Txertaketari lotutako telefono bidezko iruzurrak atzeman ditu Ertzaintzak

Uxue Igarza Loiola 2021ko ots. 4a, 15:21

Ertzaintzak jakinarazi du COVID-19aren kontrako txertoak etxeetan jartzeko deiak jaso dituztela hainbat adinekok. Ohartarazi dute iruzurra dela eta halakorik jasoz gero, Ertzaintzari deitzeko.

Adinekoen etxeetara deitu eta haiekin hitzorduak egiten saiatu dira iruzurtiak. Bi kasutan, txertoa etxean jarriko dietela esan diete eta txertaketa kanpainaren barruan kokatzen dela jarduera. Ondoren, hainbat galdera egiten dizkiete, adibidez, ea bakarrik bizi diren edo ea zein den haien egoera fisikoa.

Ertzaintzak ondorioztatu du deiek lotura izan dezaketela adineko pertsonei egiten zaizkien iruzurrekin: "Pertsona horien inguruko datuak jasotzea da modus operandia, ondoren salmenta oldarkorrak egiteko; hau da, babesik gabeko pertsonek nahi eta behar ez dituzten produktuengatik diru-kopuru handiak ordaintzeko".

Txertaketarik ez, etxeetan

Ez dago etxez etxeko txerto-kanpainarik. 2020ko abenduaren 27an hasi zen COVID-19ren aurkako txerto-kanpaina, eta eta bigarren fasean dago orain: eremu sanitarioko eta soziosanitarioko langileak txertatzen ari dira.

Hortaz, Ertzaintzak gomendio zerrenda bat argitaratu du –batez ere adinekoei zuzenduta–, halako egoeren aurrean zer egin jakiteko:

  • Adinekoei txertoa jartzeko kanpaina instituzionalak ohiko bitartekoen bidez iragarriko dira (prentsa, irratia, kartelak kalean eta osasun-zentroaren bidez).
  • Horrelako deien aurrean, Ertzaintzari edo tokiko poliziei jakinarazi. Bestela, 112ra deitu.
  • Informazioa telefono edo web orri ofizialekin kontrastatu.
  • Datu pertsonalik ez eman.
  • Telefonoz deitzen duten ezezagunekin hitzordurik ez egin.
  • Informazioa eskatuz deitzen duten ezezagunei, ez erantzun.
  • Ez utzi ezezagunei etxean sartzen, ez ireki atezain automatikoa, ezta ezta etxeko atea ere. Jarri behatxulo bat ez baduzu.
  • Norbait konponketa bat egitera badator, egiaztatu enpresaren egiaztagiria, eta hobe senide edo bizilagun batekin bazaude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak