berri baieztatu dituzte Debagoienean: hamar Bergaran, bederatzi Oñatin, hiru Aramaion, bina Aretxabaletan eta Eskoriatzan eta bakarra Arrasaten. Hala, 5.261 dira bailaran gaitza hartu dutenak martxotik hona.

Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.

Erregistratutako kasu berriek bailarako mapa gorritu dute. Bergarak eta Oñatik 500eko langa gainditu dute (505,45 eta 540,63ko intzidentzia-tasekin) eta 5.000 biztanletik gorakoak direnez, herri gorri gisa hartzen ditu Osasun Sailaren buletinak. Dena den, ez da neurrietan aldaketarik izango egueneko zerrenda argitaratu arte –betiere eguenean 500etik gorako intzidentziarekin jarraitzen badute–; hots, ostalaritzako jarduera eta eskola kirola ez dira etengo.

Gainerako herriei dagokienez, intzidentziek gora egin dute gehienetan, baina Arrasate izan da salbuespena (apur bat behera egin baitu) eta Elgetan eta Leintz Gatzagan ez da aldaketarik izan.

Mapa honetan daude datu eguneratu guztiak:

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

862 kasu, Hego Euskal Herrian

Atzo 15.203 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian eta %5,9k eman zuen emaitza positiboa erkidegoan eta %4,8k Nafarroan; hain zuzen ere, 862 positibo baieztatu zituzten. Lurraldeka, 399 atzeman zituzten Bizkaian, 216 Gipuzkoan, 139 Nafarroan, 99 Araban eta bederatzi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Bestetik, nabarmentzekoa da EAEko oinarrizko birsorkuntza datua 1etik behera mantentzen dela: 0,87koa da azken bi egunetan.

Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleei erreparatuta 93 lagun ospitaleratu zituzten atzo –herenegun baino 51 gehiago–, eta guztira 727 daude erkidegoko erietxeetan (aurreko egunean baino hamar gutxiago eta duela astebete baino hamahiru gutxiago). Hilabeteko datuak aztertuta, ospitaleetako presioak arintzera egin duela eman dezake, baina erritmoa motela da eta joera ez da sendo mantentzen.  Bestalde, ZIUei dagokienez, azken datuen arabera 157 pertsona daude unitateetan (aurreko egunean baino zazpi gutxiago baina duela astebete baino hiru gehiago). Nafarroan, bestetik, hamalau pertsona ingresatu zituzten atzo eta guztira 179 daude ospitaleetan; horietatik 28, ZIUn.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak